Hotel bilakatzear Arrupe
Maider Zendoia
Jesulagunek hotela zabalduko dute Arrupe etxean. Udara aurretik irekiko ditu ateak eraikin berrituak
|
|
Arrupe etxea Loiolako santutegiaren atarian dago kokatuta.
|
|
Jesulagunek hotela zabalduko dute udara aurretik Arrupe etxean, Loiolan. Orain arte gogo-jardunetara, tailerretara edota batzarretara joandako pertsonek hartzen bazuten han ostatu, udaratik aurrera hotel gisa funtzionatuko du.
Lucio Agirre Arrupe etxeko eta Gogartetxeko arduraduna da. “Etxea lehendik egina zegoenez, instalazioa gaurkotzeko obrak egin ditugu. Era berean, legeak exijitzen dituen baldintzetara egokitu dugu eraikina”. Dagoeneko bukatu dituzte obrak eta orain prozesu burokratikoan murgilduta daude buru-belarri. “Udalak
jadanik eman dio lehen oniritzia egitasmoari. Oraindik ez dugu Udaleko agiri ofizialik, baina dagoeneko udal teknikariek ikusi dituzte obrak”. Udaleko tramiteak bukatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko agiriak bete beharko dituzte. “Epeei dagokionez, gauzak ondo joanda, maiatz ingururako izango ditugu beharrezko agiri guztiak prest”, dio Agirrek.
Arrupe Loiola izena izango du seguruenik hotelak. Guztira, 50 logela edukiko ditu —14 bikoitzak eta 36 banakakoak—. Gaur egungo beharretara egokitutako zerbitzuak ere ezarri dituzte: WIFI gunea, kainoiak batzarretarako... Izan ere, Lucio Agirrek argi dauka zein eremutako bezeroei zuzendu nahi dieten eskaintza. “Gure bailaran enpresetatik etortzen diren langileentzat hotel eskasia dago. Hutsune hori betetzea da gure helburua, turismorako hotela
zabaltzea baino gehiago”.
Udara oparoa
Udara partean jende asko pasatu izan da orain arte Arrupe etxetik. “64 lagun har ditzake gehienez, eraikinak. Udaran ostatua guztiz beteta egon izan da; are gehiago, beste etxe bat izango bagenu, hura ere bete egingo genuke”. Agirrek emandako datuen arabera, urtean sei mila pertsona inguru pasatzen dira Loiolatik —Gogartetxetik eta Arrupe Etxetik igarotakoak batuta—. Bisitariaren profilari dagokionez, bi eraikinok Euskal Herritik kanpo bertan baino ezagunagoak direla uste du. Egonaldiaren luzera, berriz, hiru egun eta erdikoa izaten da batez beste. Izan ere, bisitari batzuk zortzi bat egun pasatzera etorri izan dira eta beste batzuk, berriz, batzar bakarrera.
Beste hotelak:
Larrañaga.
Helbidea: Elosiaga auzoa, 392 (Urrestilla).
Telefono zenbakia: 943 81 02 54 / 943 15 15 17.
Loiola.
Helbidea: Loiolako Inazio Hiribidea, 47.
Telefono zenbakia: 943 15 16 16 / 943 15 16 18
|