Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 3,  ASTEAZKENA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Abendua »  Iritzia »  Horoskopoia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Horoskopoia

Koldo Aldadur

Lorea hasi berria da gurean lanean. Ohikoa denez, bekadun berriarekin egin genuen lehen solasalditxoan ordura arte zertan aritu zen jakin nahi izan genuen. Eibartarra dela, EHUko Komunikazio Zientzietako fakultatean laugarren urtean dagoela, inoiz ez zuela pentsatu ere egin kiroletan lan egingo zuenik... Eta bat-batean, denok harrituta utzi gintuena kontatu zuen.

–Hona etorri baino lehen, Debagoieneko aldizkari batean aritu naiz praktikak egiten. Horoskopoa egiteko esan zidaten, eta horretan eman ditut azken hilabeteak. “Horoskopoa egiten?”, galde egin genion, gai horrek bere denbora behar izango duela ohartzeko astia hartzen genuen bitartean.

–Bai, badakizue, zodiakoko atalak hartu eta hilean behin bakoitzari buruz zerbait idatzi behar.

Harrigarria. Bere historia haluzinagarria iruditu zitzaidan. Aries, denbora hartu beharko duzu erabaki zail bat hartzeko. Taurus, urruti ez duzun norbait oso momentu txarra pasatzen ari da eta zure laguntza behar du. Gemini, ernegatuta ibiliko zara burokraziaren esanetara. Cancer, bihotz kontuetan ondo ibiliko zara, lagunen lorategia maitasunez ureztatzen baduzu. Leo, izaera gogorra duzu eta horrek abantailak eta desabantailak ekarriko dizkizu. Notejode, horrela asma daiteke!

Loreak, jakina, ideiarik ez dauka planetak lerrokaturik dauden edo ez, goranzko astroak zer diren, edo batzuk lurrekoak eta beste batzuk uretakoak garela. Horoskopoa egiteko esan zioten, eta bekadun lanetan ari denak ez dio inoiz esan behar editore-arduradunari idearik ez duela. Bere ardura bakarra kontraesan nabarmenegietan ez sartzea omen zen, hilabetero orrialdea betetzea, batzuk kezkatzea eta beste batzuei munduko hoberenak direla esatea.

Loreak kontatu zuen errukia eta grazia sortzen zitzaizkiola barren-barrenean irakurleak bere horoskopoari begira ikusten zituenean. Posible al da hain sinpleak izatea? Halako edo honako egunetan jaiotzeak garrantzia duela sinesteak ez ote du azpian beste esanahi bat, behar bat? Multzoka aurredeterminatuta gaudela pentsatzen duenik ba ote da? Jendeak sinesten al ditu benetan horrelako txorradak?

Harrezkero etorkizunari buruzko zalantzaren bat dugun bakoitzean, Lorearengana jotzen dugu. Igarle rola gustura hartu du eta horrekin jolasean aritzen gara.

–Aurten gabonetako loteria 067an bukatuko da–, esan zidan, neuk galdetu gabe.

Eta pentsatzen al duzue zer izango litzatekeen Lorea igarleak hori esan eta gero, zenbaki horietan amaitzen den loteria parean suertatu eta nik, egoskor, erosi ez... eta gero tokatuko balitz?!

Nik garaiz abisatu dizuet. Aurreko bi zenbakiak ez dakizkit –hurrengo urterako gehiago saiatuko naiz–, baina 067an bukatuko dela seguru nago.

Eta neurri batean behintzat zure bizitza alda dezakeen artikulu hau bukatzeko, neuk ere, Lorearen teknikak erabiliz, horoskopoko atal bat egiteko trebezia badudala erakutsi nahi dut. Piscis jarriko dut izenburuan baina, komeni bazaizu, zuk zeurea jarri. Berdin balio du.

Iragarpena. Piscis (otsailak 23-martxoak 20). Aukerak oso gutxitan gertatzen dira bizitzan, eta hau da zurea. Dirua ate joka duzu, eta zuk ez duzu etxeko txirrina entzun nahi. Utzi behingoz zalantzak eta dituzunak eta ez dituzunak joka itzazu loterian. Lana, porsako hartzera. Etorkizun oparoa izango duzu 067 bukaerari esker. Edo damutuko zaizu. Disdiranean galdetu eta, ez badute, beste nonbaiten saiatu, topatu arte.

Gaur Gara egunkariarekin batera Zazpika jaso dut, igandeetako gehigarri abertzalea, aurrerakoia, askok gustuko duena. 63. orrialdean horoskopoa dago. Etorkizuna kilkerraren potroak baino beltzagoa da.

Badakizue zer esaten dizuedan: erabat gaixorik gaude.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak