Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 24,  OSTEGUNE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Urtarrila »  Mari Angeles del Val eta Ana Colinas

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

ueuskara

Irakasleak ikasle

Maider Zendoia

Juan de Antxieta Musika Eskolako bi irakasle euskaraz ikasten ari dira, ikasleekiko komunikazioa hobetzeko

Mari Angeles del Val- ezkerrean- eta Ana Colinas Juan de Antxieta Musika Eskolako gela batean. Irakasleak dira.  

Mari Angeles del Val izatez Irungoa da, baina Azpeitiko musika eskolako irakaslea da 1983-1984 ikasturteaz geroztik. Ana Colinas zumarragarra, berriz, 1984an hasi zen musika irakasten Azpeitian. Bi irakasleek hasieratik nabari zuten euskara beharrezkoa izango zutela euren ibilbide profesionalak garatzeko Azpeitian. Eta halaxe izan da. Gaur egun, euskaraz ikasten dihardute, Juan de Antxieta Musika Eskolak Euskara Patronatuarekin sinatutako hitzarmenari esker.

“Hasieratik nabari nuen euskaraz jakitea beharrezkoa izango zela Azpeitian; izan ere, ikasleek askotan ez zuten ulertzen irakatsi nahi niena”, dio Colinasek. Del Valentzat, “oztopo handia” izan da euskaraz ez jakitea “ikasleekin komunikatzeko orduan”. “Nire inguruan, Irunen, oso gutxi hitz egiten da euskaraz; beraz, Azpeitira etorri nintzenean, asko kostatu zitzaidan herrira moldatzea”.

Ikasi nahia. Bi irakasleek euskaraz ikasteko saiakera ugari egin dute urteotan. Mari Angeles del Val Azpeitira iritsi bezain laster hasi zen euskara ikasten; Institutuko eskolan aurrena, AEKn ondoren, klase partikularrak hartuz geroago eta Bakarka izeneko liburuko saio bakartietan ahal zuen guztietan. Ana Colinas Zumarragako gau-eskolan ibilitakoa da, eta Magisteritza ikasketak egin zituenean ere euskara ikasten aritu zen. Colinas, Azpeitira heldutakoan, oso ingurune euskaldunean murgildu zen. “Nire gizonaren familiak, haren lagunek eta geure alabek euskaraz hitz egiten dute”. Hortaz, gaur egun euskara ez da inola ere hizkuntza arrotza harentzat. “Euskaraz egitea oraindik kostatu egiten zait, baina esandako ia guztia ulertzen dut”.

Biek klaseko dinamika euskaraz gidatzeko arazorik ez daukate. “Klasea euskaraz ematen saiatzen naiz. Ikasleek ez didatenean zerbait ulertzen, haiei eskatzen diet laguntza euskaraz zuzen adierazteko ulertu ez duten hura”, dio Colinasek. Del Valek ere euskaraz ematen ditu klaseak. “Hasiera batean asko kostatzen zitzaidan eta, ondorioz, txuleta moduko bat jarraituta ematen nuen klasea. Orain, ordea, klasea euskaraz emateko ez dut inolako arazorik”, aipatzen du.

Baina lan eremutik irtendakoan, gehiago kostatzen zaie euskaraz mintzatzea. Mari Angeles del Valentzat, “oso zaila da hizkuntza batean abiatutako harremanak beste hizkuntza batera pasatzea; hizkuntza menderatzera iristen zarenerako, zure ingurunea jada egituratuta dago”. Ana Colinas ere iritzi berekoa da: “Musika eskolan bertan ere, sarritan, aipamen pertsonal bat egin behar badut, nahi gabe gaztelerara jotzen dut”. Dena dela, euskara ikastea bizitza pertsonalari dagokionez ere baliagarria izan zaiela aitortzen dute: egunkaria irakurtzeko, irratia entzuteko, ingurukoei ondo ulertzeko...

Hitzordua. Biok astean behin joaten dira klasera, Udal Euskara Patronatuaren egoitzara, Perdillegin. Lan ordutegitik kanpora aurre egiten diote hitzorduari. “Orain arte izandako arazo bat zen ordutegia. Musika eskolako ordutegia dela-eta, ezin genuen antolatutako klaseetan izena eman”, dio Del Valek. “Orain, ordea, musika eskolako irakasleei zuzendutako klaseak ordutegi berezian jarri dizkigute eta aukera aprobetxatzea erabaki dugu”, gaineratzen du Colinasek.

Klaseetan denetatik ikasten dute bi irakasleek, baina euren alorrarekin harremana duten esamoldeei tarte berezia eskaintzen diete. “Orain, esaterako, hiru hilabetero gurasoei bidaltzen dizkiegun txostenak prestatu behar ditugu. Horiek euskaraz behar bezala idazteko, hiztegi berezia ari gara lantzen”, dio Del Valek. Colinasentzat ere oso baliagarria da klasera joatea: “Ikasleek ateratzen dituzten notak euskaraz idazten badakigu, baina orain oharrak-eta hasi gara ikasten; ‘berritxua da’...”. Del Valek uste du euren beharrei erantzuten diela ikasitakoak: “Klaseak guztiz praktikoak dira. Geure eguneroko kontuak euskaraz egiteko aukera eskaintzen digu”.

Izan ere, musika eskolako bi irakasleek argi dute zergatik ikasi nahi duten euskara: komunikatzeko.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak