Enbido
Megafonia berria
Koldo Aldadur
Erlijio katolikoari buruz idazten hasita, seguruenik interesgarria izango litzateke elizako agintariek XVI. mende hasieran Nafarroako egoera politikoan izan zuten eragina argitzea, edo kontatzea Inocencio VIII.a aita santuak, hilzorian zela, hiru umeren odola edan zuela bere bizia luzatuko zuelakoan (laurak hil ziren), edo azterketa zehatz eta sakona egitea gure sexu harremanetan hainbeste lekaime, fraide eta apaizez inguratuta egoteak izan duen, eta duen, eraginaz.
Interesgarria litzateke, Hego Amerikan batik bat, liberazio elizak egin duen lana zergatik ez duen gustuko eliza ofizialak jakitea, hausnartzea hiesa herrialde pobreenetan hain zabaldua baldin badago Vaticanoak zerikusirik baduen ala ez, munduko milioika emakumeren eguneroko zapalketan eraginik ba al duen intsentsuz eta tradizionalismoz igurtzitako gizonezkoek idatzitako entziklikak. Homosexualak eta lesbianak baztertzeko zergatik hainbesteko grina. Zergatik ematen den hainbeste pedofilia kasu elizaren barruan.
elizaren eragina. Jakingarria da kontsumismoa eta gabonak betiko sinonimo bihurtu direla, baina jakingarria da, era berean, nolako eragina izan duen eliza katolikoaren zati batek euskarak egun duen egoeran, edo nolako zerikusia izan zuen elizak borroka armatuak herri honetan eman zituen estraineko pausoetan.
Erlijioei buruz, horrela orokorrean pentsatzen hasita, nahiago nuke logika eta fedearen artean dagoen amildegian hegan egiten baneki, analisia arrazionalista eta metafisikoaren arteko zubia eraikitzeko gai banintz edo, besterik gabe, hil ondoren jaio aurretik baino okerrago izango garen edo ez usainduko banu.
Ez naiz, ordea, gauza sentitzen. Eguna zabaltzean gauza bat sentitzen dut eta ilunabarrean bestea. Ederra nago ni, kontraesanetan itota, besteei ezer adierazteko. Dena dela, kontatzen badakit eta Azpeitian kristautasuna ez dela erlijio bakarra garbi daukat. Begira, islamiarrak, ugari. Budazaleak, bakar batzuk. Judaismoaren segidakoak, ale bakanak. Confucio eredu duen bakarren bat.Testigos Cristianos de Jehova, beste zakukada bat. Zazpigarren Eguneko Adventistak, dozena parea; mormoiak, auskalo. Erlijioak gizakiok kontrolpean mantentzeko sortuak direla uste dutenak uste baino gehiago. Paso egiten dutenak eta paso egiten denborarik galtzen ez dutenak. Orain arte aipatu ez dudan sektaren bat, eta seguru samar ahaztu zaizkidanak, gainerakoak.
Inork ezagutzen ez dudanaz ari naizela argudia ez dezan, hona gertuagokoaz aipamentxoa.
Aspaldi ez dela herriko elizarik ponpoxoenean izan naiz hileta batean. Apaizak zer zioen entzun nahi eta ezin. Belarrietako argizaria ez dudalako aspaldian kendu edo megafonia beheko sua baino zaharragoa delako, alferrik.
Arazo teknikoak badira bekatu beniala, baina bere itxaropen mezua zabaldu nahi zuen apaizaren doinua eta erritmoa mortalak ziren (“normala”, pentsatuko duzue, “hileta batean zegoen-eta!”).
Hain mantso hitz egiten zuen, ez zegoela esaldi osoen zentzua hartzerik. Ez al da normalagoa naturaltasunez adieraztea, goibel baino gehiago, pozik egoteko unea dela heriotzarena? Naturaltasuna, agian horixe da gakoa giza-eliza komunikazioan.
arrazoi bila. Askotan ematen du arrazoi gordearen borrokan dabiltzala erlijio ezberdinak, eta horretan mezua zenbat eta argiagoa, hobe. Jakizue, etxez etxe dabiltzan horiek hori badakitela.
Beraz, hiletaren kasuan bezala, hain espazio handian denek behar den bezala entzuteko megafonia egokitzeko gastua handia izango denez, hona proposamen batzuk.
—Kutxazainak jartzea sarreran.
—Gabonetan zozketa txiki bat antolatzea.
—Eliza eta elizkizunak iragarkiz betetzea.
—Eta abar.
Umore onez hartu bizitza, merezi du-eta.
|