Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Azaroa »  Iritzia »  Ipuina

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Ipuina

Koldo Aldadur

Bazen behin herri handi samar baten ondoan zegoen herrixka baten goialdean zen herritxo bat. Guztira, dozena eta erdi etxe, eta alboko mendixketan sakabanatutako baserri polit batzuk.

Herriaren bihotzera biltzen zen iturriko uraren freskotasunagatik edo bailaran behera etortzen zen haizeagatik, egun batean hango gazteak ohartu ziren beraien bularretan, zangoetan eta besoetan, barruan gordetzerik ez zegoen indarra zebilela, eta haien zainetan indar hura kirolaren bidez ateratzeko gogoak ezin zuela gehiago itxaron.

Lagunarteko jolasa. Nola, ordea? Bertan ez zen ez kirol eraikuntzarik, ez eraikitzeko asmorik. Zabalgune handirik ere ez zen beheko herrietan modan zeuden kirolen bat martxan jartzeko. Soka luze eta lodi bat hartu zuten, eta elizako burni hesian lotu zuten berari tiraka aritzeko asmotan. Kirol ezberdina inondik ere, atzera gehien egiten zuenarentzat baitzen garaipenaren gozamen gozoa! Lagunarteko jolasa hasieran, lehiatzeko nahia etorri zen gero. Eliz atariko hesi okertutik soka askatu eta alde bietatik tiraka hasi ziren.

Horretan ari zirela jakin zuten hemen eta han txapelketarik bazela eta lotsati hasieran eta indartsu geroago, entrenamenduetan lortutakoa plazetara eraman zuten. Eta garaipenak heldu ziren, eta urrutirago irteteko gogoa, eta autobusa eta ingeleraz zekien bakarren baten premia, eta serioago prestatu beharra, eta egun gutxi falta lehiaketarako eta kilo asko soberan, eta erretxina, eta urduritasunarekin lo egin ezina, eta ahaleginak soilik sortzen duen lagunarte isila, eta burua tente aurkarien akatsaren zain, jarraitzaileen hatsa ondoan, eta etxekoen harrotasuna haiek horrela ikusita, eta berriz ere arratsalde luze eta euritsuak, eta berriz ere zalantzak, eta zalantzak uxatuta besoluzedun irlandar, gales, holandar, suitzar eta abarren aurka neurtu zituzten indarrak hamaika zelaiko lokatzetan, eta mekaguenlaputa, aurtengoa azkena.

Eta hurrengo urtean berriz ere bilerak, entrenamenduak, kiloak, autobusa eta besoluzedun aurkariak.

Eta egindako ahaleginaren ondorioz Donostiako Kontxa non zegoen ez zekien kirolari atzerritar askok jakin zuen herri txiki hartakoak euskaldunak zirela, haien ohiturak eta sinboloak zituztela eta, batik bat, tiralari haiek munduan bere tokia izan nahi zuen herri hartakoak izateaz oso harro zeu-dela.

Ahalegin oro zen gutxi garaipenarekin, edo gabe, etxera itzultzen zirenean zain zutenarekin alderatuta. Herritarrak autobusaren zain, malkoak, loreak, ama, andregaia, lagunak, anaia. Afaria. Emozioa. Maitasuna gainezka eta esker ona. Europa osoko eta munduko hoberenak izatera iritsi ziren, behin eta berriz, eta inork ez zuen izan egindako balentria famatu beharrik, etxekoen muxuak bezala balentria handiek ez dutelako hitz gozoen beharrik.

Baina politika maltzurraren mamuak zoriontasun gehien den tokian egiten du gustuen min, eta garaitezinak ziruditen kirolariei nazioartean parte hartzeko eskubidea kendu zieten, ilusioa jan, indarrak ahularazi. Erabat aspertu, nazkatu ziren arte.

Oroimenean. Eta orain ez dago ongietorririk, eta burdin hesiari erdoila atera zaio, ez dago neguko euririk eliz atariko kanpoaldean, autobusean egoskorrena nor den erabakitzeko eztabaida hotsik ez. Baina hori ez da okerrena; okerrena da, bertako eta alboko herrietako haurrek ez dakitela gure nazio txiki honek eman dituen kirolari handienetakoak bertakoak zirela, ahaztuak ditugula. Museoko oroitzapenak bihurtu dituzte. Eta eskerrak lortutako penak eta garaipenak laburtzen dituen museoa eraikitzea otu zitzaien! Sentimenduak ez dira argazkitan kabitzen baina bertako haurrek, haiei begira, jakin dezakete izan zirelako garela.

Nik kirolari ikaragarri haiek gertutik ezagutzeko zortea izan nuen, eta benetan harro nago. Nuerbetarrak. ‘Nuarbetarrak’ gainontzekoentzat.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak