Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 7,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abendua »  Maria Jesus Aranburu

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

ueuskara : Maria Jesus Aranburu

Maria Jesus Aranburu: "Azpeitian euskaraz bizi daiteke, baina badago zer landu"

Maider Zendoia

Maria Jesus Aranburu (Azpeitia, 59 urte) Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatu izendatu dute 2007-2011 agintaldirako. Eguneroko egitekoa hasi aurretik izan genuen harekin solasaldia, Uztarriaren egoitzan.

 

Irakaskuntza eta politika izan dira zure ibilbideko bi lan ildoak. Non sentitzen zara erosoago?

Nik uste dut Euskal Herrian, guri bizitzea tokatu zaigun garaian batik bat, politika erabat lotuta dagoela sentimenduekin. Abertzale sentimendua, aberriarekiko eta gure herriarekiko maitasun berezi hori, une batzuetan lana eta ardura bihurtzen da. Hori da politika. Dena dela, irakaskuntzak nire bizitzan politikarekin zerikusi handia izan du. Ikastolaren sorreran egon nintzen, eta horrek herri honekiko aitortza nahia eta burujabetza nahia lotzen ditu. Beraz, nik uste dut nire bizitzan beti egon dela Euskal Herriarekiko eta gizartearekiko zerbitzu nahia. Puntu horretan lotu dira irakaskuntza eta politikagintza.

Zinegotzi izana zara Azpeitian. Herri mailako politika eskola ona al da Gipuzkoa mailakoa garatzeko?

Zalantzarik gabe! Udalean zinegotzi egoteak ikaragarri erakusten du. Gizartearekin harreman zuzena izateak poz handiak ematen ditu, baina baita buruko minak ere… Zinegotzi izatea politikagintzako batxilergoa egitea bezala da. Beste zenbait tokitako ateak irekitzen dizkizu eta prestakuntza ona ematen dizu.

Gaur egun, begirada orokorrak uzten al dizu herri mailako ekimenak sustatzen?

Foru Aldundian egoteak beste plano batera eramaten zaitu. Ikuspegi orokorra izan behar duzu Gipuzkoaz, betiere udalen autonomia errespetatuta.

Kultur arloan aritutakoa zara politikari. Erronka izan al da euskara alorrean murgiltzea?

Euskara Zuzendaritza sail desberdinetan egon izan da Gipuzkoako Foru Aldundian. Ondorioz, Kultura Sailean egon izan naizenean harreman zuzena izan dut euskararen alorrarekin. Euskal Herriko kultura ezin dut euskararik gabe ulertu. Denok, euskaraz dakigunok eta ez dakitenek, euskara mintzatu eta maitatu behar dugu, geure ondare nagusia delako.

**Legealdi berrira begira, euskara zure saileko “oinarrizko lan ildoa” izango dela esan duzu. Erakunde barruan eragingo al du aurrena erabakiak?**

Gipuzkoa lurralde eredugarria da eta Foru Aldundiak kopeta altuarekin esan dezake ahalegin ikaragarria egin duela zentzu horretan. Gaur egun, 1.800 langile ditu Diputazioak, eta gero eta gehiagok lan egiten dute euskaraz. Langilegoaren %55ek edo %65ek euskaraz lan egiten dute. Kopurua handitu nahi dugu, jakina, baina behartu gabe. Euskara maitatu egin behar da, ezin da inposatu.

Herriari dagokionez, nola ikusten duzu euskararen egoera Azpeitian?

Azpeitiarra eta euskara, lotutako binomioa da. Dena dela, beti dago zerbait gehiago egiteko. Hizketarako ez daukagu inolako arazorik, eta geure eguneroko bizitza euskaraz egin dezakegu gutxieneko borondatea izanda. Hala ere, badaude eremu batzuk oraindik ere gaztelerarekin identifikatzen ditugunak: lan mundua, telebista katearen aukeraketa, liburuen irakurketa... Inork ez du zalantzan jartzen Azpeitian euskaraz bizi daitekeenik. Dena dela, oraindik badaude landu beharreko eremuak.

Urte hasieran kaleratutako neurketan, Kontseiluak Udalerrien Hizkuntza Politika neurtzeko egindako azterketan Azpeitiak lehen postua lortu zuen. Zein da zure irakur-keta?

Batetik, zorionak. Bestetik, ez lo hartu. Eta, azkenik, aurrera jarraitu, beti dagoelako zerbait egiteko eta lantzeko. Herritarrek eta kanpotarrek ikus dezatela euskaraz bizi daitekeela Azpeitian.

Euskararen normalizazioari begira, Azpeitian bi plan daude abian: Bai Euskarari Akordioa eta Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia. Zein izango litzateke bi planak bateratzeko modua?

Nik uste dut egoera hori alor desberdinetan eman izan dela gure herrian. Batetik, giza mugimendu indartsua dago eta, bestetik, erakunde indartsuak ditugu. Zenbait unetan, bakoitzaren kezken eta aurrerapausoak eman nahiaren ondorioz, plan guztiak bikoiztu egiten dira. Hori gure herriaren ezaugarria da; ez da onena, baina baditu bere alde onak. Giza mugimenduak politikariak mugiarazten ditu eta beste ikuspegi bat hartzeko aukera ematen die. Hala ere, akatsak ere baditu, indarrak sakabanatu egiten direlako. Nire ustez, bi planen arteko elkarlana egotea behar-beharrezkoa da.

Osagarriak al dira bi planak?

Helburu bera dute, baina helburu horretara iristeko modua desberdina da. Modu desberdin horiek koordinatuta lan egitea denentzat izan daiteke aberatsa.

Zein da euskalgintzaren egitekoa euskararen normalizazioan?

Erakundeek eta elkarteek gauza asko proposatu edo egin ditzakete. Ondoren, herritar bakoitzak ez badu hori bereganatu eta aurrera eramaten, oso makal egingo dugu aurrera. Euskararekiko jarrera norberarena da aurrena; ondoren etorriko dira erakunde eta elkarteen laguntzak.

Azpeitiko Udala Udalerri Euskaldunen Mankomunitatean (UEMA) sartzearen aldekoa al zara?

UEMA elkartea sortu zenean, helburu zehatza zuen: euskaraz lan egiten zuten herri txikiek elkarren arteko indarrak batu eta ahaleginak bateratzea. Egia da herri handiagoak ere sartzen joan zirela. Dena dela, urte batzuetan lokartuta bezala egon da erakundea. Itxura denez, orain berriz ere berpiztu egin nahi dute. Niri ondo iruditzen zait udalek, euskaraz bizitzeko egitasmoa badute, batzuen eta besteen arteko esperientziak trukatu eta elkarrekin lana egitea. Baina udal horrek, euskaraz bizitzeaz gain, kudeatu beharreko beste zenbait eremu ere baditu. Kudeaketa maila horretan, zalantzarik gabe, indarrak batuta gauzak hobeto egin daitezke. Dena dela, nik ez dut uste UEMAk Euskadiko Udalen Elkartearen (EUDEL) aurka egon behar duenik. Ez zait iruditzen bata edo bestearen artean aukeratu behar denik. Azpeitiko Udala UEMAn sartzeak zer suposatzen du, EUDELetik ateratzea? Ez zait egokia iruditzen.

Zer iritzi duzu Keith Johnsonek The Wall Street Journal egunkarian idatzitako artikuluaz? Euskara inposatu egiten dela dio, ez duela hizkuntza gisa balio...

Gauza horiek ez dira izaten kasualitateak. Esaten dituen gauzekin ez nago batere ados. Dagoeneko nahiko erantzun eman dizkiote. Onena da Johnsoni eta beste edozeini ekintzekin erakustea esaten duena faltsua dela.

Johnson asko al ditugu?

Bai, Euskal Herrian bertan ere baditugu. Hark esandakoa errealitatea izatea nahi dutenei esan behar diegu hori ez dela hala. Euskara bizirik dagoela eta euskarak —beste edozein hizkuntzak bezala— ikasteko, ikertzeko, dibertitzeko, maitatzeko eta sentimentuak adierazteko balio digula adierazi behar diegu.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak