Libre
Ahate korrikalariak eta beste
Miren Larrea
Duela hilabete batzuk ikastaro batean enpresa-aholkulari batek ipuin bat eman zigun irakurtzeko. Animalien istorio bat zuen izenburua. G.H. Reavis delako batek argitaratu zuen Cincinnati, Ohion, 1937an. Beraz, gaia ez da gaurkoa. Baina oraindik pentsarazten duen horietakoa bai. Izan ere, ipuina honela hasten da: “Behin batean, animalia talde batek mundu berriaren arazoei aurre egiteko zerbait egin behar zela-eta eskola bat sortu zuen”.
Sarrera horrek badu gaur egun eskuartean ditugun erronkekin lotura. Orain ‘mundu berria’ esan beharrean ‘mundu globalizatua’ deitzen diogu, hori bai. Baina gu ere egoerari erantzun ahal izateko ikasi beharrean gaude, zalantzarik ez.
Ipuinak honela jarraitzen du: “Ikasgaiak ondorengoak ziren: korrika, eskalada, igeriketa eta hegaldia. Gauzak sinpleago egiteagatik, animalia guztiek gai guztiak ikastea erabaki zuten”.
ahatea. Igerilari bikaina zen, bere irakaslea baino hobea. Baina hegan larri eta korrika are larriago ibiltzen zen. Ondorioz, korrikarako klaseak hartzeko esan zioten. Horretarako denbora eduki ahal izateko, igeriketa utzi behar izan zuen. Pixkanaka bere oinek igeriketarako egokitasuna galdu zuten, eta igerilari kaskar bilakatu zen. Baina eskolak igerilari kaskarrak ere hartzen zituen; beraz, inor ez zen gehiegi kezkatu... ahatea izan ezik.
untxia. Korrika gelako azkarrena bera. Nerbioetatik gaixotu zen igeriketan zituen hutsuneak gainditzeko ahaleginetan.
katagorria. Eskaladan bikaina hau. Ikaragarrizko frustrazioa sentitzen zuen hegaldiko klaseetan irakasleak lurretik abiatzera behartzen zuenean. Ez zion zuhaitz baten adarretik abiatzen uzten. Estresatuta, eskaladako ikasgaia justu gainditu eta korrikakoa suspenditu egin zuen.
zapelatza. Arazoak ematen zituen ikaslea zen. Irakaslearengandik errieta ugari jasotzen zuena. Eskaladako klaseetan gainerako guztiei aurrea hartzen zien, zuhaitzaren goialdeko adarretara lehena iritsiz. Baina bere erara egiten zuen bidea, eta hori ez zioten onartzen.
Ikasturte amaieran zapelatz batek lortu zuen batez besteko altuena. Nahiko ondo igeri egiteaz gain, korrikan ondo moldatzen zen. Baina hegan kaskar egiten zuen. Klase partikularrak, ikasgaiak... Ikasle garaiak dakartza burura. Baina ipuina lehenengoz enpresa giroan entzun nuen, eta giro horretan kokatu nahi dut gaurko hausnarketa ere.
Azkoitia eta Azpeitiko 10 eta 50 langile bitarteko enpresa arduradunekin landutako proiektu batean ondorengo emaitzak atera dira. Arduradun horietatik %90ek esan dute badakitela euren enpresan lanpostu bakoitzerako behar diren konpetentzia nagusiak zein diren. Bestalde, elkarrizketatuen %96ren arabera, euren enpresetako enplegatuek lanposturako eskatzen diren konpetentziak badituzte. Hori irakurrita, esan genezake badakigula igerilariak, korrikalariak eskalatzaileak edo hegalariak behar ditugun eta gaur egun ahateak igerian, untxiak korrika, katagorriak eskaladan eta
zapelatzak hegan gabiltzala gure herrian.
Baina susmoa dut hori ez dela datuek erakusten duten bezain erraza. Alegia, behin baino gehiagotan ibiltzen garela ahateak korrika edo untxiak igerian moduan. Ez, agian, lanaren alderdi teknikoan. Baina bai gaur egun garrantzitsuak direla dioten zenbait gaitasunetan: talde lanean, parte-hartzea bultzatzean, hobekuntzak proposatu eta egitean. Pentsa ezazue pixka bat. Ez al zaizue inor tokatu katagorriak bezala lurretik salto egin beharrean zuhaitz baten adarretatik egiten hasi dena? Edo zapelatzaren moduan zerbait bere erara egin nahi izan duena? Gustura jakingo nuke horietatik zenbati utzi diegun beren konpetentzia garatzen eta zenbati esan diegun “guk hemen ez ditugula gauzak horrela egiten”.
Bukatzeko, azken galdera bat. Kuriositatez Interneten sartu naiz, G.H. Reavis edo bere ipuinari buruz zer aurkitzen nuen begiratzera. Webguneetako batean umeak eskolan zituzten gurasoei
ondorengo galdera luzatzen zitzaien: pentsatu al duzu zure seme edo alaba zein animalia mota den? Ez da galdera txarra geure buruari egiteko ere. Pentsatu al duzu zeure eguneroko lanean zein animalia mota zaren?
|