|
|
|
ueuskara
Azpeitiko euskera
Maider Zendoia
Ikasle talde batek otsailean egitasmoa abiatuko du euskararen erabilera herrian “naturala” dela adierazteko
|
|
%100 natual egitasmoan parte hartu duten hezitzaile eta Ikasberri Azpeitiko Ikastolako ikasleak, Zapo Txoko aurrean.
|
|
|
|
Egitasmoaren logoa.
|
|
Azpeitian euskaraz naturaltasunez hitz egiten al dugu? Galderari baiezko erantzuna eman dio Azpeitiko ikasle talde batek. Hain zuzen, Ikasberri Azpeitiko Ikastolako hamar ikaslek %100 natual egitasmoa jarriko dute abian otsailaren 11tik 17ra herrian. Ekimenaren bitartez, Azpeitian euskaraz naturaltasunez hitz egiten dela eman nahi dute aditzera.
Urtxintxa aisialdi taldeari euskararen erabileraren inguruko egitasmoa jorratzea gazteekin otu zitzaion joan den urtean.
Azpeitiko Euskara Patronatuarekin eta Harman komunikazio eta marketing enpresarekin jarri ziren harremanetan, biok baiezkoa eman zuten eta proiektua herriko ikastetxeetan aurkeztea erabaki zuten. Azkenean, Ikasberriko ikasle talde bat animatu zen proiektuan parte hartzera.
Ikasberriko DBH 3ko ikasleak azaroaren bukaeran hasi ziren biltzen Zapo Txokon, euskararen erabilerak herrian duen egoera aztertzeko. Gaiaren inguruan solasean aritu ondoren, Azpeitian euskaraz “naturaltasunez” hitz egiten dela ondorioztatu zuten. Beraz, herritarrak “zoriondu” eta gaiaren inguruko ekintzak antolatzea erabaki zuten.
Azpeitiarra
Azpeitian hitz egiten den euskara aztertzen ibili den ikasleetakoa da Itziar Ieregi. “Euskaraz hitz egitea modu naturalean ateratzen zaigula azpeitiarroi konturatu ginen; hau da, euskaraz hitz egitea ez dela proposatu beharreko kontua Azpeitian”. Horrela, egitasmoaren leloa bururatu zitzaion Ihintza Elustondo ikaskideari: “‘%100 natual’ esaldia bururatu zitzaidan, inork esan gabe hitz egiten dugulako euskaraz, natural irteten digulako”. Euskararen erabilera nolakoa den herrian izan dute aztergai. “Herritarrek euskaraz zein eremutan hitz egiten duten aztertu dugu. Ohartu gara, batik bat, lagunartean egiten dela euskaraz”, dio Edurne Agirrek.
Egitasmoaren leloa erabaki ondoren, logoa aukeratu zuten taldekideek. “Naturaltasun hori yoghurt pote naturalarekin irudikatzea erabaki genuen. Izan ere, bai euskara eta bai yoghurta egunero erabiltzen ditugun osagaiak dira”, dio Irati Arangurenek. Ainhoa Bereziartua ere iritzi berekoa da: “Bi gauzok denontzat dira gomendagarriak: zaharrentzat, gazteentzat...”. Haren ustez, “Azpeitia euskaraz bizi den herria da, familian, lagunartean, eskolan eta lanean euskaraz aritzen garelako”. Ildo horretan, Azpeitiko egoera “eredugarria” dela uste du Ieregik. “Hamar mila biztanle baino gehiago dituzten herrietan gutxi egiten da euskaraz; hortaz,
Azpeitian euskaraz hitz egitea pozgarria dela iruditzen zaigu”. Dena dela, hobetu beharreko zenbait alderdi ere aztertu dituzte ikasleek. Nagore Arzallusen ustez, “hika gehiago egin beharko litzateke. Mutilek euren artean hika egiteko ohitura badute, eta neskek gehiago hitz egin beharko genuke hala”.
Aste berezia
Otsailaren 11tik 17rako astean ekitaldi ugari antolatu dute herrian. “Euskaraz naturaltasunez egiten dugunez, azpeitiarrak zoriontzeko antolatu dugu aste berezi hori”, aipatu du Aiora Olaizolak. Astean zehar, bi motako kartelak itsatsiko dituzte kalean. Alde batetik, egitasmoaren berri ematen duten kartelak (leloa eta logoa zehaztuta). Bestetik, kale-izendegia azpeitiartzen duten idazkiak eskegiko dituzte. Horrela, paisaia linguistikoa aldatuta azalduko da astebetez herrian: ‘liburutegia-liburuteye’, ‘igerilekua-pistinie’, ‘Erdi kalea-Erdi kalie’, ‘hilerria-hilerriye’, ‘anbulatorioa-anbulatoyue’... Azpeitiar hizkera ez dagoenez araututa, denen artean adostu behar izan dute karteletako edukia.
Otsailaren 15ean ekitaldi berezia egingo dute udaletxean: inguruko zenbait pertsonaia ezagun sarituko dituzte euskaraz naturaltasunez aritzeagatik. Hala nola: Mikel Labaka futbolaria, Mikel Aranburu futbolaria, Jokin Uranga bertsolaria, Kontxu Odriozola aktorea, Nagore Aranburu aktorea, Iban Garate aktorea, Alaitz Olaizola antzezle eta idazlea, Gurutze Eizmendi antzezlea, Iñigo Aranbarri idazlea eta Iñaki Alberdi auto gidaria. Otsailaren 16tik 17rako asteburuan yoghurt pote erraldoia jarriko dute plazan. Ekintzak egingo dituzte barruan: jolasak, tailerrak... “Egitasmoak irauten duen astean ekimeneko logoa itsatsita duten elastikoak emango ditugu soinean”, dio Berezi Amubietak. Otsailaren 16an bertso afaria ere izango da.
Egoera ona
Euskarak Azpeitian bizi duen egoera “ona” dela-eta, bideo bat grabatuko dute herritarrak zoriontzeko. “Azpeitiarrak zoriondu nahi ditugu, euskaraz naturaltasunez hitz egiten dutelako. Jendearen erreakzioa jaso nahi dugu bideoan eta, ondoren, Interneten eskegiko dugu grabatutakoa, jendeak ikus dezan”, esan du Sara Amenabarrek. Naroa Sorazuk uste du merezi izan duela egindako lanak: “Aurrera ateraz gero, lan polita dela esan didate familian eta eskolan”.
Beraz, herritar guztiak gonbidatzen dituzte otsailaren 11tik 17ra bitartean antolatutako ekitaldietan parte hartzera.
Egitasmoa
Ikasberri Azpeitiko Ikastolako hamar ikaslek ‘%100 natual’ jarriko dute abian otsailaren 11tik 17ra
|