Sasoiko emakumeak
Maider Zendoia
Urtero bezala, azaroaren bigarren igandean Behobia-Donostia lasterketa izango da. Bagitxitxin taldeko emakumeak gogor ari dira entrenatzen
|
|
Bagitxitxin taldekoak, Loiolan.
|
|
|
|
Mari Kruz Guridi, Mertxe Urtuzaga eta Mamen Etxaniz.
|
|
Inguruko lasterketarik ezagunena da Behobia-Donostia. Hamalau mila lagunek hartuko dute parte aurten, eta asko dortsalik gabe geratu dira, gainera. Loiolan eta inguruan nabarmena da lasterkalari askorentzat serio prestatzeko egunak direla. Bai gorputza, baita burua ere, horixe baita atalik indartsuena.
Lasterkalari haien artean gero eta gehiago dira emakumeak. Esate baterako, Mamen Etxaniz, Mari Kruz Guridi eta Mertxe Urtuzaga.
Mamen Etxaniz, kirolaria
“Azpeitiar gehienak Mirakruzen egon ohi dira”
“Hogeita hamar urte daramatzat laster-keta ezberdinetan parte hartzen. Behobia-Donostia aurreneko aldiz 1984an egin nuen. Orduan, gainera, parte hartzeagatik oroigarri bat ematen zuten eta oraindik gordeta ditut etxean. Giroa izugarria da. Sekulakoa da hogei kilometrotan jendea animatzen ikustea. Hor dago arrakastaren gakoa.
Behobia lasterketako zatirik gogorrenak Mirakruzeko gaina eta Gaintxurizketa dira. Azpeitiar gehienak Mirakruzen egon ohi dira ikusten. Gu, badaezpada, aldapa hasi aurretik arnasa sakon hartu eta ahal den aurpegirik onena jartzen saiatzen gara, herritarrek ondo ikus gaitzaten. Orain urte batzuk arte Pasaiako portua itxita egoten zen ikusleentzat eta oso luze egiten ziren egin beharreko kilometro eta erdi hura jendearen animorik jaso gabe.
Aldapa gogorrak izan arren, jendearen harrerak ikarragarri laguntzen du. Oso garrantzitsua da hasiberriei beldurrak kendu eta ondo pasatzeko egiten dugu-
la gogoraraztea, presioa kentzea.
Taldean korritzeak animo handia ematen du. Jendeak edozer gauza esan ohi digu baina kasurik ez egiten ikasten da. Dena dela, ikusleen artean esan beharra dago denetarikoak daudela eta izugarri animatzen gaituzten gizonezkoak ere badaudela.
Bizitzeko eta ondo pasatzeko modu bat da lasterka egitea. Ez nau marka hausteak obsesionatzen. Beti saiatzen zara gauzak ahal den ondoen egiten, edo hobetzen, baina obsesionatu gabe. Argi dagoena da ondo pasatzeko egiten dugula kirola, eta presiopean edo obsesionatuta ez genukeen hainbeste urtean jarraituko inola ere”.
Mari Kruz Guridi, kirolaria
“Psikologoetan aurrezteko modua ere bada korritzea”
“Hamabi edo hamahiru urte dira estrainekoz irten genuela. Bagitxitxin izenpean, zazpi emakume elkartu ginen lasterketan parte hartzeko asmoarekin. Gaur egun, taldea handiagoa da. Une honetan 21 emakume gara taldean. Denek ez dute Behobia-
Donostia egingo, baina beste lasterketa batzuetan parte hartzen dute horiek: Zakila Biran, Lilatoian, Quebrantahuesosen, triatloietan...
Pirinioetara joateko ibilaldiak ere antolatu izan ditugu, baita makina bat afari ere. Emakume kirolzaleok osatzen dugun taldea da. Lagunarte polita osatzeaz gain, psikologoetan aurrezteko modua ere bada lasterka egitea.
Behobiarako irail hasieran hasten gara gogor entrenatzen, baina korrika urte osoan egiten dugu. Izan ere, ohiturari eustea komeni da. Astean lautan entrenatzen gara; zortzi edo hamar kilometro inguru aldiko. Larunbatetan, berriz, hamasei bat kilometro egiten saiatzen gara.
Pasadizoak ere bizi izan ditugu urteotan. Gogoratzen dut urte batean izugarrizko beroa egin zuela Behobian eta ez zegoela urik. Bizikletan aurrera eta atzera ibiltzen diren antolatzaileen potoetatik edan behar izan genuen.
Beste batean, egoera berdintsua tokatu zitzaigun eta baserritar batek ur balde bat atera zuen atarira. Korrikalari guztiak han joan ginen eskuekin ura edatera. Berdin zitzaigun eskuak izerditan edukitzea. Aurrera jarraitzekotan, derrigorrezkoa zitzaigun edatea. Halakoetan edozer egiten da. Antolakuntza ona oso garrantzitsua da horrelako lasterketetan Emakumeen eta gizonezkoen arteko konparaketei dagokionez, azpimarragarria da emakumeok askoz ere denbora gutxiago daukagula entrenatzeko. Ni ama naiz eta, lantokiko lanaz gain, ardura asko izaten ditut buruan: erosketak, semearen ikastolako bilerak, etxeko lanak... Entrenatzera etortzen garen emakume guztiok bukatutakoan zer egin behar dugun pentsatzen egoten gara. Gizonezkoak, aldiz, entrenatzera joaten dira eta kito; badakite bukatzean emazteak dena gobernatuta izango duela etxean. Baina niretzat lasterka egitea neure buruari oparitzen diodan zerbait da; neuretzat behar dudan denbora da eginbehar guztien gainetik”.
Mertxe Urtuzaga, kirolaria
“Gizonen eta emakumeen berdintasuna urruti dago”
“Urte hauetan denetan Behobia-Donostian emakumeen parte-hartzea nabarmen handitu da. Urtetik urtera goraka doa. Orain 30 urte jendea ez zegoen mentalizatuta eta ez zuen uste posible zenik emakumeok kirol hori egin genezakeenik. Hori aldatzen ari da gutxinaka-gutxinaka.
Lasterketa batean parte hartzeko unean, burua eta oinak, biak beharrezkoak dira. Dena dela, entrenatuta joan arren, buruak ez badizu laguntzen, jai daukazu.
Gizonezkoen eta emakumezkoen arteko berdintasuna oraindik ere urruti dagoela pentsatzen dut. Emakumeentzako sariak txikiagoak izaten dira, babesleak aurkitzea oso zaila da, eta sarritan izugarrizko astakeriak entzun behar izaten ditugu”.
|