Zer dio?
San Silbestre,lagunarteko proba
Jose Antonio Zulaika (XEYE Atletismo Taldeko kidea)
San Silbestre Eguneko lasterketa antolatzen dugun zazpigarren urtea da aurtengoa. Ordura arte, Urola bailarako lasterkariok inguruko herrietako lasterketetan parte hartzen genuen abenduaren 31n. Azkenean, Azpeitian antzeko ekimena antolatzea pentsatu genuen.
Urteko azken eguneko lasterketa urtetik urtera herritarren artean errotzen joan den ekimena bilakatu da. Lehen urtean 550 bat parte-hartzaile atera ziren korrika; joan den urtean, berriz, 800 bat lagunek hartu zuten parte. Izan ere, lasterkarako afizioa oso handia da inguruotan. Loiolako hiribidean korrika zenbat jende ibiltzen den ikusi besterik ez dago. Behobia-Donostian bertan, esaterako, inguruko herrietako ia 600 lagunek hartu dute parte aurten.
2007ko lasterketa oraindik eta herrikoiagoa izango da. Orain arte, lehenengo bostei ematen genien diru saria, baina aurten lehenengo hamar mutilak eta lehenengo hamar neskak sarituko ditugu. Sari gehiago ere banatuko ditugu, zozketa bidez. Guztira, parte-hartzaileen %25 saria eskuratuta itzuliko dira etxera.
Nesken partaidetzak urtetik urtera gora egin duela azpimarragarria da. 2006an parte-hartzaileen %24 neskak izan ziren. Aurrera begira gure erronka lasterkarien %30 neskak izatea da.
Oro har, Azpeitia oso leku egokia da horrelako proba bat antolatzeko. Gainera, herrigunetik pasatzen den zatietan jendeak asko animatzen du. Erdi kalean, adibidez, egundoko giro ona egoten da. Nire ustez, urtea agurtzeko modu polita da lagunarteko lasterketa batean parte hartzea. Izan ere, egun horretan lehiakortasunaren gainetik egoten da lagunarteko giro ona.
|