Postontzia
Isilik egon izan banintz/ San ala ez san
Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri
Isilik egon izan baninz
Igor, maitea! “Hori hitz egiteagatik gertatzen zaik”. Askotan esan ohi diagu tankera horretako esaldiren bat, zerbaitez jardun eta gertatzen denean. Esaldi hori bete egin duk, oraingoan. Aurreko gutunean esan nian elizara hiletetara (eta ez ‘hileta ospakizunetara’) baino ez naizela joaten, eta zer pentsatzen dudan errito horiez. Ba, gaia ateratzea nahikoa elizara joan behar izateko.
Umeak irakaslearen aurrean bezala egon ninduan. Alegia, fisikoki han baina burua... Apaiza jardunean ari zen bitartean, besteak beste, idatzi genuenari bueltaka aritu ninduan. Kontu batekin damutu nauk: hilean behin idatziko gutun bat eta
halako gai ilunez aritu izanaz. Horretaz nauk damu, baina han esandakoez, ez. Elizatik bueltan hitz haiek indar handiagoa hartu ditek.
Igor, hamaika aldiz jo nian elizako lurra. Esan nahi diat nire gogoeten espaziotik kolpera jaisten ninduala errealitatera. Hildakoaren izena aipatzen zian aldiro. Gaizto jarrita, zera pentsa litekek: “Hauxe duk porkulo hartzera joateko esateko modu kuriosoa.”
Sotilagoa izango nauk; alegia, atzamarra pixkanaka-pixkanaka min egiten duen lekuan sartzea bezala zuan, dela bihotzean, dela begian, dela ipurtzuloan. Gerora jakin nian apaizak ez zuela hildakoa ezagutzen, nahiz eta elizan kontrako itxura eman.
Eta bukatzeko. Agur, Ama Birjinari kantua. Bikaina, baina bai desegokia ere. Atzamarra ez, beso guztia kolpera sartzen duk orduan. Jakinekoa duk kantuan ‘agur’ esaten ari garenean inor gutxi gogoratzen dela Ama Birjinaz, hiletetan behintzat. Damu nauk gutun hura idatzi izanaz, bai. Eta damutuko nauk honetaz ere. Nire onetik ateratzen naitek,ordea. Apaizak esango lukeen moduan, Jainkoak nahi izan du horrela gertatzea.
Hiri, berriz, agurrik ez, ongi-etorri baizik. Zerbait alaiagoa konta iezadak, kanpoan egon haizela jakin diat-eta.
San ala ez san
Aupa, gizon! Uste diat gehiagotan egon behar dugula... Eliza kontuekin jarraitzen al duk? Eta, gainera, sartze kontuak, atzeko zuloa eta Ama Birjina zutabe berean sartu dituk... Ai, ai, ai! Hik ere oporrak behar dituk. Niri primeran etorri zaizkidak.
Zorteko haiz, gabonak gainean ditiagu eta... Ikusten! Azkenean, kristauek ere egin ditek gauza onik! ‘San’ festa eta opor guztiak: astesantuak, sansebastianak, sanmiguelak... Gora santu guztiak!
Baina gabonek baditek gustuko ez dudan kontu bat: opariak. Jasotzea ederra bada ere, Olentzerok ez dik bere lanik egiten aurrena dendetatik pasatzen ez bahaiz, eta aspaldi pasatu genian hiru erregeek gau batean etxe guztiak opariz josita uzten zituzteneko uste hura. Nolatan sinesten genuen halakorik? Azpeitira bakarrik etorrita ere, eta hiru izanda ere, bizardun horiek ez zitean azkar ibiltzeko plantarik. Ederra umetako ilusioa…
Orain, ingurukoenekin ez gaizki geratzeko, opari bat erostera behartuta hago, eta a zer erosketa sorta ergela egiten duguna egun hauetan. Detaile bat egin beharra zagok gutxienez, baina txikiegia bada ‘kutre’ zuhur bat baino ez haiz eta, handikerietan erortzen bahaiz, diru gabe gelditzeaz aparte, ziurrenik ez duk asmatuko eta detaile txikia bat nahikoa zela entzun beharko duk gainera.
Hanka behin eta berriro sartu ostean, soluzio bila hasi ninduan. Nire erromantizismo dena alde batera utzi eta ohartu nauk bide onena eta errazena oparia jaso behar duenari zer behar duen galdetzea dela, eta harekin erregaloa erostera joaten bahaiz, hobeto.
Azkenean, bazakiat kontsumismo hutsa dela, erromantikoki esango nikek egunero erregala daitekeela zerbait... Baina marka duk gero!: egun hauek iritsi arte inori ez zaiok burutik pasatzen detailetxorik egiterik. Beraz, oraingo honetan zorionak ‘*Niño Jesus*’-i.
|