Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  500 urte eta gero

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

500 urte eta gero

Arantxa Aldalur

Badiolegi baserriak 500 urte daramatza Izarraitz auzoan, baina laster bota egingo dute, Corrugados enpresaren pabilioi berria bertan eraikitzeko

1529-ko aipamena
1529-ko aipamena.  Badiolegi baserria -argazkian- noiztik dagoen ez dago data zehatzik, baina 1529. urteko aipamenik bada, behintzat. 500 urteko historia badu, beraz, baserriak. 
Abelina Zubizarreta eta Jose Mari Agirre baserriko ugazabak, ezkontza egunean. 
Abelina Zubizarreta ama eta Sabina Agirre alaba, Badiolegi baserri atarian. 
Jose Mari Agirre (eskuinean) eta haren emaztea (ezkerrean), Leire Agirre alabarekin (erdian), baserriko ukuiluan. 
Jose Mari Agirre zenak -baserriko ugazaba- ganadu lehiaketa askotan parte hartu zuen. 
Estudioan ateratako familia argazkia. 

Badiolegi historiaz betetako baserria da. Izarraitz auzoan kokatuta dago eta ez da baserriaren sortze datarik ezagutzen, baina orain dela 500 urte ere hantxe zegoela baieztatzen duten agiriak badira. Itxura denez, aurrez ‘Badiolaegia’ izenarekin ezagutzen zen baserria. Gaur egun, eraikina berrituta dago, baina orduko horma batek baserriaren alde batean dirau zutik. Laster Corrugados enpresak pabilioi berria zabalduko du inguru hartan, eta horrenbeste pasadizo eta oroitzapen gordetzen dituzten hormak hondeatzeko makinek botako dituzte.

Memoria pixka bat astinduta, hainbat oroitzapen eta pasadizo etortzen zaizkio burura Badiolegiko bizilagun Abelina Zubizarretari. “1940an ezkondu nintzenean etorri nintzen Badiolegira bizitzera. Nire senarra zena, Jose Mari Agirre, baserri horretan jaioa zen”. Bost alaba eta seme bat izan zituzten: Maria Pilar, Maria Dolores, Sabina, Maria Jesus, Maria Rosa eta Jose Mari. Azken hori bere familiarekin eta Abelina Zubizarreta bizi dira gaur baserrian.

Badiolegitarren ibilbidean berebiziko garrantzia izan dute baserriko egitekoek. Jose Mari Agirre aita ganadu zalea zen eta beti ibili ohi zen ferietan. “Makina bat sari irabazi zuen ganaduekin”, gogoratzen du Abelina Zubizarretak. Etxean bost alaba izanda, semeari egokitu zitzaion gehienetan aitari laguntzea feria eta lehiaketetara. “Oinez joaten ziren aita-semeak inguruko herrietara behi parea hartuta”, dio Abelinak. Jose Mari semeak ere ez du ahazten aita zenarekin nola aurkezten zen ganadu lehiaketetara. “Inguruan ziren herri guztietara joaten ginen biok. Orduan, mendiz ibiltzen ginen batetik bestera”. Izan ere, aitak ganadu lehiaketekiko izugarrizko afizioa zuela-eta baserrian “elkarri lagundu beharra” zegoen. Jose Mari semeak uste du bakoitzak bere egitekoa zuela baserrian: “Arrebek baratzean eta etxeko lanetan jarduten zuten gehiago; ni osabarekin eta aitarekin ganadua gobernatzen ibiltzen nintzen”.

Baserriko lanak egiteaz gain, ikasteko denbora ere hartu zuten Badiolegiko seme-alabek. Lasaoko eskolan ikasi zuten, historia bitxia daukan ikastetxean. “San Millango markesak utzi zuen eskola hura auzotarrentzat. Inguruotako baserri eta lurren jabea zen”, dio Abelina Zubizarretak. “Zazpi neskamerekin bizi omen zen. Ez zuen seme-alabarik izan eta hil zenean ondasun guztiak bere ahizpa mojari utzi zizkion, Lasao inguruko umeei eskola doan emateko baldintzarekin”. Religiosas de Santa Ana konpainiakoak ziren eskolan irakasten zuten mojak. Auzoko ume gehienak pasatu ziren handik; neskak hamahiru urtera arte joaten ziren eta mutilak, berriz, zortzi urtera arte. Auzotarrek oraindik gogoan dituzte markesari buruzko pasadizoak. San Millango markesa 58 urterekin hil zen, eta Lasaon dago lurperatuta.

Azokan 83 urtean

Abelina Zubizarretaren bizimoduak azokaren inguruan egin du bira. Gaur egun, azokan barazkiak saltzen dituen baserritar bakarretakoa da. Erraz esaten da, baina 83 urte daramatza azokara jaisten baserriko produktuak saltzera. Urteetan egunero jaitsi izan den arren, orain astean bi edo hiru alditan joaten da. “Baserriko lanetik bizi izan gara betitik; baratzean lan asko egindakoak gara”. Hark uste du ahaleginak merezi izan duela. “Asko gustatzen zait baratzeko lana. Era berean, azokan jendearekin sortzen den hartu-emana ere izugarri gustukoa dut”.

Bizimodua aldatu den heinean, azokako hitzorduaren ingurukoak ere asko aldatu direla iritzi dio Abelina Zubizarretak. “Lehen, zaldiek tira egindako karroan jaisten ginen Azpeitiko azokara. Gero, 60 urte nituela, gida-baimena atera eta autoz hasi nintzen joaten”. Badiolegitarrek denetik saldu izan dute plazan: esnea, bainak, patatak... Baratzean landatutako produktu asko eraman izan dute azokara saltzera. Garai hartan, gaur baino gehiago saltzen zutela uste du. “Orain izugarri jaitsi dira salmentak; garai batean inguruko hoteletakoek ere hantxe erosten zituzten beharrezko barazkiak”.

Badiolegitarren baratza oparoa izan bada, ez da nola-nahikoa izan haien ukuilua. “Abere asko izan ditugu baserrian: kapoiak, arkumeak, ardiak, txerriak, oilarrak, oilaskoak...”. Denetik izan dute; ondorioz, sendiko denei tokatu zaie bertan lana egitea. “Hala ere, esan beharra dago garai gogorrak bizi izan arren, ez genuela inoiz goserik pasatu; beti izaten genuen ahora eramateko zerbait”, dio baserriko amak. Garai hartan, baserrian bertan ekoitzitako produktuekin estaltzen zituzten egunerokotasuneko beharrak. Ogia, gazta, lixiba eta xaboia, esaterako, baserrian egiten zituzten senitartekoek. “Orain dendetan erosten den guztia lehen etxean egiten genuen; pentsa, sagardoa egiteko tolarea ere bagenuen”, dio Sabina Agirre baserriko alabak. Ildo horretan, teknologiak eskainitako aurrerapenak etxean gustura hartu zituztela dio. “Etxean genituen aurrerapen bakarrak josteko makina eta Otsein markako garbigailua ziren...”. Ur korronterik ez zuten, ordea, eta baserri azpian zuten kanaletik ekartzen zuten ura arropak garbitzeko.

Auzolana

Jose Mari Agirre Badiolegiko semea gaur egun baserrian bertan bizi da, bere familiarekin. Lanbidez igeltseroa izan da urte askoan, baina behin ere ez dio utzi baserrian lana egiteari. Lehengo bizimodua eta egungoa “zeharo desberdinak” direla pentsatzen du. “Baserri mundua asko aldatu da eta orain oso zaila da baserriko lanetik bizitzea. Gehienok etxetik kanpo egin behar dugu lana”. Gaztea zela lan asko egitea tokatu zitzaion baserrian. “Dagoeneko ez da auzolanik egiten baserrietan, baina gu gazteak ginenean inguruko baserritarrak biltzen ginen elkarri laguntzeko. Ondoren, ganbaran mahai handi bat jarri eta afari pasada egiten genuen; hura bai zela ederra!”. Gaur egun ohitura horiek galduta egoteak “pena” ematen dio Agirre semeari. Hala ere, argi dauka aurrerapenek “onurak” ere ekarri dizkiotela baserriko jarduerari. “Gero eta baserri gutxiago dago inguruan, baina lehen amestu ere egiten ez genituen makinak ditugu orain lanerako”.

Auzotarren arteko harreman estuari buruzko oroitzapen onak dituzte, oro har, badiolegitarrek. Abelina Zubizarretak nostalgia puntuarekin gogoratzen du garai hura. “Gari-jotzea edo txerria hiltzea tokatzen zirenean, auzokoak elkartzen ginen”. Lana bukatutakoan etortzen zen ospakizuna. “Lanera etorritako guztiak gonbidatzen genituen afaltzera; baratxuri zopa eta gibela ematen genizkien jateko”. Txerriarekin egindako odolkiak, berriz, auzokide eta familiakoen artean banatzen zituzten.

Baserriko jarduerarekin lotutako sinismenei garrantzi handia ematen zieten garai hartan. Abelinak eta Sabinak gogoan dute apaizek ekainean egin ohi zuten konjurua. “Eliz atarian egiten zuten, gariaren denboraldian txingorrik egin ez zezan”. Konjurua egindakoan, apaizak baserritik baserrira joaten ziren ur bedeinkatua banatzera. “Haiei ere arrautzak, oilaskoa eta horrelakoak eman behar izaten genizkien. Gainera, San Joan inguruan sakristaua eta erretorea ere pasatzen ziren baserritik, odolkiak eta saiheskia eskatzera”, dio Abelina Zubizarretak. Arantzazuko fraideak ere janari eske etxean izan zirela gogoan dute. “Inori ez zitzaion janaririk ukatzen, hori bekatu mortala baitzen”, dio Abelinak.

Jai arratsaldeak

Orduko bizimodua gogorra zela iruditzen zaio Jose Mari Agirreri. “Ez zegoen desberdintasunik astegun edo aste bukaeren artean; beti gurasoei laguntzen ibiltzen ginen”. Gauzak horrela, igande arratsaldeak bakarrik izaten zituzten jai erromeriara joateko. “Handik neskari etxelaguntza egin eta horixe izaten zen asteko poz bakarra”, gogoratzen du.

Abelina Zubizarreta ere iritzi berekoa da. “Ez zen atsedenerako betarik. Baserri ederra geneukan baina lan asko egin behar izaten genuen guztia aurrera ateratzeko”. Lanaren ordaina egindako ahaleginaren neurrikoa izaten zen: baziren 30 kilo baina jasotako egunak, asteartero azokara lau imilaun babarrun jaisten zituzten. Badiolegiren 500 urteko historia bukatzera doa, beraz. Azkeneko hamarkadetako oroitzapenak dira aurreko horiek denak. Azpeitiko beste hainbat baserrietakoak islatuta sentitzeko modukoak.

San Migelera orain

Corrugados Azpeitia enpresa (lehengo Marcial Uzin) lekuz aldatuko dute, herri sarreratik Anardi industrialdearen ondora. Enpresaren kokapen berriak Badiolegiko baserria harrapatuko du; beraz, hori bota egin beharko dute. Hala ere, Udalak akordio baten bidez etxea San Miguel gainean egiteko baimena emango die Baiolegikoei. Horretarako, Badiolegikoek, Corrugadosekoek eta Azpeitiko Udalak hirigintza hitzarmena sinatu dute. Udal ordezkariek aho batez onartu zuten hitzarmen hori azaroan egindako udalbatzarrean. Badiolegiko baserritarrei baserria San Migelen egiteko eman zaien baimena “salbuespeneko kasua” dela eta “orokortzerik ez” dutela nahi esan du Ińaki Errazkin Azpeitiko alkateak.

Guardia zibilen arrautzak

Badiolegi baserrian guardia zibilak ere izaten zituztela dio Abelina Zubizarrretak. “Sinadura eske etortzen ziren guardia zibilak, gero kuartelean non ibili ziren justifikatzeko, eta afaria eskatzen zuten, lotsagabe. Gainera, beraiek nahi zuten menua aukeratzen zuten: zopa eta patata tortilla. Beti bera. Horrela ezin zela jarraitu pentsatu nuen behin eta, hurrena etorri zirenean, arrautzarik ez nuela esan nien; haserre alde egin zuten, marmarka. ‘ˇVaya caserio sin huevos!’, zioten guardia zibilek alde egitean. Hurrengo egunean, azokara nindoala errepidea gurutzatzen ari nintzela, 25 pezetako isuna jarri zidaten”.

Sukaldean dantzan

Trikiti eta erromeria zaleak izan gara betitik etxekoak; beraz, dantza sueltoan beti egin izan dugu etxean”, dio Abelina Zubizarretak. Loiolako Herri Irratiako Erein, erein hazia irratsaioko doinuekin astintzen zituzten hankak badiolegitarrek. “Baratzeko lanak utzi eta etxeko sukaldean biltzen ginen alabak eta neroni; egundoko dantza saioak egiten genituen elkarrekin”. Dena dela, guztia ez zen dantza izaten. “Arrosarioa ere errezatzen genuen egunero afaldu aurretik, latinez”.

Bizikletaz ibiltzeko toki paregabea

Jose Mariren alaba Ana Agirrek, gazteagoa izan arren, oroitzapen ederrak ditu Badiolegiri lotuta. ”Orduan ez zegoen ez depuradorarik ezta oraingo tailer berririk ere, dena bidezidorrak ziren, eta bizikletaz ibiltzeko paregabea zen ingurua”. Danonak hondakinak ateratzen zituzten erretzeko, baina baserriko txikienek harrapatutako guztia birziklatzen zuten: barniza, disolbente poteak, egurrak, lokarriak, altzariak... Aurkitutako guztiak balio zuen zerbaiterako. Urola ibaian ibiltzeko baltsak egitea zuten gustukoen. “Haiek bai oporrak!”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak