Libre
Ikertzaile suediarraren lekzioa
Miren Larrea
Aipatu izan dugun moduan, bada ekonomia eta enpresaren inguruan beste guztien gaindik indartzen ari den kontzeptu bat: berrikuntza.
Jadanik ez da nahikoa beti egin duguna ondo egitea. Gauza berriak, desberdinak egitea eskatzen digute. Adituen hitzetan, horretarako dugun aktiborik garrantzitsuena jakintza da, prozesurik garrantzitsuena, ikasketa eta estrategia egokia,
elkarlana.
Jakintza. Nola gabiltza azpeitiarrok etorkizuneko giltzarri omen den aktibo horrekiko, jakintzarekiko? Kuadrilan, soziedadean, kalean eta, nola ez, lanean entzuten dugunaren arabera, zerbait badakigu altzarigintzaz eta altzairugintzaz; elektratresna nahiz labe handiez eta galdara txikiez; makinariaz, ekipo hidraulikoez, erremintez eta orrialde hau bete arterainoko beste hainbat gauzez. Nahikoa ote da berritzaile izateko?
Auskalo! Eskura ditugun datuak, batez ere, formazio arautuari dagozkio, baina hori ez da gure jakintza-puzzlearen piezetako bat besterik. Dena dela, has gaitezen bertatik. Hori bai, pixka bat pentsarazteko, galdera moduan azalduko dizkizuet
datuak. Hiru erantzun posibleetatik, bakarra da zuzena (egunkarietan bezala, erantzunak orrialdearen azpialdean dauzkazue).
.1. Goi-mailako ikasketak dituen 16 urtez gorako biztanleria Donostian %25 da, Zarautzen %18 eta Arrasaten %15. Zenbatekoa da Azpeitian?
a) Zarautzen parekoa, %18.
b) Arrasateren gainekoa, %16.
c) Hiruren azpikoa, %12.
.2. Lehen hezkuntzako ikasketak dituen 16 urtez gorako biztanleria Arrasaten %25ekoa da, Donostian %20koa eta Zarautzen %19koa. Eta Azpeitian?
a) Zarautzen azpikoa, %18.
b) Hiruren gainekoa, %32.
c) Arrasateren parekoa, %25.
.3. Alfabetatu gabe dagoen edo ikasketarik gabeko 16 urtez gorako biztanleria Arrasaten %8 da, Donostian %6 eta Zarautzen %5. Eta Azpeitian?
a) Guztien azpikoa, %4.
b) Donostiaren parekoa, %6.
c) Arrasateren gainekoa, %9.
Kiniela. Zer moduz kiniela? Ikasketarik gabeko edo alfabetatu gabeko biztanleriaren pisua Azpeitian inguruko eskualde gehienetan baino txikiagoa da, baina lehen hezkuntza dutenen kopurua, altuagoa. Bestalde, goi-mailako ikasketak dituztenak ere gutxiago dira gurean. Baina araututako ikasketa prozesu hauek ote dira garrantzitsuenak?
Duela egun batzuk Donostian izan genuen B.A. Lundvall, 70 urteko ikertzaile suediarra, berrikuntza sistemetan aditua. Haren aurrean gu, gure blok eta boligrafoak eskuan, berritzaile izateko zer egin behar dugun entzun orduko dena apuntatzeko prest. Gure aurreikuspenetan zientzia eta teknologia kontuak, patenteak, berrikuntza politikak, I+G+b... Ba al dakizue zer esan zigun? Begiratzeko inguruan dugun jendeari: nondik gatozen, nola mugitu garen toki batetik bestera eta bidean zer ikasi dugun. Azpeitiar bakoitzak geure bidea egitean ikasi dugun guztia neurtu beharko genuke, beraz, eta ez eskolan ikasi genuena soilik.
Lundvallen hitzetan, berrikuntza gaitasuna lanari buruzko erabakiak hartzeko askatasunari dago lotuta. Gure lanaren helburua eta hori lortzeko modua erabakitzeko askatasuna dugunean, asko ikasi eta berritzen omen dugu. Gutxiago helburua zein den beste norbaitek esaten digunean, nahiz eta nola lortu geuk erabaki. Eta akabo gure ikasketa eta berrikuntza, gure lanari buruzko bi erabaki horiek beste norbaitek hartzen dituenean.
Azken galdera. Lehengo galdeketari laugarren galdera gehitzea proposatzen dizuet:
.4. Eskandinaviarrek lanean bai helburua eta bai lortzeko moduari buruz erabakitzen omen dute.
Ingelesei eta irlandarrei helburua definituta omen datorkie, baina nola lortu erabaki dezakete. Espainian eta Italian, adibidez, ez bata eta ez bestea. Eta Azpeitian?
Erantzunak. 1.c, 2.b, 3.a, 4.?
|