Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Azaroa »  Iritzia »  Aitaren batean lo/Hileta baten kronika beltza

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Postontzia

Aitaren batean lo/ Hileta baten kronika beltza

Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri

Aitaren batean lo

Aupa, gizon! Kostatuta, baina azkenean idatzi diat. Beti egitekotan, eta azkenean berandutu. Gaur ere konpromisoa nian, baina hiregatik utzi diat...; izan ere, meza bat nian tarteko. Joatea tokatzen zitzaidaan, baina hiri ere idatzi egin behar eta... Ez kexatu, azkenean, hi aukeratu haut. Beno, ez hadi harrotu, egia esan, balantzan jarrita: 40 minututik gorako meza ala beste edozer... Bai, bazakiat, batzuetan joan beharra izaten duk, ‘kunplitu’. Baina hi, errazagoa izango zuan kristau hauek ekitaldia prestatzen pixka bat saiatuko balira, ezta? Pentsa ezak igandero filma bera ikusten egongo bagina, edo futbol partida bera, edo kantu bera entzuten egunero. Errespetu guztiz baina sotanadun hauek bi mila urte zaramatek antzerki berarekin bueltaka. Apaizaren bakarrizketa errepikakorra entzuteaz gain, ez lokartzeko, zutitu eta eseri ibili beharra zagok.

Orain arte ez ditek ikusle faltarik izan, baina gazte jendea igande goizetan mezetan ikustea mirari bat duk gaur egun, eta gu gaituk ikuskizun horren etorkizuna. Akaso, zahartu ahala, bekatuen beldur, hasiko gaituk sermoiak entzuten, ez zakiat ba... Hala ere, garbi diat mezara joaten den asko apaizari entzutera baino gehiago ondoren eliz atarian lagunei kontuak kontatzera joango dela. Garai bateko mendian galduta bizi ziren baserritarrek elkartze-toki omen zitean eliz ataria eta ziur asko oraindik izango duk. Jantzi dotoreenak erakutsi eta herriko azken gorabeheren berri izatea zuan azoka erlijiosoon funtsa, eta ez zituan gauzak asko aldatuko.

Akaso, telebistan eta filmetan agertzen diren elizako kantari horiek antolatzeak lagunduko likek. Bai! 120 kilotik gorako 20 kide beltzeko koru animoso bat behar dik Azpeitiko parrokiak! Ekarrita akaso, gaur errazago joango nindukek mezetara. Ez zakiat gehiago sinistuko nukeen, baina 40 minutuak azkarrago pasatuko hituzkek, behintzat. Zer diok?

Hileta baten kronika beltza

Igor, maitea! Hiretzako “beste edozer” naizela jakinda nola nahi duk harrotzea? Bromak utzita, oso ahobero hago, kristautxo! Ez nauk ni hasiko elizaren aldeko pregoia ematen, aspaldi laga nioan artalde horretan biltzeari-eta. Ahal dudan gutxienetan joaten nauk. Badakik, hildakoaren ‘aldeko’ mezatara edo urtemugetara. Nigatik ez nindukek joango, baina jendea hil egiten duk. Beraz, gutxitan joaten nauk, kasurik okerrenetan, ordea. Gorroto ditiat, sufrimendua luzatu egiten dutelako. ‘Hildakoaren alde baina etxekoen kalte’, pentsatu izan diat sarritan.

Akordatzen nauk gure ama-ma hil zenekoa. Meza garaia arte, egun luze guztian, etxean eduki genian gorpua. Etxeko batzuk eta ni, beste gela batean denbora nola akatu asmatzen: egunkariak irakurri, sudokuak egin, telebistaren ahotsa fondoan... Gelan eta era berean inon ez, halaxe egoten ninduan ama etortzen zen arte. Hamar minututik behin. Ez zakiat zein etorri zela eta ezagutu egin nahi ninduela, amonaren lagunak, apaiza... Askotan bezala, Kristo bera agertzea falta zuan! Egundoko beroaldiak harrapatzen nitian amaren hanka hotsak entzutean, ‘bazetorrek’ pentsatzean. Han egoteko eskatzen zidaan, eta nik ezetz. Aurpegi ona jarri —ahal nue-na—, eta joaten ninduan bisitariak agurtzera. Ezin nian, ernegatu egiten ninduan jendearen jardunarekin: “Zein ederki jarri duten, oso guapa dago” eta halakoek. “Nahiago niken hi bahintz horkoa eta ez amama”, pentsatzen nian, baina ezin ba esan. Egun hartan inor hil ez banuen, nekez egingo diat aurrerantzean, egon bitez lasai. Eta zer esanik ez etxetik elizarako prozesioari buruz: ‘Eh, gure amama hil da, begira, begira!’. Hori baino umilagoa zuan.

Uf! Hire gogoetari ez zioat behar bezala erantzun; hala ere, lasaitu egin nauk, hi. Beste batean idatziko diat sinesmenari, elizari eta apaizei buruz pentsatzen dudana. Hainbeste zaukaat!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak