Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko uztailek 9,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2008 »  Urtarrila »  Iritzia »  Egunero (II)

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Egunero (II)

Olatz Prat

Artikulu honen lehenengo zatian bullying kasu bat izan zitekeena deskribatu nuen. Lehenengo zati hori amaitu nuenean segida bat behar zuela iruditu zitzaidan. Gaiak, orri asko idazteko aukera emateaz gain, aldizkari honetan idazteko eta nire iritzia publiko egiteko dudan pribilegioa aprobetxatuz, beste buelta bat emango diot gai horri.

Telebista piztu dut gaur. Lehen katea, gizon batek bere emaztea erail du; bigarrena, Ameriketako indigenen egoera; hirugarrena, Ziber gerrariak; laugarrena, Darfurreko gatazka; bosgarrena, Shin Chan; seigarrena, Rex hilketa bat ikertzen; eta zazpigarrena, Pressing Catch. Mundial. Aurreko batean esan nuena errepikatu behar dut: haurrei ematen dieguna emango diote haiek gizarteari. Zazpi katetatik zazpitan nolabaiteko mezu negatiboa: batzuk ezagutzera eman beharrekoak, besteak inolaz ere beharrezko ez direnak eta edozeinentzat kaltegarriak. Haurrei errespetua, duintasuna eta bakea bezalako baloreak erakusten badizkiegu, gauza bera egingo dute haiek besteekin. Eta horrekin ados ez dagoena, itzul dadila egon behar lukeen haitzulora.

Jazarpenak gora. Haurrek estimulo negatiboak jasotzen dituzte egunero eta ez da harritzekoa, beraz, bullying edo eskola jazarpen zifrak aregotu eta larriagotu izana. Baina zer da bullying? Honela definitzen du J.M. Aviles psikologo eta adituak: “Ikasleen artean modu errepikakor batean gertatzen diren eta denboran iraunkorrak diren beldur-eragite eta tratu txarrak, helduen begiradatik aparte betiere, eta zapaltzaile bat edo gehiagoren aldetik eraso fisiko, ahozko edo sozialen bidez, defentsarik gabeko biktima bat umilatu, isolatu edo neurrigabe menperatzeko intentzioarekin gertatzen direnean, ondorioz biktimizazio psikologikoa eta taldearen gaitzespena eraginez”.

Beti egon da eskola jazarpena. Baina, bizitzan beste zenbait gauzekin bezala, komunikabide berriekin gertatu zaiguna da ez dakigula benetan mundua gero eta okerrago dagoen ala beti gertatu izan diren gauza horiez guztiez jakitean okerrago dagoela iruditzen zaigun. Hori albo batera utzita ere, landu beharreko arazoa da, gainditu beharrekoa.

Haurrak haur direlako eta askotan euren ekintzen ondorioak ezagutu edo aurreikusi ezin ditzaketelako, lehenagotik gaudenoi dagokigu lan egitea. Eskola jazarpenaren fenomenoak prebentzio lana behar du, batik bat. Lehentasunezko lana da haurrek txikitatik bizikidetzarako beharrezkoak diren giza eskubideak ezagutu eta lantzea. Ikasleen oinarrizko eskubideak dira, adibidez, ‘ni neu izateko eskubidea’ edo ‘errespetua izateko eskubidea’. Bestalde, ikasleek badute besteekiko betebeharrik, funtsean esaldi bakar batean laburbiltzen direnak eta edozeinek edozein egoeratan aplikatu behar lukeena: ‘Besteekin zintzoa izatea’; azken batean, besteak geu tratatua izatea nahi genukeen moduan tratatzea geuk haiek.

zergatiak. Zerk eramaten du, ordea, haur bat beste bat erasotzera? Faktore desberdinak egon daitezke, baina kasu askotan ez da atxikipen, maitasun edo arreta falta besterik, zenbait jarreren aurrean muga garbirik ez edukitzea, edo babes gehiegi ematea, edo modu emozional eta irrazional batean erreakzionatzen duten guraso edo helduekin harremana izatea. Haurrak, azken batean, ez ditu bizikidetzarako beharrezkoak diren baloreak bereganatzen, eta jasotzen duena ematen du.

Aztertu beharrekoa da haurra-gurasoak-irakaslea harremana. Irakasle zenbaitengan motibazio falta somatzen da, bokazio txikia. Bizitzaz, baloreez, etikaz, nahiko genukeen munduaz gero eta gutxiago hitz egiten da bai geletan, bai etxeetan. Gurasoek euren aldetik, haurrak hortzez eta haginez defenditzen konpensatzen dute eskaintzen dieten denbora urria, “nire semeak ez du horrelakorik egin” bezalako esaldiekin. Haurraren heziketan ardatz diren bi figura horien arteko etengabeko desautorizazioek erreferentzia gabe uzten dute haurra.

Guztion porrota da jazarpen kasu bakar bat ere egotea, erasotzaile edo erasotu ez bagara ere, beste inork baino baliabide gehiago dituen hirugarren espazioa baikara. Helburua bakarra da —bidea ere bai—, etikan eta baloreetan hezitzea. Eta hori guztion ardura da.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak