|
|
|
Iraurgi hiri berrira?
Enekoitz Esnaola
Bailararen eredu ekonomikoa berritu beharra dagoela iritzi dio Ezagutza Guneak: lan egiteko modu berria, teknologiako apustua...
|
|
Azpeitiko enpresa batzuk ageri dira irudian. Herriko lantokirik handienak parte hartzen dute Ezagutza Gunea bailarako erakundean, baita hainbat txikik ere.
|
|
|
|
Ezagutza Guneko lan talde teknikoa, bilera batean.
|
|
Eusko Jaurlaritzak Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) lehiakortasunaz azterketa bat plazaratu du, Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eginda. Hamabost eskualde aztertu dituzte, eta haietako bailara bat: Iraurgi (Azpeitia-Azkoitia).
Lan hori egiteko Euskal Institutuarekin hitzarmena sinatu zuten Ezagutza Guneak —hau Iraurgi Lantzenek sortu zuen—, eta azterketa horretan eskualde hauek hartu dituzte kontuan: Deba Goia, Deba Behea, Markina-Ondarroa, Tolosaldea, Goierri eta Urola Kostako, gertutasuna, tamainua, sektoreen espezializazioa, eta formazioan eta ezagutzan dituzten proiektuengatik.
.2007 hasieran ekin zion azterketa egiteari Ezagutza Guneak, eta apirilean bukatu zuen. Miren Larrea eta Itziar Abarisketa aritu dira hor, besteak beste, eta ondorio batzuk atera dituzte Iraurgi bailararen enpresen-eta lehiakortasun egoeraz.
LAN ESTILOA BAILARAN
Orain artekoa. “Orokorrean, Iraurgi bailaran izaera industrial batetik gatoz. Egiten duguna ondo egiten zentratu gara orain arte, bailarako eredua kalitatean oso ondo kokatuta dago, eredu horretan enpresak egonkortuta daude, urte askoko ibilbidea dutelako, baina gaur egun berrikuntza aldetik pausoak ematea da eskatzen zaiguna. Hau da, hemen gauzak ondo egin arren, beste tokietan merkeago egiten dituzte, eta gauzak guk bezain ondo egiten duen gero eta jende gehiago dago. Horrek enpresetan egundoko presioa sortzen du. Gaurko eredu honekin limitera iristen ari garen kezka dugu, eta horrela zaila izan dezakegu lehiatzea”.
Gerokoa. “Eredu berritzaile baterago pasatu behar gara, berrikuntza barneratuta izango duen eredura. Horrek, pertsona ardatz bezala izatea eskatzen du, jakintza ere bai, jakintzaren transmisioa... Berrikuntza barneratzeak, enpresa barruan lana egiteko modu desberdina eskatzen du: lan talde autogestionatua, jendeari ardura handiagoa eman, parte-hartzea handitu... Jauzi hori Iraurgin dena eman gabe dago. Enpresak ari dira, baina oraindk jauzi hori falta da. Antolaketa berrian, jendearen sormena bultzatzen da, eta gu hori ari gara sustatzen. Irizar autobus kooperatibaren eredua aztertu dugu, esate baterako. Zuk enpresa bezala berritzailea izan nahi baduzu, berrikuntza horretarako ideiak mundu guztiak ematen dizkizu, era denetakoak. Baina zuk hori zeure egiten baduzu, lana beste era batera antolatu behar duzu, makinan lanean ari denak ere jakintza izatea garrantzitsua da, eta zuk haren jakintza eta ideiak mahai gainera ateratzen laguntzeko lan eredua martxan jarri behar duzu. Langile hura egunero ari da bere lanean, asko daki bere lanaz, baina inork ez badio galdetzen... Horrek kultura aldaketa handia suposatzen du. Behetik gorako bidea egin behar da antolaketan. Zeron ez gaude, baina ez da erraza pausoak ematea”.
BI ARDATZ
Teknologia. “Bailara txikia da Iraurgi, eta garbi izan behar dugu denetik ezin dugula eduki. Zentro teknologiko bat badugu —Cidemco— eta bailaran badira teknologia handia duten enpresak —makina herramintakoak; maila ertain-altukoak dira—. Baina
bailaran azkeneko bost urtean, adibidez, teknologia altukotzat jotzen den enpresarik ez da sortu. Eta ikusten da jakintza, balio erantsia, apustu politikoak... sektore horiek bultzatzera doazela; bioteknologia, nano-teknologia... Apustu indartsuak hor doaz, eta guk ez ditugu sektore horiek. Beste eskualdeetan (hiriburuen inguruan) mugimendu handiak daude arlo horietan, Iraurgin ez”.
Balio erantsia. “Jauzi bat emateko, balio erantsi handiagoko jarduerak egin beharko genituzke. Egoera ez baita erraza; izan ere, hemen bizi maila handia dugunez, lehengaiak gero eta garestiago daudenez eta hemen eskulana beste tokietan baino garestiagoa denez, kostuetan Txinarekin-eta lehiatzea oso zaila daukagu. Askotan balio erantsi hori teknologia mailari lotuta egoten da: teknologikoki zenbat eta garatuagoa den produktua izan, errazagoa da balio erantsia ezartzea edo izatea eta, hala, kostu txikietan dabiltzanek zailagoa dute zurekin lehiatzeko”.
ABANTAILA
Homogeneotasuna. “Gure estilokoak izan daitezkeen eskualde industrial batzuetan ez dagoen aukera dugu Iraurgi bailaran, beste lekuetan ez dagoen homogeneotasuna dugulako aurrera irteteko estrategia bat bilatzeko; kulturalki, hizkuntza aldetik, politikoki ere bai... Etorkinak hemen ere badaude, baina beste leku batzuekin alderatuta esaten da oraindik garaiz gaudela haien integrazioa ondo egiteko”.
GIROA SORTU BEHARRA
Helburua. “Eragile denak bide horretan sartzeko, sor dezagun bailaran giro bat, balio erantsia bilatzeko modua. Esaten da berez arlo bakoitzak baduela horretarako aukera. Gure azterketan ez dugu esaten: ‘Hauek ondo daude eta hauekin egin dezagun apustua’. Guztiontzat giroa sortzea da helburua. Bailara mailan egokitzeko erronka handia dugu denok, aldaketa egiteko kolektiboki giroa sortu behar dugu, gero norberak bere apustuak egiteko, babesa aurki dezaten aldaketak gauzatzean, esperientziak partekatzeko foroa... Inork ez du hemen apustua egingo, geu ez bagara mugitzen”.
Lankidetza. “Horra bidean, Ezagutza Gunekook hasieran enpresetako giza baliabideetako arduradunekin biltzen hasi ginen. Gero, enpresaren lan eredu aldaketa bultzatu behar bazen, haiek kudeatzaileek ere parte hartzea eskatu zuten, eta kudeatzaileekin ere lan egiten hasi ginen. Produkzio arduradunek ere hartzen dute parte. Lantokietan profil dinamizatzailea edo koordinatzailea duten lagunekin ere aritu gara. Hau guztia enpresetako beste arloetara zabaltzeko asmoa daukagu”.
Iraurgi Hiria
Lehiakortasunaren Euskal Institutuak eta Ezagutza Guneak Iraurgi Hiria bailara aztertu eta honako ondorioak atera dituzte.
Indarguneak.
-“Iraurgi bailarak homogeneotasuna eta kohesioa daukate, eta horrek kapital soziala sortzeko prozesuak erraz ditzake. Horiek berrikuntzarako eta etorkizuna eraikitzeko aldagai erabakigarria izan daitezke”.
-“Bailaran errotutako eredu industrialaren biziraupena. Ziurtagirien maila handia eta biziraupen enpresariala ere bai. Enpresek erresistentzia gaitasuna dutela erakusten dute eta hori aldi luzeko konpromiso serioetan oinarrituta dago. Gaur egun arte iraun duen eredu espresarialarekin lehiatzen jakin dute. Hala ere, batetik hori indargune bada ere, ahultasunean bihur daiteke, beti egin izan dena hobeto egitera, berritzera eta orain arte egin ez dena egiten hastera pasatzen ez bada”.
Ahulguneak.
-“Formazioa, teknologia eta aldagai dinamizatzaileen falta (eskasia dago: kanpoko enpresa taldeena, kanpoko kapitalarena, ikerketa edo teknologia zentroena, kanpoko talentuena, eta eredu batetik bestera joateko balio erantsi zehatzen ekarpena egin dezaketen erakunde publikoena”.
Lehiakortasunaren azterketak dituzten beste gaiak
Egokitu. “Lehiakortasun politikak bailara bakoitzaren ezaugarrietara eta berezitasunera egokitu behar dira”.
Identifikazioa. “Enpresaren proiektuarekin identifikatutako pertsonak behar dira, sortzaileak eta motibatuak. Hori, lan egonkortasunarekin estu lotuta dago”.
Udalak. “Administrazio lokalek pentsatu izan dute zerbitzu publikoak jartzea zela euren egitekoa. Ez dute horrenbeste pentsatu euren lurraldearen lehiakortasuna hobetzeko estrategia ekonomikoa egitean eta garatzean parte hartu behar
zutenik”.
Prozesua. “Estrategia zehazteko prozesuak behetik gorakoa izan behar du. Bertako eragileek elkar hartu behar dute bailarako lehiakortasuna eta ongizatea hobetzeko. Ezinbestekoa da bilguneak sortzea, eragile denek parte hartzeko".
Iraurgi Hiria eta Euskal Autonomia Erkidegoa: konparaketa (Iraurgi / EAE)
Emaitza ekonomikoak (Iraurgi / EAE)
Barne Produktu Gordina per capita (eurotan) 23.895 / 19.316
Familiak erabilgarri duen errenta (eurotan) 27.374 / 25.559
Okupazio tasa %48 / %43
Langabezia %8 / %11,6
Industria motetan langileria (Iraurgi / EAE)
Zerbitzuak %39,6 / %27,5
Eraikuntza %11,2 / %9,3
Industria eta energia %49,2 / %27,2
Eskaera (Iraurgi / EAE)
Biztanleria gaztea (15-29 urte) %19,5 / %18,6
65 urtetik gorako biztanleria %17,4 / %18,2
Ekoizpenerako faktoreak (Iraurgi / EAE)
16 urtetik beherako biztanleria %15 / %13
65 urtetik gorako biztanleria %17 / %18
Dependentzia adierazlea %49 / %45
Atzerriko biztanleria %2,5 / %3,4
Herriko inbertsioa azken 3 urteetan biztanleko (milaka eurotan) 1.185/ 785
Estrategiarako eta lehiarako baldintzak (Iraurgi / EAE)
Azken 5 urtean sortutako establezimenduak dirautenak %71,2 / %67
Mila biztanleko enpresa kopurua 79 / 74
Ikerketa+Garapenean ari diren enpresak %1,18 / %0,7
Industri teknologikoan dabilen biztanleria %0,19 / %0,5
Iraurgi. Azpeitia eta Azkoitia. / Iturria. Lehiakortasunaren Euskal Institutua eta Ezagutza Gunea
Ezagutza Gunean parte hartzen duten hiru eragile
Conchi Azpiazu (Lan Mobel kooperatibako giza baliabide arduraduna eta Ezagutza Guneko lehendakaria)
“Azterketan aipatzen da enpresentzat lehiatzeko modua aldatzen ari dela. Merkatuak gero eta azkarrago aldatzen dira eta, horiei erantzuteko, barne antolaketa egokitu beharra dugu. Ondorioz, estrategia, kalitatea edo pertsonen parte-hartzea bezalako gaiek garrantzi handia hartu dute guretzat. Bailaran prozesu hauek laguntzeko, gestio modu berrietara egokitzeko, beste enpresa batzuen esperientziak ezagutzea oso interesgarria da. Ezagutza Guneak, adibidez, hori erraztu egiten du, enpresen arteko lotura bultzatzen duelako. Bestalde, foro honek erakundeekiko harremanak ere erraztu dizkigu, eta berrikuntza edo kalitatea moduko gaietan dituzten egitasmoen berri izan dugu".
Maria Dominguez (Domusa kooperatibako giza baliabide arduraduna eta Ezagutza Guneko Kudeaketa Kontseiluan enpresen ordezkaria)
“Txostenean irakur daiteke inguruko eskualde gehienetan baino joera gutxiago dugula etengabeko formaziorako Iraurgi bailaran. Enpresetan dugun sentsibilizazio maila arrazoi bat izan liteke. Baina garbi daukagu formazio mota hori oinarrizkoa dela epe luzera sistema berriak eta hobekuntzak ezartzeko. Beste eskualdeekiko konparazioari dagokionez, prozesuok bultzatzeko lanbide heziketako ikastetxea indartzeko beharra sumatzen dut. Alor hori buruz Ezagutza Gunean, foroaren bidez, enpresako ateak irekita ditugu. Ondorioz, gaur egungo ikasleengana iristen gara eta, gainera, lanbide heziketako eskolatik gaur falta diren zerbitzuak eskaintzeko pausoak ematen ari gara”.
Jesus Agirre (Iraurgi Lantzeneko eta Ezagutza Guneko zuzendaria)
“Erronka gisa, gure bailarako biztanleen hezkuntza eta prestakuntza maila sendotzea eta horretarako bailarako hezkuntza sistema egokitu beharra. Hori gizarte kohesiorako oinarri izango litzateke, enpresen balio erantsia, berrikuntza eta lehiakortasuna bermatuz eta etorkizuna sektore eta teknologia berrietara bideratuz. Ezagutza Gunea, Iraurgi Hiri berritzailearen arima izatea nahi genuke. Sare publiko pribatua eta irekia da Ezagutza Gunea, eta eragile berriak elkarlanera erakartzea da gure helburua. Gure enpresen eta erakundeen eraginkortasun eta lehiakortasuna areagotuz, bailarako biztanleen bizi kalitatea etorkizunean ere bermatzea izango litzateke xedea”.
Ezagutza Guneari buruzko datuak
Sorrera. Duela bost urte eta erdi sortu zuen Ezagutza Gunea Iraurgi Lantzek.
Egitekoa. “Bailarako topagunea da, eta eskualdearen garapena du helburu. Jakintzan oinarrituta, elkarlanean egiten dira gauzak”.
Kideak. Azpeitiko eta Azkoitiko udalak, Iraurgi Lantzen, bailarako ikastetxe guztiak eta bertako enpresak.
50 langiletik gorako enpresak Ezagutza Gunean. Azcue y Cía, Biele, Corrugados Azpeitia, Danona, Ibarmia, Juaristi TSCO, Glual, Grumal, Sarralle, Lan Mobel, Sidenor, Zubiola eta Domusa. Denak ere Azpeitikoak eta Azkoitikoak. 2.354 langile daude enpresa haietan; bi herriotako biztanleria landunaren %23.
Enpresa txikiak Ezagutza Gunean. 15-50 langile bitarteko Azpeitiko eta Azkoitiko 30-40 enpresek ere parte hartzen dute.
Nolako Gunea?
Ezagutza Gunean hainbat lan taldek hartzen dute parte. Haientzat Guneak nolakoa izan beharko luke?
Lehiakortasunaren Euskal Institutua. “Berrikuntza eredu batera joateko proiektuan, bailarako eragileentzat aukerarik onena izan behar du Ezagutza Guneak”.
Ezagutza Guneko lan talde teknikoa. “Energia eraldatzailea da. Elkarlanetik sortua, eskualdea indarberrituz. Energia, prozesu sortzaileetara eta berrietara bideratu behar du”.
Ikastetxeak. “Eskualdean gizartea aktibatzeko topagunea izan behar du”.
Azpeitiko eta Azkoitiko udalak eta Iraurgi Lantzen. “Iraurgi Hiria berritzailearen arima izan behar du”.
Ezagutza Gunean hasieratik dauden enpresak. “Ilusioak gestionatzeko behar luke”.
Ezagutza Gunean dauden enpresa berrienak. “Bide berriei atea irekitzen segitu behar du”.
|