|
|
|
Libre
Egunero
Olatz Prat
Eskolara doa egunero bezala. Gaur ere izugarri kostatu zaio jaikitzea. Buruko mina izaten du goizetan eta urdaila uzkurtzen zaio begiak ireki eta beste egun bat hasten dela konturatzean. Badaki gaurkoan ere infernua bizi beharko duela, negar egingo duela, tiro egingo diotela beste behin bihotzean eta gorputzeko zati bakoitzean. Kristal hautsiz egindako gorputz bat dela sentitu arte. Badaki odola hoztuko zaiola, eta hurrengo segundoan amorruz sutan egongo dela, justu berriz ere izoztu aurretik. Badaki gaurkoan ere laguntzat dituen horien onarpena ez galtzeko ahalegin berezi bat egin beharko duela, lagunak ez direnen onarpena irabazteko egin beharko duen ahalegin bera.
Bere amak janzteko esan dion alkondara kuadroduna janzterik ez du nahi. Alkondara hori janzten duen bakoitzean, soinean daramana etxeko mantela ote den galdetzen baitiote algara burlati artean. Eta egia da, alkondara ez da polita, baina ez dago beste aukerarik. Gurasoei ez die poltsikoak ematen –ezta gogoak ere— hilero zapatilla berriak, edo marka ezagun eta garestietako arropa erosteko. Zaran janzten da edo ahizpak utzitakoak aprobetxatzen ditu. Zentzugabea badirudi ere, horrek zenbaitetan desberdin egiten du. Eta hamabi urterekin garesti ordaintzen da desberdin izatea, edo hala izatea besteen begietara.
Alkondaragatik ez bada, ezizen bat asmatuko diotelako izango da, abizenarekin erlazionatua ziurrenik, beti bezala; edo gehiengoak duen moduko sudur txiki eta standar-ik ez duelako izango da. Eskua altxatu eta galderari ondo erantzun badio, ondo erantzun diolako, eta okerreko erantzuna bota badu, ondo erantzun ez diolako. Beti egongo da arrazoirik, beti aitzakirik, beti egongo da min egiteko astirik.
Konpondu nahia. Gauzak konpontzen saiatu da behin baino gehiagotan. Modu guztietara probatu du. Batzuetan isildu egin da, listua irentsi, irakasleak esan bezala hamar arte zenbatu eta aguantatu, “neska fuerteak bezala”. Zenbaitetan hitz egin nahi izan du, “zergatik?” galdetu die erasotzaileei, “utzi bakean” esan die. Besteetan ez-entzunarena egin du. Baina azkenean, beti lehertzen da eta garrasi egiten du. Ostikoz jotzen ditu. Nonbaitetik atera behar du barnean daraman gorrotoa.
Badaki gauzak ez direla ostikoz konpontzen. Baina ezin du gehiago. Mundua jausten zaio irain bakoitzarekin. Egunero hil nahi du. Egunero nahi du azken aldia izatea. Denborarekin dena konponduko dela pentsatu nahi du, denborak guztia sendatzen duela esan izan diote beti. Baina egunak joan eta egunak etorri, itxaropenaren zakua txikitzen doa, hustutzen. Eta odola berotzen, gorrotoa handitzen. Nahitaez, txikiagoa sentitzen da egunero, itsusiagoa, leloagoa, zorigaiztokoagoa, bakartiagoa.
Errua berea dela sinesten du askotan, gauzak horrela badira zerbaitengatik izango dela pentsatzen du. Aldatu nahi du. Lagunak egin nahi ditu, baina ez daki nola. Ez zaio erraza egiten; bere buruaz hainbeste zalantza ditu!… Ezin du, nolabait, gustuko ez duen ‘produktu’ bat saldu. Bizi den herria txikia da, gainera, eta berari buruzko zurrumurruak guztiz zabalduta daudela uste du. Eskolaz aldatzea nahi izan du, baina badaki ez duela ezertarako balioko, erasotzen diotenek aurkituko dutelako min egiten jarraitzeko moduren bat.
Gorrotoa gainditu. Urteen poderioz ulertuko du arazoa ez dela inoiz berea izan, ohartuko da besteen arazoen ordaintzailea besterik ez dela izan. Urteak igaroko dira berriz ere bere buruaz seguru egoterako eta, agian, ez du inoiz lortuko. Burura etorriko zaizkio pasarte haiek, behin eta berriz, eta pentsatuko du besteak ahaztuko zirela honezkero kontu horiez guztiez, benetan ez zirela jakitun izango beregan eragiten zuten sufrimenduaz eta kalteaz. Irakurri du nonbait, zerbait ahazten saiatzea betiko gogoan eduki nahi izatea dela.
Ez du ahaztu nahi, gorrotoa gainditu nahi du. Infernua erakutsi zien haiei begietara begiratu nahi die, zainetan gorrotoa sentitu gabe. Lotsarik sentitu gabe. Indartu egiten omen da horrelakoetan pertsona. Baina inork inor erasotuko ez balu, inork ez luke bere burua defenditu beharrik izango; gizakia zoriontsu izango litzateke bere ahultasu-nean.
|