|
|
|
Bertso zaharrak CD-an
Maider Zendoia
Erniarraitzek eta Uztarriak 'Urolaldeko Bertso Zaharrak' berrargitaratuko dute abenduan. Ikasle talde batek grabatu zuen lehen aldiz, orain 25 urte.
|
|
Taldekideak. Goian, ezkerretik eskubira, Pako Aristi, Inaxio Tolosa, Agustin Madrazo eta Eli. Behean, ezkerretik eskubira, Marian Larrea, Antton Elosua, Pello Larrañaga, Mari Jose Bikendi eta Jose Mari Arozena.
|
|
|
|
Pako Aristi txanpainarekin bustitzen grabazioaren bukaera, orain 25 urte.
|
|
|
|
Pello Larrañaga eta Agustin Madrazo, grabaketan
|
|
|
|
Jose Mari Arozena kitarrarekin eta Agustin Madrazo biolinarekin.
|
|
Ikaskideak, sortzaileak, bohemioak, akrata samarrak... Horrela deskribatzen du Pako Aristi urrestildar idazleak Urola bailarako bertso zaharrak bildu eta musikarekin uztartzeko ideia izan zuen ikasle taldea. Institutuan ikasten ari zirela, 1982an, Urolaldeko Bertso Zaharrak izeneko zinta bikoitza kaleratu zuten, Urolaldeko Euskal Eskolaren —gaur egungo AEK— alde. Ekimenaren zilarrezko ezteia gogorarazteko, Erniarraitz Bertsozale Elkarteak eta Uztarria Kultur Koordinakundeak berriz ere argitaratuko dute lana, baina CD ba-tean oraingoan. Abenduaren 21ean izango da aurkezpena, 11:00-etan, Aitonena I-en.
Urolaldeko Bertso Zaharrak zinta grabatzeko ardura bere gain hartu zuten ikasleak kulturalki emankorra izan den belaunaldiko kideak ziren. Talde hartan batera ibili ziren, besteak beste, Pako Aristi (idazlea), Iñigo Aranbarri (idazlea), Juan Luis Zabala (idazlea) eta Inaxio Tolosa (Karidadeko Benta musika taldeko kidea). “Ez ginen geldirik egotekoak. Klasean aspertu egiten ginen eta, sormena landu nahi genuenez, gauzak egiteko mugitu egiten ginen”, dio Pako Aristik. Horrela, Kitto aldizkaria sortu zuten —zenbaki bakarra argitaratu zuten—, Jeronimoren Oihua izeneko panelean izaera desberdineko idatziak eskegitzen zituzten eskolako pasilloan eta bailarako bertsoak biltzen zituen zinta bikoitza grabatzea adostu zuten —Urolaldeko Bertso Zaharrak—.
Ikasle taldea zutabe sendo baten inguruan egituratu zen: Iñaki Azkune Igarate-ren inguruan. Azpeitiko Institutuko maisua zen azpeitiar hura 1982an. “Sekulako talde berezia tokatu zitzaidan, gutxitan gertatzen den horietakoa”, dio. Orduko eskola emateko modua, gaur egungoaren aldean desberdina zen. “Orain hezkuntzan guztia programatuta dago, baina garai hartan sekulako askatasuna genuen irakasteko orduan”. Horrela, Txomin Artola, Benito Lertxundi edota Mikel Laboa abeslarien kantak entzunez zaletu zituen ikasleak irakurketara.
Erredua. Pako Aristi idazlea izan zen ikasle haietako bat. “Filmetako irakasle zoragarri horietakoa zen Igarate, zakua bete liburu ekartzen zuen eskolara eta ikasle bakoitzari afizioaren araberako liburua eskaintzen zion”, gogoratzen du Aristik. “Hor hartu genion guk maitasuna bertsolaritzari eta euskal literaturari”.
Institutuko ikasleen artean bertsolaritzarekiko afizioa hazten joan zen. Ramon Etxezarreta Azpeitiko Udaleko Kultura zinegotzia zela, inguruko bertso zaharrak biltzen zituen liburua prestatzen hasi zen Fede Aranbarri zena. “Liburuaren ideia ez zen gauzatu. Baina ideiari jarraituta zinta bat grabatzea pentsatu genuen”, esaten du Azkunek. Hiru helburu betetzeko asmoarekin abiatu zuten egitasmoa. “Hemengo ondarea ezagutarazi, AEKren izena hedatu eta dirua lortu nahi genituen proiektuaren bidez”.
Burokrazia. Diskoa aurrera ateratzeko burokraziaz Xabier Uria Antzarra azkoitiarra arduratu zen. Institutuko ikasle ohia eta AEK-ko kidea zen Uria. “AEK ez zen egitasmoaren edukian sartu; beharrezko agiriak betetzeaz baino ez zen arduratu”. Horrela, Donostiako IZ Estudioa kontratatu zuten grabazioa burutzeko. “Han ez ziguten deskonturik egin; kapitalismo gogorra ezarri ziguten. Orduka ordaindu behar izan genuen; beraz, hiru eguneko epean grabatu genuen zinta, diru-kontuak behar bezala ateratzeko”.
Urola bailarako bertsolarien kopla zaharrak aukeratu zituzten bilduman sartzeko. Bertso haien jabeak inguruotako bertsolaririk ezagunenak ziren: Muno, Otsolarre, Kortazar, Uztarri, Sokin, Atano anaiak... Bertsoak aukeratutakoan, Pako Aristi arduratu zen doinua jartzeaz. “Xabier Lete eta Antton Valverdek ateratako bi disko bikoitz izan ziren nire erreferentzia; bata Txirritaren ingurukoa eta bestea bertso zaharrek osatutakoa”. Proiektuko zuzendari musikala izendatu zuten eta, ondorioz, berak aukeratu behar izan zituen bertsoen doinuak. “Leteren-eta diskotik hartu nituen batzuk, doinu tradizionaletatik besteak”, gogoratzen du Aristik.
Formazio musikalak txaranga-folk egitura zuela dio Aristik. Lagunarteko musikariak aritu ziren horretan; hala-nola, Inaxio Tolosa, Antton Elosua, Agustin Madrazo, Pello Larrañaga, Jose Mari Arozena Txema, Mari Jose Bikendi eta Aristi bera. Abeslariak aukeratzeko unean, berriz, Egan musika taldeko kideengana jo zuten. “Azkoitian izan zuten kontzertu bateko atsedenean, mokadu bat egitera joan zirenean egin genien proposamena eta baiezkoa eman zuten”, gogoratzen du Aristik. Dena dela, abeslari gehiago ere izan ziren grabazioan: Jexux Alberdi Egileor, Trino Azkoitia, Imanol Urbieta eta Marian Larrea.
Salmentak. Grabazioa bukatutakoan, salgai jarri zituzten zintak nonahi. “Nola saldu behar zen garbi zegoen: postuz postu, herriz herri”, dio Uriak. Azkunek gogoan ditu han eta hemen egindako egonaldiak: “Makina bat aldiz egon ginen udaletxe azpiko arkupeetan. Gipuzkoako Bertso Txapelketara ere joan ginen”.
Oro har, oroitzapen onak dituzte egitasmoak iraundako egunez. Aristik gogoan ditu Txema irakaslearen etxean egindako entseguak, Errezilgo baserri batean. “Benetan ondo pasatzen genuen. Exijentzia musikal handiegirik ez geneukan. Ondo pasatzeko modua baino ez zen guretzat”.
Zintako azala egiteko unea ere ez zaio ahaztuko. Agustin Arenas argazkilariarekin geratu zen horrako argazkia ateratzeko. Partitura eta kitarra baten gainean zakela jartzea erabaki zuten. Aristik Urrestillako errekatik harrapatutako zakela, ordea, ez zen geldirik egoten argazki saioa hasi zutenean. “Zakelak odol hotzekoak zirela esan zidan Arenasek; hortaz, zakela izozkailuan sartu eta seko gogortuta atera genuen...”. Saioa primeran aguantatu arren, azken klik! entzutean sekulako saltoa eman zuela gogoan du. Madrazok ‘espontanitatearen erregea’ gisa bataiatu zuen Aristi.
|