Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 5,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abendua »  Altxorra herritarren eskura

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Altxorra herritarren eskura

Enekoitz Esnaola

Loiolako liburutegian eta Artxiboan 132.000 liburu dauzkate erregistratuta eta 10.000 artxibo. Baina ez da oso liburutegi ezaguna. Jendeari zerbitzu hobea emateko asmoa dute, bilduma berezi gisa.

Jose Mari Etxeberria Loiolako josulagunen komunitateko nagusia, hango liburutegi eta artxiboan. 
San Inaziori buruz liburu ugari dago. 
1498. urteko liburua. 
Espainiako Errege Katolikoen garaiko agiriak 
Olatz Berasategi da Loiolako liburutegiko eta Artxiboko zuzendari nagusia.  
Euskal liburuen atala. 
Nemesio Otaño musikariari buruzko agiriak. 

.1997ko uztailaren 24an inauguratu zuten ofizialki Loiolako Liburutegia eta Artxiboa. Bertan izan zen, besteak beste, Peter Hans Kolvenbach josulagunen konpainiako jenerala. Jendearentzat, ordea, orduko urrian zabaldu zuten. Hamar urte pasatu dira, eta zenbateraino da ezagun Loiolako Liburutegia eta Artxiboa?

“Zabalkundea edo liburutegia ezagutaraztea da guk daukagun arazorik handiena”, aitortzen du Jose Mari Etxeberria Loiolako josulagunen komunitateko arduradun nagusiak. Gizarteak liburutegia-eta gehiago ezagutzeko, “komunikazio plan handi bat” lantzen ari dira. “Komunikazio arloko enpresa batekin ari gara lanean. Gure irudia-eta landu ditu, zer-nolako edukiak ditugun, Loiolak bere berri nola ematen duen, non ezagutzen gaituzten, zer bultzatu beharko genukeen aztertu dute... Oso irudi ederra agertu da, elizak eta gizarteak josulagunen irudia ontzat jotzen dutelako. Talde bezala estimatzen gaituzte, eta guk dauzkagun instituzioak, unibertsitateak, liburutegiak, santutegiak... ondo ikusten dituzte”.

Baina aurreko galderak irteten du berriro: jendeak zenbateraino daki zer dagoen Loiolako Liburutegi eta Artxiboan?

.132.000 liburu dituzte erregistratuta eta, beharbada, beste hamar mila ale ere edukiko dituzte bertan. Haietatik 37 lan inkunableak dira (1500. urte aurrekoak), eta 40.000 inguru 1900. urte aurrekoak. “Euskal Herriko eduki zahar gehien dituen liburutegia da Loiolakoa. Deustukoa dago hurrena, baina urrutira”, dio Olatz Berasategi liburutegi eta artxiboko zuzendari nagusiak. “Loiolako josulagunek lehendik erregistratzen zituzten sistema batean, beti lan hau egiten aritu izan direlako. 1997tik, ordea, modu iraunkor eta profesionalagoan ari gara erregistratzen. 1900. urte aurrekoen fitxak egiten, esaterako, enpresa batek jardun zuen”.

Helburua. Baina jendeak bertako edukia ezagutzea soilik al da Loiolaren helburua? Ez. Zerbitzu izaera indartu nahi du, eta hemen dator berrikuntza: Deustuko Unibertsitatearen barruan, Loiolakoa bilduma berezi bihurtu nahi dute, jendeari erraztu egin nahi diote bertako edukiak izatea eta hartzea... “Gaur egun Loiolakoa liburutegia eta artxiboa da, hori izan da orain arte, ez besterik, baina horri buelta eman nahi diogu”, dio Etxeberriak. “Deustuko CRAIaren barruan egotea nahi dugu”. Hain justu, Ikasketarako eta Ikerkuntzarako Baliabideen Zentroa da CRAI (*Centro de Recursos de Aprendizaje e Investigación*).

Europan 20 bat CRAI egongo dira, eta sarean sartuta daude. Deustukoa da haietako bat, eta Loiolako egitasmoak proiektu horren barruan sartu nahi du, bilduma edo kolekzio berezi bihurtuta.

Deustuko egitasmo oso horren barruan hiru gune egongo dira: bat, Bilboko unibertsitate kanpus barruko liburutegia da, Deustuko CRAI hori; bestea, Donostiako kanpusekoa; eta hirugarrena litzateke Loiolakoa. “Gureari ‘kanpusa’ deitu beharrean, ordea, ‘bilduma berezia’ deituko genioke”, esaten du Etxeberriak.

Londresko, Lovainako (Belgika), Ganteko (Belgika), Utrech-ko (Holanda)... unibertsitateek kolekzio bereziak dituzte. Esate baterako, Nobel sariek utzitako ikerketa lanak-eta dauzkate, “Guk Loiola ere halakoa bihurtu nahi dugu, zentro bat, jendea etorriko dena eta liburuak begiratu, ukitu... Leku gustagarria nahi dugu, erabilgarria, eta ez deposito bat; depositoaren irudi hori kendu egin nahi dugu. Aldaketa handiak egitera goaz”.

Baina, Loiolakoa horrelakoa bihurtzen badute, zerbitzu hori ematen dutela “gizarteari komunikatu beharra” daukate, jendeak erabil dezan bertan dagoen eduki hori dena. “Orain, guk ditugun edukiak, gaiak, pertsonak, formazioa... hori dena jendearen aukeran nola jarri aztertzen ari gara komunikazio enpresa horrekin. Oso gutxi gara ezagunak, ez gaudelako behar bezala antolatuta. Gizarteari laguntzeko eta hari zerbitzu bat emateko, beste era batera prestatu behar dugu hau dena, eta teknika hobeak erabili”, uste du Loiolako arduradunak.

Neurri txikian gaur. Gaur egun zerbitzu hori ematen dute, “baina oso-oso neurri txikian”, Berasategik dioenez. “Ez dago inolako arazorik edozein liburu eta artxibo kontsultatzeko, eta XX. mendetik honako liburuak etxera eramateko aukera jartzen dugu. Hori zabaldu egin nahi dugu. Nik uste jende askok ez dakiela artxibo aldetik sarrera dutenik hemen, eta badute. Baina komunikazio plan handiagoa egin beharra dugu”. Baliabide eta diru laguntza handiagoak behar dituztela diote biek.

Jarri nahi duten zerbitzu bat hauxe da, esaterako: norbaitek Internetik Deustu-Bilboko liburutegian berak nahi duen ale bat dagoela ikusten badu, Loiolakoek liburu hori bi astera-edo ekarri egingo diote, edo alderantziz, hara eraman.

Batzorde bat eratu dute, eta orain artean lau bat batzar egin dituzte. Diagnostikoa egina daukate, eta hurrengo urteko otsailaren azkenerako bukatuta izango dute “ikuspegi guztiaren lana”, eta gero hasiko dira pausoak ematen. “Diru laguntzen arabera, pausoak handiagoak edo txikiagoak izango dira”, dio Etxeberriak. Gizarte aurreratu batean liburutegiak behar bezala jarri behar dira. Emaitza batzuk astesantuetarako ikusiko direla uste du. “Ikusi beharko lirateke, behintzat”.

Laguntza eske

Loiolako Santutegiaren eraikinak, Etxe Santua salbu, Gipuzkoako Foru Aldundiaren jabetzakoak dira, baina Liburutegiko eta Artxiboko materiala bera josulagunena da. Gaur egun ehun mila liburutik gora liburu dauzkate erregistratuta, eta urtero mila bat ale erosten dituzte. “Josulagunek beti eduki izan dituzte liburutegi onak eta ugariak”, dio Etxeberriak.

Liburuak Loiolara bidali ere bidaltzen dituzte beste komunitateetatik, horietako josulagunak hiltzen edo zahartzen joan ahala. Hala, handitzen joan da Loiolako liburutegia, “baina ale gehiago har ditzakegu, Loiolako teilape hau izugarri handia delako”.

Teknika aldetik hobetzen joan behar izan dute. Hezetasuna kontrolatzeko tresnak dituzte. Liburu inkunableekin, kasu, gero eta teknologia berriagoa eta garestiagoa erabili behar dute. “Guk diru publikoa behar dugu hori dena behar bezala mantentzeko-eta. Hain dira gauza bitxiak eta hain dira altxorrak hemen ditugunak, behar dutela jarraipena”.

Liburutegien sarea

Eusko Legebiltzarrak Liburutegi Legea onartu zuen joan urriaren 26an eta, hala, Euskadiko Liburutegia eratzeko lehen pausoa eman zuen. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako liburutegiek Euskal Kultur Ondareari buruzko 7/1990 Legeari jarraitzen zioten orain arte. Baina lege horrek ez zien eragiten Euskal Autonomia Erkidegoko liburutegi guztiei. Izan ere, udal liburutegiak baino ez ditu arautu.

Hala, sistematik kanpo daude erkidegoko hiru lurraldeetako hainbat liburutegi: foru aldundietako liburutegi publikoak, eta administrazioaren mende ez dauden liburutegi espezializatu eta pribatuak; Loiolakoa, esaterako.

Orain ere Euskadiko Irakurketa Publikoko sarea udal liburutegiek baino ez dute osatuko, eta gainontzeko liburutegiei hitzarmenen bitartez han parte hartu ahal izateko aukera emango diete, “euren zerbitzu multzoa herritar guztien eskura jartzen badute”.

Jose Mari Etxeberria Loiolako josulagunen komunitateko arduradunaren ustez, “sistema batek beharko luke. Liburutegi asko dago Euskal Herrian, eta denak sistema baten barruan egotea interesgarria litzateke”.

Legearekin sektorearen erregulazio zehatzagoa egin nahi du Eusko Jaurlaritzak, “Euskadik liburutegi azpiegitura eta zerbitzu moderno eta koordinatuagoak izan ditzan”. Hartara, “herri administrazioek establezimendu horietarako jartzen dituzten baliabideak optimizatu egingo dituzte”.

Ia espazio adina liburu

Garai batean ikastola egon zeneko eraikinean dago Loiolako Liburutegia eta Artxiboa. Bada materiala!

Fondoak

Loiolako Santutegiko Liburutegiak eta Artxiboak fondo hauek ditu.

-Liburu zaharren atala. 1500. urte aurreko liburuak eta XVI. mendetik XIX.enera artekoak.

  • San Inaziori buruzkoa. Liburu sorta zabala.
  • Euskal liburuak. Atal berezia.
  • XX eta XXI. mendeak. Atal orokorra.
  • Musika. Musikari buruzko liburutegia eta artxiboa (90.000 artxibo erregistratuta); Nemesio Otaño aitaren artxiboa tartean.
  • Loiola. Artxibo historikoa.

Liburutegia

  • 132.000 lan daude erregistratuta. Horietatik 40.000 ale inguru 1900. urte aurrekoak dira, eta besteak XX. gizalditik honakoak. Kronologikoki edota gaika sailkatzen dituzte.
  • Kronologikoki. 37 lan inkunableak dira (1500. urte aurrekoak), 1.492 lan XVI. mendekoak, 4.520 XVII.enekoak, 10.781 XVIII.enekoak, 15.804 XIX.enekoak eta 34.729 XX.enekoak.
  • Gaika. Natur zientzietako, matematiketako... liburuen 1.320 erregistro daude, 1.353 medikuntzakoak, teknikakoak, zientzia aplikatukoak..., 2.172 arteari buruzkoak, 13.811 lengoaia eta literaturakoak, 5.540 historiakoak, 13.456 erlijiokoak, 6.492 San Inazioren gaiari buruzkoak (biografiak, gogo-jardunak, lan osoak, autobiografiak, epistolarioa) eta 7.000 euskal gaikoak.
  • Kontsulta nola egin? Egilea, lanaren izenburua, argitaletxea eta argitalpen urtea jarrita, batik bat.
  • Nola osatzen dute liburutegia? Josulagunen interesekoak zeintzuk diren kontuan hartzen dute, baina liburutegira doazenen kezkak zer diren ere.

Artxiboa

  • 10.000 lan. Erregistratuta daude.
  • Fondoak.

    -San Inazio eta bere familia. Testamentuak, familiaren erosketa eta salmentak...

    -Loiolako Santutegiaren artxiboa. Testamentuak, erroldak...

    -Josulagunen Konpainia. Historia, etxeak eta ikastetxeak, idatziak...

    -Historia zibila. XV. mendetik XX.enera arteko idatziak eta agiriak. Espainiako Errege Katolikoenak (XV. mendea), Lermako Dukearenak (XVII.)...

    -Gipuzkoako familien artxiboak. Azkoitiko Idiakez-Olanorena, Oiartzungo Maleorena...

Jakingarriak

Ordutegia. Lan egunetan irekita izaten da, astelehenetik ostiralera, 9:00-13:00 eta 15:30-19:00ak artean.

Gelak. Bi gela daude, eta 72 lagun sartzen dira. Taldeentzat beste leku bat ere badago.

Bisitariak. Gehienak, ikasleak eta ikertzaileak izaten dira. Ikasleak, Azpeitikoak eta Azkoitikoak. Haiez gain, oposaketak prestatzen ari diren herritarrak, irakasleak...

Liburuak etxera. Liburuak eraman daitezke etxera —hamabost egunerako gehienez, oro har—, eta ikasleek enpresaritza, zuzenbidea, ingeniaritza eta informatikari buruzkoak hartzen dituzte, batez ere.

Ikerketakoak

Liburutegiko arduradunek pertsonalki hartzen dituzte ikertzaileak, halako lanak aurkitzen laguntzeko-eta. Ikertzaileek aurrez Internet bidez XVI. mendetik XIX.enera arteko lanen kontsultak egiteko aukera dute, besteak beste. 1900. urtea baino lehenagoko liburuen kontsulta egiteko www.mcu.es helbidean Ondasun Bibliografikoaren katalogo kolektibora sartu behar da, edo www.kulturaondarea.org-n.

Familien artxibo pribatuen agirien kontsulta egiteko helbidea: www.irargi.org orrialdearen Badator datu basea.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak