Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Martxoa »  Iritzia »  Batekin nahikoa ez?

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Batekin nahikoa ez?

Olatz Prat

Inoiz imajinatu al duzu zure bizitza zerotik hastea zer litzatekeen? Inork ezagutzen ez zaituen mundu berri bat, benetan izan nahi zenukeen itxura izatea, inork iraganean egin dituzunaz ez jakitea, nahi zenukeen izena edukitzea... Bizi duzun bizitzan aurrera eraman ezin dituzun proiektuak aurrera eramatea, Eiffel dorrea eraiki-tzea, eguzkia nahi duzunean itzali edo piztu ahal izatea, bola urdin bati sakatu eta Fama-koek baino hobeto dantza egitea... Azken batean, bigarren bizitza bat izatea gustatuko al litzaizuke? Bada, utzi amets egiteari, orain posible da-eta. Jaun andreok, ongi etorri Second Life-era!

Second Life —‘SL’, aurrerantzean— hiru dimen-tsioko mundu birtual bat da, eta bertako bizilagunek, gauza askoren artean, elkarrekin komunikatu, bidaiatu edo proiektuak sor ditzakete. Errealitatearen eta ezagutzen dugun Internetaren tartean dagoen espazioa da.

bigarren bizitza. Jakingurak bultzatuta, fenomeno horri buruz irakurtzen hasi naiz eta iritzi desberdinak irakurri ditut; txarrak batzuk, okerragoak besteak. Azkenean, pentsatu dut zerbaitez hitz egiteko hitz egin behar duzunaz jakitea dela hoberena, eta horrela ekin diot nire ‘bigarren bizi-tzari’. Izena aukeratu dut, azal kolorea, ile kolorea, arropak, jaioterria, adina, lanbidea… Guztia neure gustura jarri eta SL-ko itsasoan murgildu naiz.

Kostatu zait nire burua kokatzea. Erabat toki ezezaguna. Arimarik ez inguruan. Isiltasuna. Halako batean, argi moredun zurrunbilo batetik atera da mundu honetako nire lehen laguna bihurtu dena. Laris du izena, alemaniarra, 25 urteko neska bat da, administraria da bere bizitza errealean. Bakarrik bizi da eta ez du bikoterik. SL-n nire moduko etorri berrien laguntzailea da eta bizitza errealean inoiz ikusi ez duen tipo batekin ezkonduta dago. Bizitza honetan kazetari naizenez, herri aldizkari baterako artikulu bat idazten nabilela esan diot eta ea inporta zaion galderatxo batzuk egitea.

Urduri nago. Arraroa da hau. Hark esan didanez, SL beretzat eguneroko opor dosia da. Lanean egun txarra izan badu, hemen pare bat orduz arazoez ahazten da eta horrek laguntzen omen dio. Bidaiatzea gustatzen zaiola esan dit, SL-n bidaia-tzea. Izugarrizko lekuak ezagutu omen ditu hemen dagoenetik. Leku horietakoren batera eramateko eskatu diot eta Versallesko jauregira eraman nau —teletransportatuta—. Hau izugarria da. Frantziako Karlos erregearen alaba bera etorri da ongietorria egitera, garaiko soinekoz jantzita. Versallesko palazioa eta bere garaian han egiten zen bizimodua aztertu eta irudikatuko duen lantalde bat osatzen dihardute.

jokoa ote? Jauregia eraikitzen ari dira oraindik, eta laster dantzaldiak, antzerkiak, kontzertuak eta abar eskainiko dituzte. Printzesatxoak esan digunez, hori beretzat serioa da, bere bizitzako proiektua da. Ez dela joko bat eta SL-ko marrazki bakoitzaren atzean benetako pertsona bat dagoela esan dit, bakoitza bere arima eta bihotzarekin. Bizitza errealean ezinezkoa du Versallesko jauregian kontzertu eta emanaldiak egitea. Hemen, berriz, posible du. “Jendeak garai hartako errege eta ingurukoen bizitza nolakoa zen ikusi ahalko du, eta palazioko ekintzetan parte hartu”. Harrigarriena zera da, ordea: irudikatutako jauregi horretako harri bakoitza benetako diruz ordaindu dutela; linden dollarretan, hain zuzen.

SL-n zure enpresa jar dezakezu. Lursaila erosi —1.024 metro kuadro eta 4.046 metro kuadro tarteko lursail bat eskura dezakezu 1.500 edo 5.000 eurogatik—, eraikina egin eta dekoratu egin behar da, eta hilean 70 eta 220 euro bitarteko mantenimendu tasa ordaindu beharko duzu. Hori bai, mundu guztira zabal ditzakezu zure zerbitzu edo produktuak. SL-n publizitatea egin dezakezu, eta edozein kanpaina erreal eta fisiko baino merkeago aterako zaizu.

‘amerikanada’- Une batez neure burua 03:00ak aldera emititzen dituzten iragarki eterno horietan agertzen diren rubia de bote moduan ikusi dut. “Second Life da zure soluzioa!”, irribarre zuri —bi zentzutan— horrekin. Amerikanada tipikoa. ‘Bigarren bizitzaren’ asunto hau ere horixe irudi-tzen zait, amerikanada. Lehendik nahiko zoratua ez dagoen mundu hau zoratzen jarraitzeko beste modu bat besterik ez.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak