Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko urriyek 13,  ASTELEHENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abendua »  Gurpil gainean heziz

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Gurpil gainean heziz

Maider Zendoia

Urola Ikastolako Txirrindulari Eskolak zilarrezko ezteiak bete ditu. Liburua eta DVDa argitaratuta ospatuko dute

1982an, Mikel Rezabal, Iñaki Unanue, Diego Medinilla, Javier Merketegi, Jesus Mari Roca, Olga Sanchez, Javier Leandro, Mikel Garmendia, Eneka Lazkano, Jose Agustin Lizarralde, Julian Caballero, Iker Garate, Gotzon Lazkano, Iñaki Oiartzabal, Xabier Elortza, Elias Gonzalez, Jon Larrañaga, Aitor Lazkano, J. Antonio Arrizabalaga, Ion Arratibel, Iñaki Sanchez, Jose Angel Arruti, Jose Miguel Arruti, Fernando Aldalur eta Bittor Olaizola.  

Urola Ikastola Txirrindulari Eskola 1982an sortu zuten, Santi Lazkano txirrindulari ohiak bultzatuta. “Santi Lazkano lesionatu zenean, txirrindularitza profesionala utzi eta herritarrei erakusten hastea erabaki zuen”, dio Heriberto Sanchez Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko lehendakariak. Dagoeneko 25 urte igaro dira eskolaren hastapenetik eta urteotan 300 bat ikasle pasatu dira bertatik.

“Santi Lazkanoz gain, Fernando Aldalur, Bittor Olaizola, Jose Miguel Arruti eta Jose Angel Arruti ibili ziren irakasten hasiera haietan”, gogoratzen du Jose Inazio Arellano Lagun Onak Txirrindulari Elkarteko kideak. Eskolak hasieratik lortu zuen gurasoen babesa. “Jose Mari Arratibel eta Heriberto Sanchez izan ziren hasieratik laguntza eskaini zuten gurasoak; beharrezko kontuak lotu, koordinatu...; denetik egiten zuten”.

Urolako eskolan lau udalerritako gazteak aritzen ziren bizikletan: Azpeitia, Azkoitia, Zestoa eta Errezilgoak. Eskolaren egoitza Azpeitian egon zen kokatuta 1994. urtera arte, baina 1995etik gaur egunera arte Peña Elorza Azkoitiko taldeak hartu du bere gain inguruotako txirrindularien heziketa.

PROFESIONALAK. 25 urtek askorako ematen dute, eta txirrindulari eskolaren uzta emankorra izan da. Harrobitik bost ziklista profesional atera dira: Joseba Azkune, Andoni Aranaga, Joseba Albizu, Jokin Ormaetxea eta Mireia Epelde. Gainera, herrian kirol honekiko afizioa errotzeko balio izan du eskolak. “Gaur egun txirrindularitzak Azpeitian duen afizioan zerikusia izan du eskolak. Eskolara joan ezean, gazte askok baloia hartuko zuketen eta futbolean ariko lirateke”, dio Jexux Arakistain elkarteko kideak.

Eskolakoen artean sortutako giroa berezia izan dela iritzi diote bertakoek. “Oso oroitzapen onak ditugu garai hartaz. Oraindik harremanetan jarraitzen dugu geure artean”, dio Arellanok. Pasadizo ugari bizitakoak dira urteotan. Hasierako urte haietan Eskudero autobusetan joaten ziren lasterketetara. 50 bat lagun biltzen ziren guraso eta haurren artean. Bizikletak autobusaren sabaian garraiatzen zituzten; sartzen ez zirenak, berriz, pasilloan. “Asko aldatu dira garaiak”, esaten du Arakistainek.

Abenduaren 15ean ospatuko dute eskolaren 25. urteurrena. Liburua eta DVDa atera dituzte.

EGITARAUA:

Abenduak 15

Liburuaren aurkezpena. 12:00etan, udaletxean. Mahai-ingurua. Aurkezpenaren ondoren, udaletxean. Bazkaria. 14:00etan, Añota sagardotegian. Izen-ematea: Beni (943 15 06 29) eta Aitzaki (943 15 07 38), abenduaren 13ra arte.3

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak