ueuskara
: Ekarpena euskarari
Ekarpena euskarari
Uztarria
EHEk ia hogei urte daramatza Azpeitian lanean. Euskaltzaleek ateak zabalik dituzte bertan aritzeko, eta taldeak diru laguntza ere behar du
1989an sortu zuten Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz (EHE), ia hogei urte bete ditu taldeak, eta aurrera segitzeko motiborik badu oraindik.
“Hasiera haietan Azpeitian hutsune handiak zituen euskararen eremuan. Adibidez, ez zegoen euskara elkarterik, ezta euskara teknikaririk ere. Euskalgintza ez zegoen antolatuta, herritarrok ez genuen euskaraz bizitzeko aukera handirik...”, dio EHEk. Azpeitian aurrerapausoak eman diren arren, Euskal Herriko egoera asko hobetu behar dela deritzo. “Aurrera begira EHEren zeregin nagusia Euskal Herri osoan euskara ofiziala izango den legea lortzea izango da”.
Horretarako, nazio mailan ez ezik, herrietan ere lana egin behar da Azpeitiko EHEren ustez. Herriko taldeak ateak zabalik dauzka euskaltzale denentzat. Gehienetan astelehenero elkartzen da, Telefonikako eraikinean (Perez Arregi plaza 1, 1). Jendearen ekarpen ekonomikoa ere eskertuko luketela dio EHEk; bazkide kanpaina abiatu berria du.
Anbulatorioa. Azkeneko hemezortzi urte hauetan makina bat lan egin du Euskal Herrian Euskarazek Azpeitian. Azkenaldian, batik bat, anbulatorioko egoerari eman dio lehentasuna. “Hura zerbitzu publikoa da, baina euskaldunok euskaraz aritzeko aukerarik ez dugu. Bagenekien herrian kezka eta ezintasuna nagusi zela. Egoera eraldatzeko asmoz, salaketez eta proposamenez beteriko ekimena jarri genuen abian”.
Herritarren babesa eta erantzuna bilatzeari ekin zioten. Abiapuntu bezala, pediatra euskaldunak izateko edo haiek euskalduntzeko eskatu zuen EHEk. Anbulatorioko hizkuntz gabezien berri ere eman zuen.
“Anbulatorioko egoera, euskaldunok gure herrian pairatzen dugun eskubide urraketaren beste adibide bat da. Euskara ofiziala ez den lurralde zatikatu batean bizi gara, eta hori aldatzeko interes eta borondate falta dago. Dauden legeak, Euskal Herri osoan euskara ofiziala ez izateko asmakizunak dira, ez besterik”.
Zer dio? Iñaki Martinez (Azpeitiko Euskal Herrian Euskaraz-en izenean)
Egin bazkide
Euskal Herria euskaraz eraikitzen ari gara, Euskal Herri euskaldun batean bizitzeko eskubidea eta nahia dugulako. Hala ere, euskaldun bezala agertzea ez batere erraza, oztopoak handiak baitira. Alde batetik, estatuen eskutik jasaten dugun zapalketa eta eraso polizial-judizialak gero eta jarrera bortitzagoarekin etortzen zaizkigu. Herri mugimendutik sortu ditugun tresnak deuseztatzen dizkigutela (Egunkaria-ren itxiera, Martin Ugalde Parkearen aurkako operazioa, euskalgintzaren hainbat enpresen aurka, atxilotuak...), eguraldia oso beltz jarri zaigu euskalgintzako eragile eta elkarteoi.
Hala ere, eman diren eta emango diren erasoak ezin ditugu modu isolatuan ulertu. Etsaiek daramaten suntsitze estrategiaren barruan kokatu behar dira. Argi dute, euskaldunok gure herria eraikitzeko hautua egin dugula eta horrentan aurrera jarraituko dugula oztopoak-oztopo. Horrek beldurtzen ditu eta hori da geratu nahi dutena. Urratsak egin ahala gure nahia lortuko dugula ikusi dute. Honela, bada, dagozkigun eskubideak lortuko ditugula eta dagokigun hori ‘bahituta’ ezin dutela mantendu ikusi dute.
Erasoa ez da hori soilik, egunero bizitzen baitugu hizkuntza zapalkuntza gure larruan. Ezin euskaraz egin osasun etxean, epaitegietan, lanean, komertzioetan, eskolan gure seme-alabak ez euskalduntzea %100ean, euskarak lege bakar bat ez izatea bere lurralde osoan eta abar luze bat.
Egoera zaila dugu baina ez gaude eskuak antxumaturik! Ez horixe! Hor dihardugu euskaldunon hizkuntza eskubideen defentsa egiten,
-Euskararen kontrako erasoen aurrean tinko agertzeko.
-Euskal Herri euskaldunaren alde arratsak egiteko.
-Ofizialtasuna lurralde osoan lor dadin eragiteko.
-Haur guztiak eskola bidez euskaldundu ahal izateko.
-Euskararen aldeko kontzientzia eta mobilizazioa sustatzeko.
-Herri mugimendu sendo eta eraginkorra izateko beharrezkoa delako.
Honela bada, hori guztia aurrera eraman ahal izateko zure laguntza behar dugu. Laguntza esaten dugunean, ekarpen ekonomikoa eskatzen dizugu. Hasieran esan bezala, herri mugimendua izanik, geuk sortzen ditugun iturrietatik bizi gara, instituzioen laguntzarik gabe. Horregatik jotzen dugu zuregana, euskaltzale hori, zure laguntza ezinbestekoa delako, euskararen normalizazioa eta dagozkigun eskubideak lortzeko.
Egin zaitez bazkide!
|