Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 5,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  Bertsolaritzaren beste aldea

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Bertsolaritzaren beste aldea

Enekoitz Esnaola eta Kepa Urbietaren liburuko zatiak

Azpeitiar bertsolarien eta bi gai-jartzaileren pasadizoak bildu ditu liburu batean Kepa Urbietak, eta martxoaren 1ean aurkeztuko du. Uztarria izango da argitaratzailea

Kepa Urbieta da liburuaren egilea. 
Goian, ezkerretik eskuinera, Beñat Lizaso, Urko Egaña, Imanol Lazkano, Anjel Larrañaga, Joxe Lizaso, Leire Ostolaza, Joxe Luis Gorrotxategi, Joxe Agirre eta Xebastian Lizaso, 1999an; behean, ezkerretik eskuinera, Haritz Etxeberria, Andoni Larrañaga, Jokin Uranga eta Xabier Euzkitze. Denak ere herriko bertsolariak. 
Beñat Lizaso I. Erniarraitz Sariketan bertsotan, 2002an.  
Xabier Euzkitze, 1993an. 

Herri bertsolaria izan da eta da Azpeitia. Ezin ukatu. Hor dago bertsolari zerrenda luzea. Euskal Herri osoa ezagutu dute haiek, eta Uztarria Kultur Koordinakundeak pasadizoak bildu ditu, liburuan. Kepa Urbieta kazetariak hartu lan hori bere gain, eta martxoaren 1ean aurkeztuko du.

Denera hamasei lagunekin egon da Urbieta: hamalau bertsolarirekin eta bi gai-jartzailerekin. Gehienekin bakarka, batean bikotean eta beste batean hirukotean izan ezik. “Gozada izan da haiekin bildu eta eta istorioak entzutea. Ondo pasatu dut. Haiek ere baietz uste dut. Haientzat eta neuretzat lan polita izan delakoan nago”, dio liburuaren egileak. “Pasadizoak jasotzera joango nintzaiela esanda, gehientsuenen erantzuna ‘ez zakiat ba zerbait aterako dudan’ edo tankerakoa izan da, baina behin hizketan hasitakoan etorri onekoak direla frogatu da”.

Kantura doanean bertsolariak egiten edo bizitzen duena jaso nahi izan du Urbietak. “Bertsolaria kantutik ezagutzen du hura gertutik ezagutzeko aukerarik izan ez duenak. Baina bertsolaritza, eta bertsolaria, hori baino gehiago da. Bertsotara joateko bidaia asko egin behar dituzte; oholtza gainean sentipen asko bizi dauzkate; lagunak joan zaizkie, lagunak egin dituzte; bertsolaritzaren aldaketa ezagutu dute... Hala, bertsolaritzarekin lotutako pasadizoak jasotzea du helburu liburuak, bertsolaritzaren bestaldea ikustea bertsolariaren begietatik eta bihotzetik. Ukitu humanoa duen liburua izango delakoan nago”. 125 pasadizotik gora bildu ditu. Hona hemen, aurrerapen gisa, haietako lau ale.

.1. harria gainera erori

“Eibarko auzo batera bigarren urtez jarraian joan ziren Leire Ostolaza eta Beñat Lizaso. Bazekiten lana zein izango zuten: lehenengo elizan kantatu, eta gero atarian. Bazekiten, era berean, antolatzaileak ezin zuela azaldu eta apaizak egingo zuela haren ordezkari lana. Sekula baino goizago joan ziren bigarren urte hartan; ordubete bat lehenago. Harria goitik behera ari zuela, aterki beraren azpian gordeta zeuden biak, eliza atarian. Kokotea bakarrik zuten lehorretik. Gainontzekoa, blai. Pixkanaka hasi zen jendea elizara sartzen. Pixkanaka sartu ziren denak barrura, Ostolaza eta Lizaso izan ezik. Inor ez zitzaien hurbildu nora joan, non jarri, edo zer egin behar zuten esatera. Blai-blai jarraitzen zuten kanpoan. Hori bai harria! Eta aspertu ziren. Autoan sartu eta alde egin zuten handik Azkoitira, Lajarenean hamaiketakoa egitera; nonbait, elizan baino harrera hobea egingo zietelakoan”.

.2. mozkorraren jabea

“Hamabost urte ingururekin Oiartzunera joateko abisua jaso zuen Xabier Euzkitzek Joxe Lizasorekin batera, ‘zaharren eguna’ ospatzen zuten baten. Bazkaldu ondoren ziren kantatzekoak. Bazkaritan, ordea, Lizasok sarri samar betetzen zuen edalontzia; berea, eta zenbait gauza edaten batere ohitu gabe zegoen Euzkitzerena. Mozkortu egin zen gaztetxoa. Komunera joan, dena bota, eta kolore zuri-zuria hartuta itzuli zen mahaira. Egin zuten bertsotan, Euzkitzek nola edo hala jardun zuen, baina ikaragarri triste behintzat. Azpeitira zetozela bueltan, Lizasok esan zion: —Zer? Ez haiz ederki ibili! —Ez, ez naiz ederki ibili, ez. Dena mozkortu naiz. Izan ere, ni, Joxe, ez nago horrenbeste edatera ohituta. —Basoa bete nik egin diat baina edan hik egin duk, eh? Ez nire aitzaki egin! Handik aurrera, bere mozkorren jabe bera egin dela dio Euzkitzek”.

.3. tripa barrenak

“Badira egunak batere zabaltzen ez direnak. Bertsolariek, ordea, ez dute hasi arte jakiten nolakoa izango duten. Egunaren aldartea kontuan izan gabe Joxe Lizasok badu zerbait saioko etorriko zaiona. Mila tokitan ibilitakoa da, baina sekula ez tripa barrenean zerbait sentitu gabekoa. Bertsotan ari dela alde egiten dio, tirriki-tarraka. Manuel Olaizola Uztapide-ri ere gertatzen zitzaion. Lehenengo eskutik daki Lizasok horren berri. Autoan biak kantatzetik bueltan zetozela, zubi baten parean geratzeko eskatu zion Lizasok: —Zer duk? –Kantatzen asterako jarri zait estomagoan zerbait eta... —Ene! Hik ere ba al duk hori? Nik ere lehen, gaztetan, edukitzen nian. Zahartzerako pasatuko zela pentsatzen nian baina ez, zahartzean indarra hartzen dik!”.

.4. euskara defendituko dut...

“Lantegiko kontuen gorabeheretan tarteka furgoneta hartu eta beste herri batera joan behar izaten zuen Juan Jose Loidi-Saletxek. Arrasatera, esaterako. Behin han, enpresa baten kokalekua jakin nahi eta galdezka hasi zen. Aurrenekoari galdetu zion, eta honek, euskaraz ez zuela ulertzen; beraz, galdetzeko erdaraz. Alferrik. Bigarrengo bati ere galdetu zion, eta erantzun bera jaso zuen; honek ere euskaraz ez zekien. Ezta enpresa no zegoen ere. Lanean ari zen hirugarrengo bat bistaratu zuen. Oraingoan, etsita: —¿Me puede decir dónde está este taller? —Mekauen Dios! –langileak hasieratik. Bertsolariak ere erdaraz hasi al zaizkigu! Erantzun hark aurreko bienak baino min handiago eman zion Loidi-Saletxeri. ‘Hark eman zidan mina, kristorena. Hura zen adar-jotzea’”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak