Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  Hotel bilakatzear Arrupe

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hotel bilakatzear Arrupe

Maider Zendoia

Jesulagunek hotela zabalduko dute Arrupe etxean. Udara aurretik irekiko ditu ateak eraikin berrituak

Arrupe etxea Loiolako santutegiaren atarian dago kokatuta. 

Jesulagunek hotela zabalduko dute udara aurretik Arrupe etxean, Loiolan. Orain arte gogo-jardunetara, tailerretara edota batzarretara joandako pertsonek hartzen bazuten han ostatu, udaratik aurrera hotel gisa funtzionatuko du.

Lucio Agirre Arrupe etxeko eta Gogartetxeko arduraduna da. “Etxea lehendik egina zegoenez, instalazioa gaurkotzeko obrak egin ditugu. Era berean, legeak exijitzen dituen baldintzetara egokitu dugu eraikina”. Dagoeneko bukatu dituzte obrak eta orain prozesu burokratikoan murgilduta daude buru-belarri. “Udalak jadanik eman dio lehen oniritzia egitasmoari. Oraindik ez dugu Udaleko agiri ofizialik, baina dagoeneko udal teknikariek ikusi dituzte obrak”. Udaleko tramiteak bukatutakoan, Eusko Jaurlaritzako Turismo Saileko agiriak bete beharko dituzte. “Epeei dagokionez, gauzak ondo joanda, maiatz ingururako izango ditugu beharrezko agiri guztiak prest”, dio Agirrek.

Arrupe Loiola izena izango du seguruenik hotelak. Guztira, 50 logela edukiko ditu —14 bikoitzak eta 36 banakakoak—. Gaur egungo beharretara egokitutako zerbitzuak ere ezarri dituzte: WIFI gunea, kainoiak batzarretarako... Izan ere, Lucio Agirrek argi dauka zein eremutako bezeroei zuzendu nahi dieten eskaintza. “Gure bailaran enpresetatik etortzen diren langileentzat hotel eskasia dago. Hutsune hori betetzea da gure helburua, turismorako hotela zabaltzea baino gehiago”.

Udara oparoa

Udara partean jende asko pasatu izan da orain arte Arrupe etxetik. “64 lagun har ditzake gehienez, eraikinak. Udaran ostatua guztiz beteta egon izan da; are gehiago, beste etxe bat izango bagenu, hura ere bete egingo genuke”. Agirrek emandako datuen arabera, urtean sei mila pertsona inguru pasatzen dira Loiolatik —Gogartetxetik eta Arrupe Etxetik igarotakoak batuta—. Bisitariaren profilari dagokionez, bi eraikinok Euskal Herritik kanpo bertan baino ezagunagoak direla uste du. Egonaldiaren luzera, berriz, hiru egun eta erdikoa izaten da batez beste. Izan ere, bisitari batzuk zortzi bat egun pasatzera etorri izan dira eta beste batzuk, berriz, batzar bakarrera.

Beste hotelak:

**Larrañaga.**

Helbidea: Elosiaga auzoa, 392 (Urrestilla).

Telefono zenbakia: 943 81 02 54 / 943 15 15 17.

Loiola.

Helbidea: Loiolako Inazio Hiribidea, 47.

Telefono zenbakia: 943 15 16 16 / 943 15 16 18

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak