Zokomiran
Tren Museoa
Joxin Iturriotz
Hamahiru urte bete omen ditu Tren Museoak. Ez deritzot zoriontzekoa denik.
Bitan baino ez naiz izan bertan, eta bietan ez neure gogoz, kanpotar lagunei laguntzearren baizik. Eta mundu hori oso gustuko dudala esango nuke. Santanderrera eta Leonera trenez egin ditut joan-etorriak, hiri horiek ezagutzeko baino gehiago trenez egitearren bidaiak. Pozik, gainera, eta errepikatzekotan.
Hemen Urolako trena genuen. Zaharkitua, berrikuntza handia behar zuena. Baina berritu ordez kendu egin zuten, Jendearen iritzia bost garaiko agintariei. Kendu, eta kito!
Gero, trena maite zutela adierazteko-edo, museoa egitea erabaki zuten. Trenaren aurka ez, garapenaren alde baleude bezala! Biak kontrajarriak balira bezala! Trena antzinako zerbait bihurtuz; museo bihurtuz, alegia. Trenak ezin ekar baitzezakeen garapenik.
Horrela sinestarazi nahi izan ziguten. Eta museoa Urolako trena kentzearen justifikazio lazgarri moduan sentitu genuen askok.
Orain museoaren zuzendariak trena kentzea disparatea izan zela adierazi du. Eta askok esango didate museoa zabaltzea geroko erabakia izan zela, eta ez zuela izan trena kentzearekin zerikusirik.
Eta ez diot horrela izan zenik, baina bai nik horrela sentitu nuela. Urolako trena kentzea eta museoa zabaltzea lotu-loturik daude. Azken batean, Urolako trena kendu zutelako dago museoa. Eta horrek mina, min handia, sortzen dit.
|