Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 6,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  Iritzia » 

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Trenari begira egotetik, trenera igota

Enekoitz Esnaola

Uztarria Kultur Koordinakundeko talde eragileko kidea da Esnaola, hasieratik. Koordinakundeak hamar urte beteko ditu martxoan, eta elkarteko taldeak eta kideak gogoeta egiten ari dira Euskara, Kultura eta Komunikazioa arloen geroko egituratzeaz-eta

Herriko hainbat kultur eta euskara talde 1997ko urrian biltzen hasi ziren, EHEk deituta, Azpeitiko arlootako egoera aztertzeko asmoz, eta 1998ko martxoaren 3an Uztarria Kultur Koordinakundea aurkeztu zuten.

Euskara, Kultura eta Komunikazioa arloetan gaizki geundela zioen Uztarriaren sorrerako idatziak.

  • Euskara: ez zegoen udal euskara teknikaririk, Udal Euskara Batzorderik edo Euskara Patronatorik, herrian ez zen Euskara Elkarterik, ez normalizazio planik...
  • Kultura: ez zegoen Kultur Etxerik, taldeen arteko harremanik ez zegoen...
  • Komunikazioa: ez zegoen herri aldizkaririk ere.

Alor horietan beste herrien aldean Azpeitian ez zen ari atzean geratzen. Azkena zegoen kasik. Hor datuak.

"Egoera minimo baten azpitik gaude. Eta hori azpeitiar guztion ardura dela uste dugu Uztarria Kultur Koordinakundekook", zioen elkarteak 1998ko martxoaren 3ko idatzi hartan. "Blokeo eta noraez egoeran geundela iruditzen zitzaigun, eta fase berri batean sartu beharra dagoela ere bai". Horregatik koordinakundea. Bilgunea. Espazioa. "Euskara eta kulturaren aldeko proiektua da hau, eta Azpeitiko Udala, herritarrak eta talde guztiak dira ezinbesteko. Azpeitiar guztien laguntza beharko da, kultur egoera hobea eta indartsua eduki nahi bada".

Urte hartako apirilaren 4an jaialdia antolatu zuen Uztarriak, Azoka Plazan, jendaurreko aurkezpen gisa. Mezua: "Bernardo Atxagak Behi euskaldun baten memoriak liburuan dio ez dagoela behi makala baino makalagorik. Zaila izango da Euskara eta Kultura arloetan azpeitiarrok baino euskaldun makalagorik aurkitzea. Baina hemendik aurrera ez dugu makalak izan behar. Hemendik aurrera ezin dugu trena aurretik pasatzen ari zaion behia bezala gelditu. Mugitu beharra dago, parte hartu beharra dago, elkarlana bilatu beharra dago".

Koordinakundearen sorrerako bileretan kideetako batek esan zuen Azpeitian ere "lehenbailehen" herri aldizkaria sortu behar zela, inguruko herriek bazutelako. Etenik eta presarik gabeko lanari ekin genion, ordea. Oinarriak finkatu, ardatzak zehaztu, antolaketa, lan taldeak, egitasmoak, jarrera eta jokabidea, mezuak...

Uztarriak sorreratik aipatu zuen proiektu estrategikoen beharra.

  • Euskara: normalizaziorako plangintzak.
  • Kultura: kultur azpiegitura garrantzitsuak, balioanitzak.
  • Komunikazioa: euskarazko komunikabideak.

Horrekin batera, parte-hartze zabalaren aldeko aldarria ere egin genuen hasieratik: taldeen beharra eta protagonismoa parte-hartzean / erabakietan, Udalarekin elkarlana, gizarte eragileen beharra.

2008ko egoera

Hamar urte pasatu dira harrezkero, eta Azpeitian bestelako egoera dago.

  • Euskara: bi normalizazio plan daude (Udalaren Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia eta Kontseilua-Uztarriaren Bai Euskarari; 2004an bat eginda egon ziren planok), oinarrizko baliabideak daude (Udal Euskara Patronatua...), Kontseilua Uztarria-Euskararekin (lehen, Baite Euskara Elkartearekin) elkarlanean ari da, kontzientziazioan pausoak eman dira...
  • Kultura: Soreasu kultur gunea egiten ari dira (ikusentzuneko ekitaldi handientzat izango da, batik bat), San Agustinpe kultur gunea bukatzen ari dira (formatu txikiko kultur espresioentzat izango da, batez ere)... Kultur Agenda ere hor dago.
  • Komunikazioa: herri aldizkaria dago (Uztarria), herri weba (www.uztarria.com), eskualdeko egunkaria (Urola Kostako Hitza)... Euskaraz. Liburuak ere dagoeneko euskaraz argitaratzen dira, batik bat.

Horretaz gain, bilguneak edo espazioak zabaldu egin dira: Euskararen Aholku Batzordea sortu da, Kultur Mahaia eta honen Talde Eragilea. Udalak eta herriko talde-erakundeek hartzen dute parte, eta norbanakoek ere bai. Guztiak baitira ezinbesteko.

Ondorioz, denon artean lortu da arlo estrategikoetan sartzea herritarrak, taldeak, enpresak, erakundeak, Udala...

Gaur badaude oinarrizko plataformak, etorkizuna eraikitzeko zutabeak: bilguneak, proiektuak, baliabideak. Horiei heldu, eta hobetzea eta edukiz jaztea da orain kontua.

  • Euskara: bi planak bateratu eta talde eragilea sortu, UEMAn sartu Udala, hizkuntz eskubideetan sakondu...
  • Kultura: San Agustinpe edo Soreasu gune dinamikoagoak eta erreferentzialagoak bihurtu, Kultur Mahaiak protagonismoa hartu eta plangintza egin.
  • Komunikazioa: Hitza eta Erlo Telebistaren arteko lankidetza progresiboa...

Eragileak ari dira pausoak ematen.

Hala, antolaketa eta egituratze aldetik, hiru arlootan Uztarria koordinakundetik haratago joan —gogoetan ari gara duela urtebetetik— eta fase berrian has gaitezke Azpeitian. Dagoeneko ez gaude trenari begira. Trenera igota gaude; bide zuzen, egonkor eta iraunkorretik eramateko garaia da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak