Zer dio?
Herriko musikarien harrobia
Mari Jose Bikendi (Juan de Antxieta Musika Eskolaren zuzendaria
Juan de Antxieta Musika Eskolak 25 urte bete ditu aurten. 1982-83 ikasturtean hasi zen ofizialki eskolaren ibilbidea. Hasieran Karmelo Etxegarai ikastetxearen eraikinean hasi ginen lanean, handik Perretxikora pasatu ginen eta gaur Perdillegin gaude.
Azken urteotan herritar asko pasatu dira musika eskolatik. Izan ere, urtean 450 bat ikasle izaten ditugu; horietatik 330 musika eskolan izena eman dutenak eta gainerako 120ak ikastetxeetan eskola orduz kanpoko ikastaroetan parte hartzen dutenak. Urtero 20 edo 25 ikasle berrik ematen dute izena.
Urteotan lan asko egin behar izan dugu gauzak ahal den txukunen ateratzeko. Ez da bide erraza izan, baina gauzek pixkanaka-pixkanaka aurrera egin dute. Herriko egitasmoetan ere parte hartu izan dugu, eta dagoeneko herriko bizimoduan txertatuta dagoen erakundea gara.
Eskolaren 25. urteurrena ospatzeko ekitaldi sorta berezia antolatu dugu ikasturte honetarako. Santa Zezilia bezperako —azaroak 21— kontzertuarekin abiatuko dira urteurreneko ekitaldiak. Egun horretan, Izarraitz frontoian izango den ekitaldian emango dugu ezagutzera 25. urteurrenerako Eztake taldeak konposatu duen abestia. Musika eskolan egindako marrazki lehiaketa irabazi zuen Lierni Varelaren irudia duten elastikoak ere salgai jarriko ditugu. Azkenik, eskolaren 25 urteak gogoratzen dituen liburua argitaratuko dugu.
Aurrera begira, ikasturte bukaerako jaialdian parte hartzera gonbidatu nahi ditugu ikasle ohiak. Ekaineko jaialdia parte-hartzailea izatea gustatuko litzaiguke; hau da, bakoitzak abestu edo instrumentu bat jotzea. Izan ere, makina bat herritar pasatu dira 25 urteotan Juan de Antxieta Musika Eskolatik.
|