|
|
|
Mari Karmen Gurrutxaga
Mari Karmen Gurrutxaga
Enekoitz Esnaola
Belen Gonzalezek, Alejandra Farak edota Maria Luisak hamahiru-hamabost urterekin utzi zioten ikasteari, “etxera dirua eraman behar zelako”. Orain Azpeitian Bigarren Hezkuntzako titulua ateratzen dabiltza. Mari Karmen Gurrutxaga ere Helduentzako Eskola Publikoan dabil. Bera da ikaslerik zaharrenetakoa (67 urte dauzka).
|
|
Mari Karmen Gurrutxaga.
|
|
|
|
Gurrutxaga 11 urte zituela Nuestra Señora del Pilar Donostiako ikastetxean.
|
|
Zuk noiz utzi zenion ikasteari?
Hamalau urterekin.
Non zenbiltzan?
Donostian orduan. Hamar urterekin joan nintzen, Nuarbeko eskolatik. Kultura orokorra delakoa ikasi nuen Donostian, batik bat.
Zer dela-eta hara?
Gure aitona zenak, Ximonek, kulturari garrantzi handia ematen zion. Neuk ez nuen ezagutu hura, baina gure aita Joxek hori jaso zuen harengandik.
Donostiatik nora?
Nuarbera, familiaren tabernara lanera. Ez nuen nahi ikasten segitzerik. Hala ere, nik beti izan dut kultur kezka.
Ikasteari heldu diozu berriro.
Baina 29 urtetik 49ra arte San Miguel Patronatoan jardun nuen atzeratuei eskulanak erakusten. 46 urterekin kliniko laguntzaile titulua atera nuen, eta 65 urtera arte ikastetxeetan ume berezien laguntzaile aritu nintzen.
Iaz, Azkoitira, klaseetara.
Azpeitian ez zegoen-eta. Motibatu egiten nau. Orain dugu aukera 60taka urte dauzkagunok halakoak egiteko. Jendea animatu nahiko nuke. Gainera, klaseen ondoren kafetegira joaten gara...
Zer ari zara ikasten?
Literatur tailerrean nabil. Gustura. Astean bi ordu; ez nuen agobiatzerik nahi orain behintzat. Oso irakasle ona dugu: Rosa.
Belen Gonzalez (33 urte, azpeitiarra)
“13 urterekin utzi nien ikasketei eta 18 urtean egon nintzen horiei heldu gabe. Azkoitian hasi nintzen ikasten, Helduentzako Eskola Publikoan, orduan Azpeitian ez zegoen-eta. Orain jarri dute hemen. Bazen garaia. Izan ere, Azkoitia hortxe dagoen arren, lanetik etxera joan, etxeko lanak egin, autoa hartu eta Azkoitira joatea ez zen oso erosoa. Dena den, joateko beharra neukan. Izan ere, gaur egun edozertarako eskatzen dizute titulua, Bigarren Hezkuntzakoa: tailerretan…
Nik zortzigarren mailan utzi zuen ikasketa mundua. Etxean sei anaia-arreba ginen —neu, bosgarrena—, eta etxeko denok uzten genion ikasteari maila horretan, lanean hasteko. Etxera dirua eraman beharra zegoen. Eguzkitzanean hasi nintzen ni, tabernari, 13 urte nituela. Harrezkero, batik bat, tabernari ibili naiz; Pemec lantokian ere aritu nintzen.
Orain lanik gabe nago, eta klase hauek hartzeko behintzat, eskertzen da. Izan ere, lehen esan dut pixka bat, baina lanetik etxera, etxetik Azkoitiko klaseetara, handik etxera, etxeko lanak egin, eta gero eskolakoak egitea, gogorra zen. Orain lasaiago nabil, gauez eskolako lan batzuk egin arren, eta titulua ikasturte honetan ateratzea espero dut, aurreneko partea Azkoitian lortu nuelako. Erakusten dutena ez da zaila, baina orain gaztetxo zinela baino lehenago harrapatzen duzu dena, logika handiagoa erabiltzen duzulako”.
Alejandra Fara (33 urte, argentinarra jaiotzez)
“Ni orain dela 11 urte etorri nintzen Azpeitira. 33 urte dauzkat, eta 14 urterekin utzi nien ikasketei. Ez nuen ikasi nahi baina, egia esan, orduan Argentinan ez zegoen aberastasun handirik, eta lanean hasi beharra zegoen, diru pixka bat ateratzeko etxerako. Neu ere hala hasi nintzen, eta hori alaba bakarra nintzela etxean. Gero, txanpon batzuk ateratzen zenituelako, lan egiteari gustua hartu nion, gauza batzuetarako baneukalako dirurik.
Orain, ordea, berriro ikasten hasi beharra dudala iruditzen zait, titulua ateratzeko. Gustatuko litzaidake Zumarragako Ospitalean erizain laguntzaile aritzea biharko egunean. Horretarako, titulua atera behar”.
Maria Jesus (62 urte, espainiarra jaiotzez)
“Errioxakoa naiz, 62 urte ditut baina dagoeneko 40 badaramatzat Azpeitian. 15 urte nituela hasi nintzen lanean, ikasketak lagata. Beharko! Orduan nire herrian behintzat —Villar de Arnedon— adin horretarako lanean hasi beharra zeneukan etxera dirua eramateko. Gurean gurasoak, ahizpa eta laurok ginen, ez ginen garai haietarako asko ere etxean, baina sosak behar. Nafarroan hasi nintzen lanean, San Adrianen, herritik hamalau bat kilometrora. Kontserben enpresa bat zen. Dirua zutenek, aldiz, Logroño hiriburura bidaltzen zituzten seme-alabak, ikasketekin segi zezaten; Villar de Arnedotik 35 bat kilometrora dago Logroño.
Azpeitiko Riojanonekoak senideak nituen eta hona etorri nintzen lanera 16 urte egitear nintzela. Ez nintzen hasi eskolan, ordea. Orain hasi naiz, lehen ikasitakoa gogoratzeko bada ere. Denbora-pasa ondo datorkit; asti librea beste zerbaiten enplea nezakeen, baina nahiago izan dut ikasten hastea neure 62 urterekin. Gainera, ordutegia ona da, eta klasera derrigor azaldu beharrik ez daukazu. Gustura nabil gizartea, matematikak, ingelera… ikasten, baina nire helburua euskara ikastea da. Hutsetik hasi naiz euskararekin.
Beste gaiei dagokionez, nahiz eta izenez berak izan —gizartea, matematikak…—, desberdin erakusten dute gaur egun. Lehen, Espainiako historia erakusten zuten asko. Orain ere bai, baina beste gauza batzuk sartuta; zabalagoa da. Matematiketan, berriz, gure garaian logika zen dena, eta orain gauza arraro gehiago sartzen dituzte. Kostatu egiten zait pixka bat, baina gustura nabil. Ona da ikastea”.
|