Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 7,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  Iritzia »  Gure ibaien egoera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Hau

Gure ibaien egoera

Higinio Oiartzabal

Lehengo egun batean herritar batek bere kezka azaldu zidan. Esan zidanez, Gipuzkoako Foru Aldundiak isuna ezarri dio Azpeitiko Udalari Urola ibaiko leku zehatz batzuetan garbitze-lanak burutzeagatik.

Haserre zegoen, aspaldiko urteetan ibai ubideetan etengabe lur pilatze handiak izan direlako, eta hainbat toki puntu beltz bihurtuta daudelako. Horien artean, zehazki, Loiola sarreran —Kiruri inguruan— dagoen zubi azpia aipatu zidan. Arku begi bat ia estalita dago eta, ondorioz, garbitzea beharrezkoa da. Gainera, altuera txikia du eta hondoa sakontzea komeni da. Gisa horretan, beste hainbat zubi azpi eta leku ere badaude, eta lur pilaketari zuhaixkak eta bestelakoak gehitzen zaizkio.

Aitortu behar dut gaiak baraurik harrapatu nauela baina, gero pentsatuz, iruditzen zait mendietatik jaisten diren uhar edo torrentera inguruak ere, tarteka, garbitu egin beharko lituzketela, enbor, adar eta horrelakoak kenduta; uholdeak ibairatu ez ditzaten, arriskuak saihestuz.

Adinekook oso gogoan ditugu 1953ko urriko uholdeak —Zestoako gertakizuna— eta 1983ko abuztukoak —Bermeoko txikizioa—. Adituek diote klimaren berotasunak hondamendi naturalak ugaritzen dituela eta, horien artean, uholdearenak. Beraz, edozein unetan gerta daiteke berriz ere. Prestatuta al gaude uneoro horrelakoei aurre egiteko? Jakin dut Udalak isunari helegitea jarri diola. Baita Foru Aldundiak biziki zaintzen duela ere ibaian bizi den faunaren habitata —hau zorionez gero eta ugariagoa da—. Ibaiko arrainek ere beharrezkoa omen dute belarrak eta zuhaixkak ematen duten itzala, baita lur azpiko babesa ere.

Horiek horrela izanda ere, zuhurtziaz jokatzea beharrezkoa da, bai ekologia neurriak, baita gizakiari eragin diezaioketen arriskuak ezabatzeko neurriak orekatuta ere; lehentasuna azken horiei emanda.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak