Eta beste
Emakumea hegoaldean
Kepa Susperregi
Otsailarekin batera ate joka izan ohi dugu urtero, gure artean, Manos Unidas-Esku Elkartuak erakundeak antolatuta, gosearen aurkako kanpaina. Horrela gertatu izan da azken 49 urteetan. 1960an sortutako erakundeak, izan ere, gure artean sentsibilizazio lana egiteaz gain, hegoaldeko herrietan pentsatu eta erabakitako proiektuak babestu eta diruz laguntzen ditu. Hezkuntza, osasuna edota nekazaritza garatzea, eta emakumeen promozioa sustatzea izaten dira, besteak beste, egitasmo horien oinarri eta helburu nagusiak.
Aurten, milurteko garapenerako erabakitako helburuen artean, bosgarrena hartu dute gogoan: ama diren emakumeen osasuna hobetzea, hain zuzen ere. Horixe adierazten du kanpainarako aukeratu duten goiburuak ere: Ama osasuntsuak, eskubidea eta itxaropena.
Aurtengo kanpainan gai hori plazaratzean, Osasunaren Mundu
Erakundeak eta nazioarteko beste erakunde batzuek aipatutako hainbat datu gogoan dituzte. Hauexek, besteak beste:
—500.000 emakume baino gehiago hiltzen omen da urtero munduan haurdunaldiak eta erditzeak eragindako arazoen ondorioz. Ia denak —%99— herri behartsuetan bizi direnak dira.
—Erditzean gertatzen diren heriotza asko, bostetik lau, saihes daitezke, zainketa egokia eskainiz gero.
—Sahara-azpiko Afrikan, emakumeen bizitza itxaropena ez omen da 35 urtera iristen.
Gogoan hartu nahi dute, izan ere, emakumezkoek gizarte bizitzan duten garrantzia: “Emakumeak famili bizitzaren ardatz dira, familiaren etorkizun ekonomikoaren eta barne elkartasunaren oinarri nagusi. Haiek arduratzen dira, normalean, familiarteko lagunen osasunaz”.
|