Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Otsaila »  Iritzia »  Ze habil. barrabil?/ Etxien kaliek eta kalien etxeik ez

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Ze habil. barrabil?/ Etxien kaliek eta kalien etxeik ez

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Non habil. barrabik?

Igor, maitea! Hanketako kurbaduraren sindromeaz zerbait entzun al duk inoiz? Beldurtuta nagok; izan ere, etxean horretaz hitz egiten egon gaituk eta gaitz hori nirekin ez ote daramadan zalantzan jarri gintuan. Aspaldiko kontua duk, baina orain gutxi gertatutakoak jo dik alarma nigan. Hona hemen arrazoia:

Gurasoen karrerako administratzailea izan nauk azken bi urteetan, beste bizilagun baten laguntzarekin. Lan askorik ez zidak eman, aitortzen diat, baina esan beharra zagok ez dudala gustuko kargua. Gutxien uste denean sortzen duk egitekoren bat. Bizilagunekin topo egiteko beldurrez sartzen haiz karrerara. Hori ez al da mobbing? Zera, bullying, baina lankideen artean? Etxepeking edo halako terminoren bat aurkitu beharko ziotek horri ere. Barkatu, sindromearen azalpenetik desbideratu nauk.

Urte hasieran bilera egin ohi diagu, joan den urtearen balantzea eta datorrenaren aurreikuspena egiteko. Bi urtean behin, berriz, administratzaile aldaketa egiten diagu. Kontua duk, urtarrila aurrera zihoala eta bilera egiteko tarterik ez nuela topatzen. Kargua, ordea, gainetik kendu nahi nian. Egun batetik bestera antolatu nian; ostegun batez e-maila bidali nioan administratzaileordeari bilera astelehenean edo asteartean 21:30ean jartzeko, bestela ezin nuela. Abisua beranduegi ematea zela esan zidaan, baina beste tarterik ez eta asteartea jarri genian.

Heldu zuan eguna. Euskaltegian nengoan eta pentsatu nian neurekiko: “Gaurkoz libre hago eta danborradako entsegura gaur soilik joateko aukera daukak”. Hi, eta halaxe egin nian. Euskaltegitik lehentxeago irten eta entsegura. Bukatzean, arrebarenera bisita egitera joatea pentsatu nian, eta hantxe sorpresa: “Hi, Kepa, denak deika ari dituk. Bilera zer?”. Eta entzun ondo zer esan zidaan: “Oraindik galantak haziko zaizkik!”. Horra hanketako kurbaduraren sindromea.

Etxien kaliek eta kalien etxeik ez

Aupa, gizon! Eta ni, neure artean futbolari hankak hituelakoan… Galantak dituk, moteil, eta ez hankak. Non eta hire karrerako batzar nagusian huts egin, eta, gainera, heu lehendakari izanda. Baina hik ez al dakik etxepeko bilerak sakratuak direla? Familia bakoitzeko ordezkarien topaleku —gehienetan emakume kementsuak—, gu baino hobeak dituk negoziatzen. Eta hik kale.

Egia esan, ez nauk sekula horrelako gorteetan sartu baina imaginatzen ditiat. Politikariak bezalakoak izango dituk denak. Ziur nagok karreretako bilera bakoitzean, talde politikoetan legez, modu guztietako jarrerak agertzen direla: batzuk, denekin ondo gelditu nahian, zuri-zuriak izango dituk, batzuei zein besteei arrazoia emanez; beste batzuk, berekin edo egiaren kontra egoteko aukera ematen duten despotak; bakarren bat isilik egongo duk, bere hitzak ezertarako balio ez duela sinistuta; batzuk beti haserre egongo dituk; beste batek, denen bizkarrera koalizio txikiak eginez, gaizki esaka jardungo dik... Baina, adibidez, igogailua jarri behar bada, denek ordaindu behar dutenez, hautes kanpainak jartzen dituk martxan. A zer ariketa demokratikoa! Eta ilegalizaziorik gabe. 70 urteko amona eta 20taka urteko gaztea sarreran loreak jarri edo ez erabakitzen, a zer emozioa! Eta hik kale. Nire kasuan, etxebizitzen prezioa, alokairuak eta hipotekak nola dauden ikusita, eta tokatu behar zaidan Loiolako etxea zozketako bonboan bueltaka mareatuta dagoenez, ez diat batzar horien beldurrik. Izatekotan, martxa honetan, neuk ere gurasoen etxepeko bileretara joaten bukatuko diat, baina ez borondatez, beraiek aiton-amonduta egongo direlako baizik.

Urteroko hamar kanta danborrarekin ganoraz jotzeko sei entsegu behar baditugu, bizian aurrera egiteko zer ikastarotan apuntatu behar ote dugu? Erantzuna baldin badakik, ipini paperean nire izena azkar.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak