Eta beste
Autoenplegua
Mirari Garaia
Kontsumoa ikaragarri jaitsi omen da eta arrazoiak, adituen esanetan, etenik gabe gora egin duten interes-tasak eta petrolioaren prezioa omen dira.
Inork gutxik leporatzen die egoeraren errua soldata baxuei. Mileuristak dagoeneko gizartearen zati bihurtu dira; integratu, fusionatu eta normaltasunez hartzen ditugu.
Badira, ordea, destinu petral horri aurre egin nahian euren aldetik lanean hasten direnak. Eta, ahaztu gabe, aldez aurretik esan nahi dut, nire errespetu osoa dutela.
Nire lagun bat azken hamar urteotan seme-alabak zaintzen egon da. Orain lan mundura itzuli nahi du eta, horretarako, inoren menpe egon gabe, bere kabuz ekitea erabaki du.
Ez da bakarra. Urolaldean autoenplegua bultzatzeko lan egiten duen erakundearen arabera, 2007an, urtarriletik azarora bitartean, 75 dei jaso zituzten enpresa berri bat sortzeko aholku eske.
Hemezortzi proiektu egiten lagundu dute, eta aipagarriena: dagoneko sei enpresa berri daude martxan Azpeitia eta Azkoitia artean.
Sarri entzun ohi dugu Azpeitian enpresa asko dagoela, horregatik dela gure herria aberatsa. Enpresak sortzen jarraitzen dugu, gainera, eta gaur hasi berri direnak bihar enpresa indartsu bihur daitezke. Azpeitiarron ekimen ahalmena ez da agortu.
Autoenpleguaren inguruan argibide eske jo duten guztien artean %61 emakumeak izan dira eta % 39 gizonezkoak. Emakumeak lehia horretan gaude, dudarik gabe.
Baina hori lasaiago aztertzeko moduko datua dela iruditzen zait eta... hurrengo baterako utzi beharko dugu.
|