Hau
Etxebeltz-Izarra
Higinio Oiartzabal
Jakin badakit idatziko dudana alfer-alferrikakoa izango dela, dena egina edo egitear dagoela baina, hala eta guztiz ere, esan beharra daukat (nire isiltasuna konplizitate bihur ez dadin).
Ziztu bizian eraikitzen hasiak diren Etxebeltz-Izarrako etxebizitzek —208 babes ofizialekoak eta 112 askeak—, ia Loiola atariraino beteko dute etxez hiribide ondoko alde oso bat. Gipuzkoa barnealdean dugun ingururik eder eta berezkoenak duen xarma galduko du.
Ez al zegoen hori dena beste era batera egiterik? Bi aldera hainbat orube edo terreno egonda (horren faltarik ez da, behintzat), ez al zen posible errepidearen bi alboetako lehen lerroak errespetatu ahal izatea, eta orain arteko ingurumena errespetatzea?
Egun hauetan Ordizian protestan dihardute Oiangu naturgunean egin nahi duten aisialdi egitasmoaren aurka (golf zelaia barne). Obra inguruan herri kontsulta eskatu dute.
Oraintsu jakin dugu Zumarragako Antiguako Baseliza inguruan eraikuntza bat jasotzeko egitasmoa dagoela (hainbat zerbitzu emateko helburuarekin: jatetxea, taberna, ostatua, erakustokia eta abar). Herritar batzuk berehala hasi dira izenak jasotzen, Udalari iritzia eman eta parte-hartzea eskatuz, egitasmo hori proportzionala eta herritarrek onartua izan dadin. Eta hori, eraikin bakar bat dela.
Hemen 320 etxebizitza eraikiko dituzte babestu eta zaindu beharreko gunean, eta isiltasuna da nagusi herrian. Erabiltzen ditudan hedabideetan behintzat, ez dut irakurri edo entzun inoren kexurik, ez eta Loiola zaleenik ere. Beraz, denak kontentu.
Barkatu, baina ni ez! Alferrik bada ere, nire desadostasuna plazaratu nahi dut.
|