Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko maiatzak 17,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Urtarrila »  "Herrian baserrietan laguntzarik gabe jende asko bizi da"

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

"Herrian baserrietan laguntzarik gabe jende asko bizi da"

Arantxa Aldalur

Urkomek landa eremuetako garapena bultzatzeko asmoarekin zabaldu zituen ateak 1986an. Manuel Odriak hamasei urte daramatza han lanean, kudeatzaile. Landa eremuetako egoera inork baino hobeto ezagutzen du, baina erretiroa hartuko du urte hasieran.

Manuel Odria Urkomeko kudeatzailea Elizalde baserriaren aurrealdean, Izarraitz auzoan.  
Lan bidaiak, han eta hemen
Lan bidaiak, han eta hemen.  Urkomeko kideak Europako Mendietan (Asturias, Espainia) ageri dira, 2006an. Zutik atzean, ezkerretik eskbira, Pedro Olazabal, Iņaki Arruti, Manuel Odria, Igor Iturain eta Iņaki Etxezarreta. Behean eseria, ezkerretik eskubira, Joxe Antonio Idarreta, Xabier Arruti, Antonio Urbieta eta Juan Mari Andueza. 

Zein izan da zure egitekoa Urkomen?

Landa eremuei zuzendutako diru laguntza publikoak bideratzen ditugu Urkometik. Urola Kostako 11 herri biltzen ditu gure erakundeak: Aia, Orio, Zarautz, Zumaia, Aizarnazabal, Getaria, Zestoa, Errezil, Beizama, Azkoitia eta Azpeitia. Baserritarrek dituzten beharrak aztertu eta konponbidea ematen saiatzen gara. Azpiegiturez arduratzen gara; orain arte, errepideez eta ur sareaz, batik bat. Horrez gain, baserriei bideratutako gizarte laguntzak ere aztertzen ditugu. Bideetako seinalizazioak hobetzen ere saiatu gara.

Zein dira baserritarren arazorik larrienak gaur egun?

Baserriek arazo izugarriak dituzte azpiegituretan. Ur sareak oso kalitate eskasekoak dira, adibidez. Baserritarrek euren lurretatik hartu dute ura urteetan eta horrek arazo larriak eragin dizkie. Alde batetik, ez dira ur saneatuak eta, bestetik, udara partean iturri horiek agortzea ohikoa izaten da.

Eta zer egin duzue?

Urkomek gai horren inguruko azterketa sakona egin du. Urola Kostako Landa Inguruko Ur Hornidura Plana aurkeztu dugu. Azpiegiturak hobetzea beharrezkoa dela argi geratu da azterketan. Proiektua datozen hamar urteotan garatuko dugu eta, horretarako, 36 milioi euroko aurrekontua izango dugu. Denon eskubidea da saneatutako ura izatea etxean. Hala ere, baserri askotara oraindik ez da urik iritsi. Bestalde, errepideen egoera ere tamalgarria da. Izugarrizko aldapa eta bihurguneak daude bide askotan, eta horrek oso modu txarrean eragiten die baserritarrei.

Azpiegitura arazoak alderatuta, egoera onean al dago inguruotako landa eremua?

Bizimodua izugarri aldatu da urte gutxian eta, aldaketa hori, landa inguruan ere asko nabari da. Gaur egun, ez da ia inor bizi baserritik. Gainera, inor gutxi dago eskatzen duen dedikazioa eskaintzeko prest. Baserritarren batez besteko adina handia da, ez dago lekukorik, inportazioko produktuen lehia izugarria da... Horrela, zaila da bizirautea.

Zer diozu Azpeitiko egoeraz?

Azpeitian, adibidez, 350 baserri ditugu gutxi gorabehera eta esku bateko hatzekin konta ditzakegu erretiratu gabe egonda baserritik bizi direnak. Esnea saltzen dutenak bost izango dira herrian, eta esne salmentatik bizi dena, berriz, bakarra. Datu horiek argi erakusten dute baserriko gaur eguneko ekoizpen maila. Baserrietan bizi diren kideek behar dituzten gizarte laguntzak izan ditugu aztergai. Guztira 323 baserri aztertu ditugu eta Azpeitian inolako gizarte laguntzarik gabe jende asko bizi dela ohartu gara.

Atzerriko landa eremuetan ere izana zara. Ba al dago besteengandik zer ikasi?

Asko bidaiatu dut beste herrialdeetara. Hogei estatu bisitatu ditut urteotan, betiere berrikuntzak eta sistema hobeak ikasteko helburuarekin. Bidaietatik beti hartzen dira ideia berriak; turismo eta teknologia berrien ingurukoak, batik bat. Suitza eta Austria dira gure eredu landa eremuan; paisaia ere geure antzekoa dutelako, agian.

Zein da baserrien etorkizuna?

Baserrien etorkizuna nahiko iluna da. Kalitatearen eta mendietako garbitasunaren aldeko apustua egin behar dugu. Alde batetik, laguntzak eman behar dizkiegu baserritarrei bizi baldintzak hobetu ditzaten. Bestetik, dagoeneko hustuta dauden baserriei alternatibak bilatu behar dizkiegu.

Herrialdeak Odria atzerriko herriotan izan da baserriak-eta ikusten.

  • Frantzia. - Ingalaterra. - Portugal. - Espainia. - Irlanda. - - Eskozia. - Italia. - Suitza. - Austria. - Alemania. - Holanda. - Belgika. - Estonia. - Finlandia. - Danimarka. - Kroazia. - Luxenburgo. - Turkia. - Israel. - Kanada.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak