Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 7,  JAIYE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Azaroa »  Behin batean Loiolan...

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Behin batean Loiolan...

Enekoitz Esnaola

EAJk, Batasunak eta PSE-EEk negoziazio politiko garrantzitsua egin zuten duela urtebete Loiolan. Orduko kontu batzuk-eta jaso ditu Uztarriak

 

Bilera asko.

EAJk, Batasunak eta PSE-EEk hamabi bilera egin zituzten iazko udazkeneko negoziazio prozesuan: irailean hiru, urrian sei, azaroan hiru (azkena 15ean). Gehienak, Loiolan. Gehien urrian egin zuten aurrera (iritzi publikoan bitartean Batasunaren legeztatzea edo Iñaki de Juana presoaren gose greba ziren hizpide).

Aurretik, sei urteko kontaktuak izan zituzten Batasunak eta PSE-EEk. ETAk, berriz, 2006ko martxoan eman zuen su-eten iraunkorra, Espainiako Gobernuak eta biek “konpromiso batzuk” hartzean, erakunde armatuak berak gero adierazi zue- nez.

Imazen aitortza.

EAJk urtero irailaren azkeneko igandean egiten du Alderdi Eguna (azken urteetan Forondan, Gasteizen). Aurreko egunean EGIkoen jaia-eta egoten da, eta han izaten da EAJren presidentea. Iaz ez. Honegatik, Josu Jon Imaz EAJren lehendakariak berak aurten jakinarazi duen bezala: “Loiolan nengoelako [Batasunarekin eta PSE-EErekin negoziatzen]”.

Imaz (ezkerreko argazkian) ez ezik, eta argitaratu denez, Arnaldo Otegi, Rufi Etxeberria eta Olatz Dañobeitia (Batasuna), Jesus Egiguren eta Rodolfo Ares (PSE-EE) eta Josu Erkoreka (EAJ) ere egon ziren Loiolan. Jende gehiagok ere hartu zuen parte, ordea, negoziazio haietan.

Datu bat: Batasuneko hiru haiek orain kartzelan daude.

Akordioa lortzear.

Elkarrizketa eta Akordio Politikorako Oinarriak izeneko dokumentua izenpetzear izan ziren iazko azaroan EAJ, PSE-EE eta Batasuna Loiolan. Akordioak bost puntu zituen oinarrian: Nazioa. Euskal Herriaren identitate nazionala aitortzea.

Erabaki eskubidea. Euskal herritarrek hartutako erabakiak Espainiako Estatuak errespetatzea, eta proiektu guztiak defenditu eta gauzatu ahal izatea.

Nazioartea. Nazioarteko ordenamendu juridikoan jasota dauden herritarren eskubideak errespe-tatzea.

Hego Euskal Herria. Organo komun bat sortzea EAEko hiru herrialdeen eta Nafarroaren artean, eskumen exekutibo eta legegileekin.

Marko juridikoa. Marko juridikoan erreferendumerako eskubidea jasotzea.

Baina bilerak non egin zituzten?

Bilerak Loiolako santutegian egin zituztela esan izan da. Uztarriak dakienez behintzat, Loiolako beste leku batean ere izan ziren. Batzarrak hain ugariak izan ziren urrian, negoziatzaileak lo egiten eta dena gelditu zirela Loiolan.

Egutegia.

Akordioak egutegi bat jaso zuen eta, horren arabera:

Konferentzia. 2006ko abenduaren 2an Donostian bakearen eta elkarrizketaren aldeko konferentzia egingo zen, Eusko Ikaskuntzak antolatuta.

Nafarren presentzia. 2007ko urtarrilean PSN batzorde negoziatzailera sartuko zen.

Mahai politikoa.2007ko maiatzeko hauteskundeen ondoren bi mahai osatuko lirateke: bata EAEn, bestea Nafarroan. Indarke-riarik gabeko egoeran izango zen, eta 2007 eta 2008 artean akordioa lortzea aurreikusten zuten.

Legebiltzarretara akordioa. Mahaietan onartutako akordioa Eusko Legebiltzarrera eta Nafarroako Parlamentura eramatea aurreikusi zuten, horietan oniritzia jasotzeko. Baita Espainiako Kongresura eramatea ere, oniritzia jasotzeko. Gero erreferendumera eramatea proposatzen zuten EAJk, Batasunak eta PSE-EEk.

Loiolatik vatikanora.

Eneko Bidegainek berria.info-ko bere blogean lehengo urrian, ETAren su-etenaren hausturaren ondoren Ramuntxo Camblong EAJren Ipar Buru Batzarreko lehendakariak esandakoa anekdota gisa: “Bilkura hartan akordio hori egin zenean, Batasunak galdegin zuen testu hori armairu berezi batean ezarri behar zela, eta kutxa hori badakizu non ikusten zuten? Ez banku batean, ez! Vatikanoan!”.

Desados.

EAJ. “Gauetik goizera irizpidea aldatu zuten Batasuneko ordezkariek, ETAk esan zielako Loiolan lortu genuen akordioa ez ze-la onartzeko modukoa. EAJk, demokrata eta abertzale gisa, proposatutakoa ezin zuen onartu”.

PSE-EE. “Batasunak halako batean Nafarroari buruz exijentziak jarri zituen, eta horiek ezin genituen onartu”.

Batasuna. “Indefinizio asko zeuden. Erabakitzeko eskubidea eta lurraldetasunaren gakoak, gatazkaren korapiloak askatuko zituzten akordioak ez ixtea gerta zitekeen. Horregatik akordio zehatzago baten aldeko apustua egin genuen”.

Loiolakoaz azkenaldian.

Pernando Barrena (Batasuna). “Loiolakoa lortzeko egin genuen Anaitasunako proposamen zehatza”.

Miren Azkarate (Eusko Jaurlaritza). “Loiolan adostu zena onartzeko eskatzen diogu Zapaterori”.

Mariano Raxoi (PP). “Loiolako negoziazioek aurrera egin izan balute, Espainiaren izaera arriskuan egongo litzateke”.

Loiola bis.

Imanol Murua Uriak berria.info-ko blogean kontatua urrian: “Egibarrek esan zidan han aurreratutakoa baliagarria izan zitekeela hemendik aurrerako elkarrizketatan. Alegia: PSE Loiolan erabaki eskubidearen gainean onartzera iritsi zena onartzeko prest al dago Zapatero? (ez orain, hauteskundeen ondoren baizik). Onartuko balu, akordioa egina dago (horrela esanda, ez du horren zaila ematen). Negoziazioaren eskema, jakina, beste bat litzateke (bi hankekoa), eta negoziatzaileak ere beste batzuk liratete. Egiguren/Lopezen ordez, Zapatero. Eta Imazen ordez, Ibarretxe. Eta ados jarriz gero, hirugarren hankari (nori?) aurkeztu: edo hartu, edo utzi”.

Reiden bisita aurrez.

EAJk, Batasunak eta PSE-EEk Loiolan batzarrak hasi aurretik, Loiolako josulagunek Euskal Herriko bake prozesuan zeresana izan zuen pertsona ezagun baten bisita jaso zuten: Alec Reid apaiz irlandarrarena (eskubiko argazkian). 2005eko azaroan egon zen han, hitzaldia ematen.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak