Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Urtarrila »  Iritzia »  Poteotik txikiteora / Zulotik zulora

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Poteotik txikiteora / Zulotik zulora

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Poteotik txikiteora

Aupa, gizon! Kito! Oraingoan bai, oraingoan urteak aurrea doazela antzeman diat. Gorputzak beste erritmo bat hartu zidak. Hala ere, ez nauk kexa, eboluzioa delakoan nagok. Azalduko diat. Gazte orok, gazte denetik, helburu garbi bat izaten dik astero-astero: asteburua. Eta zehatzago esanda: larunbat gaua. Bai, horrela gordinegia zirudik, baina ala izan ohi duk. Gaupasa eder bat bota eta ahal dena egin. Ez nauk zehaztasunetan sartuko...

Ba... ez zakiat zer gertatzen zaidan azkenaldian, baina ikuspuntua aldatzen ari zaidak. Orain nahiago diat eguerdi aldera kale bueltaxka bat egin, bizpahiru ardo edo txakolin edan, kalamara sorta bat ahoratu eta kontu kontari lagunekin egotea. Ondoren, bazkaldu eta siesta txiki bat. Egia duk, oraindik larunbat gauetan ere gustura irteten diat, baina tabernak itxi arte gehienera.

Garaiak dituk Inox zapaldu ez dudala; oraindik ez diat hamar eurokorik ordaindu. Astegunean ere, edozein egunetan, 19:00ak aldera pintxo batekin tragoxka bat hartuz egunari beste kolore bat ematen zioat. Hi! Ez pentsa gero egunero edanean nabilenik. Ziur nagok, edonork, beno gazte askok, larunbat gau batean nik aste osoan zehar baino gehiago sartuko duela zintzurrean behera.

Igandeak ere beste zentzu bat har zezakek larunbatean fresko antzean erretiratzen bahaiz. Beno, igandeena oraindik bidean zagok...

Kontua duk, dirudienez, hau dela bide naturala. Esana nian, aspaldian geu garela larunbat gauetako aitonak; 25 urtetik gorakoak gero eta gutxiago gaituk. Bazakiat oraindik gerra asko emango dugula zapatu gauaren ilunean baina, akaso, poteotik txikiteora pixkanaka pasatzen hastea tokatzen zaiguk. Umore ederrean ibiltzen dituk, bai, nik ezagutzen ditudan zenbait txikitero beterano.

Zer diok? Ados al hago ala laguntza behar diat?

Zulotik zulora

Igor, maitea! (Tum-tum). Mekauen dio! (Tum-tum). Hau duk gorputzaldi eskasa. Eta dena hire kulpagatik. Zapla! Erori nauk hik jarritako zuloan. Ateratzea dezente kostatzen ari zaidak. (Tum-tum). Gaur ez nagok esaldi luzeak idazteko. (Tum-tum). Hitzak banaka etortzen zaizkidak. 30 segundoko interbaloekin.

(Tum-tum). Hire gutuna irakurri nian. (Tum-tum). Diooos! Bihotza buruan dudala zirudik. Hire hitzek motibatuta, zapatu iluntzetako giroa ikustera irten nian. Atzo. (Tum-tum). Aspaldiko partez. Jendea, tamainan. (Tum-tum). Arrazoia daukak: gaztetxo asko. Gu baino zaharragoak ere bazeudean, ordea. Eta nola, gainera! (Tum-tum). Korralenean bukatu genian. Bertsotan. Hura erridikulua!

Tiriti delako horrek, nagusiak, bidali egin gintian. (Tum-tum). Hura ere bertsotan. Gu bezala. Eskas.

Gaur bazkaria eduki diat. (Tum-tum). Berandu iritsi nauk. Egon hadi pixka batean, komunera noak... Hemen nauk berriro. Zortzigarren aldia diat. Guztietan hirekin gogoratu nauk. (Tum-tum). Ez diat ezer jan. (Tum-tum). Ahal bezain pronto etorri nauk etxera. Sofan etzanda egon nahi nian. Igande freskoek beste zentzu bat ditek, bai. Hori ere faltan botatzen diat. Freskotasunaz ari nauk. Egundoko beroa diat. Lamara. (Tum-tum). Diooos! Posible al da!

Igor, beldurra ematen zidak hire planteamenduak. Eta poteotik txikiteorako trantsizio horretan ataskatzen bagara, zer? (Tum-tum). Egunero horrela? Ezta pentsatu ere! Alkohola, pintxoak eta siesta. Orain ulertzen diat txikiteroen tamaina. (Tum-tum). Tripaz ari nauk, jakina. Hik eman saltoa eta berriz ere joan beharko duk spinning-era! Ni gaur serio pentsatzen egon nauk. Ez diat gehiago parrandarik egingo. (Tum-tum). Arrazoia daukak honetan ere: zahartzen ari gaituk. (Tum-tum). Biharamuna astunagoa duk. Diotenez, egunak irauten ditik! (Tum-tum...).

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak