Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Urtarrila »  Heziketa paraleloa

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Heziketa paraleloa

Maider Zendoia

Azpeitiko haur eskoletan familia bereko bi belaunaldi zaindu dituzten hezitzaileak daude; esku beretik pasatutako guraso eta seme-alabak dira

Arantxa Isart- ezkerrean- eta Marije Etxeberria - eskuinean- Uztaro atarian, Jesus Marietan. 
Arantxa Isart- goian- Jon Leon- erdian- eta Asier Leon- behean- Ikasberri Azpeitiko Ikastolaren haur eskolan. 
Marije Etxeberria- goian, erdian-, Malen Zabala- ezkerrean- eta Igor Zabala- eskuinean- Uztaro haur eskolan. 
Ana Zendoia- goian- haur eskolako ume ekin. 

Non utziko dugu haurra?”. Bikote askok galdera horri erantzun behar izaten diote amatasun baja bukatzean. Gaur egun, bikoteko bi kideek lan egitea oso ohikoa da eta, ondorioz, lanera bueltatzen direnean gurasoek haurra noren esku utzi erabaki behar izaten dute. Aukera desberdinak dituzte: zaintzailea kontratatu, familiako norbaiten esku utzi, haur eskolan izena eman… Hirugarren aukera hori eskura izan dute herritarrek azken 33 urteotan. Izan ere, Uztaro haurtzaindegiak 1975eko urtarrilaren 13an zabaldu zituen ateak. Gaur egun, beste bi haur eskola ere badira gurean: Ikasberri Azpeitiko Ikastolarena eta Iraurgi Ikastetxearena. Uztaroko eta Ikasberriko haur eskolen kasuan, familia bereko bi belaunaldi zaindu dituzten hezitzaileak dihardute han lanean. Beraz, heziketa, jolasak, abestiak eta oroitzapenak partekatuko dituzten guraso eta seme-alaba bat baino gehiago badago herrian.

Marije Etxeberria (Azpeitia, 1950) Uztaro haurtzaindegiko sortzaileetakoa da. Hasiera-hasieratik dihardu han lanean; ondorioz, haurtzaindegiaren nondik norakoak inork baino hobeto ezagutzen ditu. “Emakume langile talde bat elkartu zen 1975ean, lanera joaten zirenean umea non utzi eztabaidatzeko”, dio Etxeberriak. “Aurrena, etxe partikularrak hasi ziren begiratzen, baina berehalaxe jarri ziren harremanetan Jesus Marietako mojekin”. Hauek komentuaren sotoko lokalak alokatu zizkieten, prezio sinbolikoa jarrita. “Herriari begira egindako ekintza izanda, ilusioz hartu zuten proposamena”.

Arantxa Isart (Azpeitia, 1958), Etxeberriaren lankidea izan zen Uztaron. Gaur egun, Ikasberriko haur eskolako hezitzailea da. “Guztira 31 urte daramatzat haurrekin lanean; 21 urte Uztaron eta hamar Ikasberrin”. Uztaro haurtzaindegiaren sorreraz oroitzapen onak ditu. “Gurasoekin elkarlan estuan aritzen ginen, edozertan laguntzen ziguten: pintatzen, gelak antolatzen, gauzak konpontzen…”. Denen laguntza beharrezkoa izan zen egitasmo berria hutsetik abiatzeako. “Oraindik gogoan dut nola ekarri zuen Inaxita [Bereziartua] Atxuiya-k etxeko sehaska haurtzaindegira”, gogoratzen du Isartek. Haurtzaindegia abian jartzeko lanean aritu ziren emakumeak, besteak beste, Lourdes Badiola, Tere Larrańaga, Mila Amenabar, Mailolo Urrestilla, Marije Etxeberria eta Arantxa Isart bera izan ziren.

Erreleboa. Gaur egun, aitzindariak izan ziren pertsonen seme-alabek hartu dute erreleboa herriko haur eskoletan. “70ko hamarkadan jaiotako haurren umeak hasi dira orain Uztarora etortzen. Orain dela 30 bat urte zaindu nituen haurrak, gaur egun zaintzen ditudan umeen gurasoak dira”, dio Marije Etxeberriak. Etxeberriaren kasua berezia da, familiako hiru belaunaldik egin dutelako topo haur eskolan. “Orain dela 32 urte semea izan nuen haurtzaindegian, eta joan den urtean haren alaba hasi zen haur eskolan”. Igor Zabala (Azpeitia, 1976), Marije Etxeberriaren semea da. Hiru urtera arte Uztaron ibili zen Zabala eta, orain, bere alaba Malen (Azpeitia, 2007) haraxe eramatea erabaki du. “Neu han egondakoa naizelako eta amonak ere lana han egiten duelako aukeratu dugu Uztaro”, dio Zabalak. Hiru eskailerako belaunaldia osatu dute familian, baita haur eskolan ere. Marije Etxeberria haur eskolako hezitzailea, Igor Zabalaren ama eta Malenen amona da; Igor Zabala haurtzaindegiko ikasle ohia, hezitzailearen semea eta gaur egungo ikaslearen aita da, eta Malen Zabala haur eskolako ikaslea, hezitzailearen biloba eta ikasle ohiaren alaba da.

Belaunaldi bikoitza. Arantxa Isarten semea eta biloba ere haur eskolan harekin hezitakoak dira. Arantxa Isarti grazia egiten dio bilobak haur eskolan ‘Arantxi’ eta etxean ‘amama’ deitzen ziola gogoratzeak. Dena dela, gaur egun Jon Leonen kasua bizi du gertutik. Jon Leon (Azpeitia, 1979), Isarten ikaslea izan zen Uztaron, eta orain haren seme Asier zaintzen du Ikasberriko haur eskolan. “Ilusioa egiten du zuk hezi duzun haurra guraso egin dela ikusi eta haren seme edo alaba zure eskuetan izateak”, dio Isartek. Leon gustura dago umea haur eskolara emateko apustua egin izanaz. “Aukera ona iruditu zitzaigun, etxean eta kalean bere kasa ibili beharrean, jendearekin harremanetan dagoelako txikitatik. Gainera, izugarrizko aldea nabari diogu, etxean bere kasa gehiago entretenitzen delako orain”. Ikasberriko hezitzailea ren ustez, “nahi gabe guraso eta seme-alaben arteko konparaketa egiten duzu. Jon eta Asierren kasuan, adibidez, Jon oso ume lasaia zen eta Asier, berriz, oso mugitua”. Leonek ez du ia oroitzapenik haurtzaindegian igarotako denboraldiaz. “Oso txikia nintzen eta ditudan oroitzapen bakarrak argazkietan ikusitakoak eta etxean entzundakoak dira”.

Haur eskolaren antolaketa eta dinamika asko aldatu direla ordutik hona iritzi dio Marije Etxeberriak. “Hasiera batean, haur denak gela berean izaten genituen. Gero, ikastetxean hastear zeuden haurrak ‘Ikastola Txiki’ izeneko gunean bereizi genituen. Gaur egun, berriz, 0-1, 1-2 eta 2-3 adin tarteetan banatuta ditugu”. Ildo horretan, haurtzaindegia dagoeneko txiki geratu zaiela kexu da. “Udalari haurtzaindegia handitzeko eskaera luzatu diogu, zerrendan izena emandako jendea erantzun bat emateko zain dagoelako. Haiei lehenbailehen erantzutea beharrezkoa da”.

Formakuntza. Arantxa Isartek lehen eta orain egindako formakuntza ikastaroen garrantzia azpimarratzen du. “Gipuzkoako haurtzaindegiak biltzen zituen koordinakundeak ikastaro asko antolatzen zituen lehen. Asko mumugitzen ginen eta gauza ugari ikasten genuen”, esaten du Isartek. Era berean, orain dela hamabost bat urte Etxeberriak eta biek Haur Hezkuntzako teknikari titulua ateratzeko ikastaroak egin zituzten Donostian.

Gaur egun, berziklatuta egoteko ikastaroetan parte hartzen jarraitzen dute. Etxeberriarentzat, “oso garrantzitsuak dira ikastaro horiek, guk oinarrizko bi helburu ditugulako: haurrak haztea eta hezitzea”. Haur eskolatik igarotako haurrekiko sentimendu berezia geratzen zaiela aitortzen dute bi hezitzaileek. “‘Nire umeak’ deitzen diet. Oso harreman berezia izaten dugu eskolan eta, ondorioz, sentimendu berezia sortzen zaizu hemendik pasatutako haurrekiko”, dio Etxeberriak. “Ikasle ohi batzuekin harremanetan jarraitzen dut eta haien ibilbidea jarraitu izan dut”, Isartek.

Izan ere, oroitzapen ugari etortzen zaio burura Ikasberriko hezitzaileari. “Urolako Trenean egiten genituen ibilaldiak edota gurdi gainean ume asko jarrita Olatz aldera emandako paseoez akordatzen naiz”.

Ana ZendoiaIraurgi Ikastetxeko haur eskolako hezitzailea

**“Haur hezkuntzan baditugu belaunaldi bikoiztuak”**

Ana Zendoia (Azpeitia, 1983) Iraurgi Ikastetxeko haur eskolako hezitzailea da. 2001eko irailean zabaldu zituen ateak zentroak. Zendoiak han dihardu lanean 2006tik.

Noiz hasi zinen hezitzaile gisa lanean?

2006ko irailean. Dena dela, lehenagotik haur hezkuntzan ibilia naiz hiru urtetik sei urtera bitarterako haurrekin ordezkapenak egiten.

Zergatik erabaki zuen Iraurgik haur eskola zabaltzea?

Eskaerak bultzatu gintuen haur eskola zabaltzera. Guraso gazte asko lanean zeuden, urtebete eta bi urteko haurrek ezin zuten eskolan hasi. Ondorioz, eskaera handia zegoen. Haurtzaindegiaren kokapena ere azpimarragarria da. Izan ere, erdigunean bertan gaude eta horrek lehentasuna du zenbait gurasorentzat ikastetxea aukeratzeko orduan. Gertutasunak erraztasunak eskaintzen dizkie.

Zuen haurtzaindegian familia bereko bi belaunaldi zaindu dituen hezitzailerik ba al dago?

Haurtzaindegiaren kasuan ez, baina badakit belaunaldi bikoiztuen fenomeno hori eman dela haur hezkuntzan. Dena dela, tradizioak eragina izaten jarraitzen du ikastetxea aukeratzeko orduan. Familia bereko hirugarren belaunaldiak hasi dira etortzen.

Zergatik gertatzen da hori?

Ni hemen hazitakoa naiz; beraz, hemengo heziketara ohitu naiz. Zerbait ezagutzen duzunean, tira egiten dizu aukera horrek.

Zein talderen zaintza dagokizu?

Urtebete eta bi urte arteko haurrak ditut taldean. Hamahiru umeren tutorea naiz.

Eskaerak gora egin al du azken urteotan?

Bai. 2007ko udan obrak egin ditugu. Bi gela berri estreinatu ditugu irailean.

Zein da zuen lan taldea?

Hamar hezitzailek lan egiten dugu haurtzaindegian. Bazkaria, berriz, Betharramdarretako sukaldariek prestatzen digute. Haur bakoitzaren beharren araberako janaria eskatzen dugu.

Zerk bultzatzen ditu gurasoak umea haur eskolan uztera?

Batetik, segurtasuna ematen die gurasoei. Badakite ondo zainduta egongo direla haurrak hemen. Zainduta bakarrik ez, hezi ere egiten ditugulako haurrak, programazio zehatza jarraituta.

**Hiru ikastetxe —Milagrosa, Betharram eta Iraurgi— bakar batean elkartzeak nola eragin du zuen antolaketan?**

Hiru ikastetxeak 2001ean elkartu ziren eta horrek zabaltasuna eman digu.

Zer eskaintzen du zuen haur eskolak?

Ordutegi malgua eta irekia izatea garrantzitsua da: gurasoek haurra eguerdian etxera eramateko aukera dute, eta umea bi edo hiru ordura ekar dezakezu.

Eguneroko lan dinamika nolakoa da?

Gelara sartu besterik ez dago hezitzaileen eta haurren arteko harremanaz jabetzeko. Konfiantza, gertutasuna, freskotasuna eta goxotasuna sumatzen dira segituan. Adin txikiko haurrek asko eskatzen dizute baina, aldi berean, asko ematen dizute. Oso lan goxoa da eta irailetik ekainera alde handia egiten dute. Harreman afektiboa sortzen da hezitzailearen eta haurraren artean. Gainera, haurtzaindegiak orain gutxi ireki zituenez ateak, hezitzaileak gazteak gara. Horrek abantailak ere eskaintzen ditu: haurrekin mugitzeko, pentsamolde aldetik, unibertsitatean ikasitakoa aplika-tzean...

Gaur egun, 70ko hamarkadako Baby Boom-aren bigarren belaunaldia ari al gara bizitzen?

Udalak ematen digun erroldan oinarrituta, azken urtean 160 bat haur jaio dira Azpeitian. Bi urte lehenago, berriz, 155 inguru. Beraz, guk haur eskola zabaldu genuenetik, ez da asko aldatu jaiotze-tasa. Dena dela, argi dago azken urtean jaiotzek gora egin dutela, eta etorkinak ere gero eta gehiago ditugula.

Lehengo belaunaldiei emandako heziketak indarrean jarraitzen al du?

Lanrroberra, pintto-pintto eta kantu horiek beti egongo dira eguneratuta. Gainera, umeei asko gustatzen zaizkie abesti horiek.

Zuek zeuok ere hemen ikasitakoak zarete. Zer moduz orain lanean?

Orain nire lankideak diren asko lehen nire andereńoak izandakoak dira. Horrek hasieran harritu egiten ninduen, baina dagoeneko ohituta nago. Lehen aldiz praktikak egin nituenean hementxe egitea erabaki nuen. Baina praktikak iraun zuen denboran ez nintzen irakasle gelara igo, lankide baino gehiago oraindik irakasle ikusten nituen.

Azpeitiko haur eskolak datuetan

Ikasberri azpeitiko ikastola

1997tik zabalik. 0 urtetik-urtebetera. 418 haur. 4Bi gela. Urtebetetik-bi urtera. 420 haur. 4Bi gela. Bi urtetik-hiru urtera. 430 haur. 4Bi gela.

Iraurgi ikastetxea

Milagrosan. 2001etik zabalik. 0 urtetik-urtebetera. 416 haur. 4Bi gela. Urtebetetik-bi urtera. 426 haur. 4Bi gela. Bi urtetik-hiru urtera. 450 haur. 4Hiru gela.

Uztaro haurreskola

1975etik zabalik. 0 urtetik-urtebetera. 4 10 haur. 4 Gela bat. Urtebetetik-bi urtera. 4 24 haur. 4 Bi gela. Bi urtetik-hiru urtera. 4 19 haur. 4 Gela bat

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak