Zokomiran
Hitzik eza
Joxin Iturriotz
Idatzi nahi nuen ez diodala bidezko irizten PNVko zinegotzien argazkiak karteletan ateratzeari, eurak torturaren erantzule zuzen bailiran. Are gutxiago kotxearen kristalak apurtu eta pinturaz zikintzeari. PNVk badu bere erantzukizuna torturaren arloan, baina hortik norbanakoei torturatzaile ezaugarria leporatzera bide luzea dago. Asko legoke hitz egiteko.
Pentsatu nuen kritika hori plazaratuta PNVkoen jarrera orokorra ere kritikatu beharko nuela, urte luzeetan gure jauntxo bailiran jokatu dutelako. Nolako gogoa dudan haragi bizian daukadana erakusteko! Baina ezer gertatu izan ez balitz bezala jasan behar gure sufrimendua.
Eta ezin bat bestea gabe idatzi, herri honetan ‘nirekin ala nire kontra’ indarrean dagoelako. Artikulu labur batean nola bereiztu ardura kolektiboak norbanakoen ardura pertsonalengandik? PNVkoa nintzateke.
PNVren jauntxokeria kritikatuko banu, kartelak eta erasoak justifikatzen ari naizela leporatuko lidakete. Indarkeriaren alde jokatzen
dudala, nahiz eta hortik aldendu nahi izan.
‘Nirekin ala nire kontra zaude’. Bada, ez nago ados, edo denen kontra nago. Zenbat
legokeen hitz egiteko, onartzeko, ñabardurak zehazteko...
Eta konturatu naiz ez dagoela plazarik elkarrekin hitz egiteko, ez aukerarik hitz egiteko,
ez ahaleginik hitz egiteko.
Esateko daukaguna isildu behar.
|