|
|
|
Bertako jokalariak zelaian
Arantxa Aldalur
Hemezortzi azpeitiar jokalarirekin hasi du denboraldia Lagun Onak futbol taldeak;azkeneko urteetan baino herrritar gehiago dago
Lagun Onak taldea 1944. urtean sortu zuten ofizialki, aurrez izen berarekin hainbat taldek jokatu bazuten ere. Geroztik une garratz eta pozgarriak pasatu dituzte elkarrekin. Azkeneko urteei begiratuz, 2002an, esaterako, Espainiako Hirugarren Mailara igotzea lortu zuten, urtebetean mailaz jaitsita egon ondoren. Maila horretan dihardu, eta denboraldi honetan azpeitiar jokalari askorekin ari da. Aitor Zulaika entrenatzaileak eta Juan Ramon Olalde Kinttela arduradun teknikoak uste dute “kalitateko taldea” osatu dutela.
Denboraldi honetan taldeko 23 jokalarietatik 18 azpeitiarrak dira. 20 eta 23 urte artean dituzte batez beste. Herritarrez gain, Urola bailarako eta Donostia aldeko lagunek osatzen dute. “Gure filosofia jarraituta, beti saiatzen gara denboraldi hasieran ahal den herriko jokalari gehien izaten taldean, baina zaila da lehiakortasuna mantentzea”, dio Olaldek. Dena dela, ez da egiteko erraza hori arduradun teknikoaren ustez. “Beti geratzen dira hutsuneak taldean eta postu horiek betetzeko kanpoko jokalarien bila joan behar izaten dugu”. Ildo horretan, “gakoa, oreka topatzea” dela iritzi dio Olaldek. “Alde batetik, herriko jokalari asko izaten saiatu behar dugu eta, bestetik, taldeak, lehiakorra izanda, mailari eutsi behar dio”.
Oraingoz, Zulaika azpeitiar entrenatzailea pozik dago denboraldiarekin. “Talde indartsua daukagu eta sasoi ona egin dezakegula ikusi dugu”. Horren harira, Olaldek uste du entrenatzailea azpeitiarra izatea garrantzitsua dela. “Asko eskertu behar dugu herrian bertako entrenatzaile bat izatea taldean”.
Aurrera begira. Zulaika gustura dago Azpeitiko futbol harrobiarekin. “Herrian harrobi ona dago. Hemengo jokalari asko deitzen dituzte Realetik, talde desberdinetarako”. Ildo horretan, herrian izandako kasu desberdinak gogoan ditu entrenatzaileak. “Orain dela gutxi gure hiru jokalari deitu ditu euskal selekzio amateurrak eta, horrez gain, denok gogoan ditugu Lehen Mailara iritsitako hainbat jokalari. Hala, alde batetik, jokalariek motibazioa aurkitzen dute aurrera jarraitzeko eta, bestetik, horrek Lagun Onak-ek kluba bezala lana ondo egiten duela adierazten du”. Talde izaera indartsua izateari ere garrantzia ematen diote arduradunek. “Hau herriko taldea da. Jokalariei konpromisoa eskatzen diegu, batik bat; hau da, talde lana egiteaz eta futbolari onak izateaz gain, pertsona onak izatea”, dio Zulaikak.
Olaldek ondo ikusten du taldea Hirugarren Mailan. Dena dela, mailaz igotzea ez da haien egitasmoetan sartzen. “Bigarren B Mailan ez genuke aukerarik izango lan txukuna egiteko; ez ekonomikoki, ez azpiegitura aldetik, ezta kalitate aldetik ere”, iritzi dio arduradun teknikoak. “Azpiegitura aldetik ez gaude gaizki Azpeitian, baina beti egoten da zer hobetu”. “Hamahiru talde federatu daude gaur egun herrian eta, hainbeste talde egonda, sarritan nahiko motz geratzen dira dauzkagun instalazioak”. Olalderen ustez, “hainbeste ekipo izatea beharrezkoa al den galdetu beharko genuke, dibertsifikazio horrek kalitateari eragiten diolako”.
Afizioa. Dedikazio handia eskatzen du horrelako klub bateko partaide izateak. Olalde Kinttela-k 28 urte daramatza Lagun Onaken eta, dioenez, esku bateko hatzekin konta ditzake azkeneko 17 urteotan ikusi gabeko partidak. Zulaika, berriz, jokalaria izan zen aurrena eta lehen taldeko entrenatzailea da orain dela bost urtetik. Astean hiru aldiz entrenatzen dira, eta ia aste bukaerero izaten dituzte partidak. ”Hau bizi egin behar da, sentitu; ez dago besterik”, diote. “Denbora asko kentzen du, ordu ugari eskaintzen diogu futbolari, baina kendutako gauzak baino gehiago ematen dizkigu”. Era berean, futbolak jende asko eta leku berriak ezagutzeko aukera eskaini diela onartzen dute. “Oso une onak bizi izan ditugu”, esaten du Olaldek.
Azpeitiko afizioa hotza al da? Zulaikak uste du hemengo egoera inguruko herrietakoen antzekoa dela. ”Herriko jarraitzaileek jarrera hotza dute, hori nabarmena da, baina beste herrietan ere ez da egoten izugarrizko mugimendua Hirugarren Mailako futbol taldeekin. Gipuzkoako herri gehienetan antzeko egoera dagoela esango nuke. Bizkaian, aldiz, taldeek jarraitzaile asko dituzte, eta sutsu samarrak”. Zulaikak dio ezin dela ahaztu talde asko Azpeitia baino herri handiagokoak direla.
Oroitzapenak. Hainbeste urteren buruan, pasadizo ugari bizi izan dute. Beti ez dira onak izan. Zulaikak gogoan du jokalaria zela belauna hautsi zueneko eguna. “Nire bizitzako egunik txarrena izan zen. Egia esan, goitik behera erori zitzaizkidan ilusio guztiak”.
Dena dela, oroitzapen kuriosoak ere baditu. “Gogoratzen naiz behin Zorrozaren zelaira joan ginela partida jokatzera. Aldageletara sartzen ari ginela, gu beti bezala euskaraz ari ginen hizketan, eta Zorrozako zuzendaritzako batek esan zion besteari: ‘Joan Manuel, Joan Manuel, ˇque estos hablan el vascuence ese!’. Guk une hartan ez genekien Bizkaian ala Extremaduran geunden, baina barre egin genuen”.
|