Zokomiran
Larre
Joxin Iturriotz
Larre itxi egin dute. Ez, ez dut putetxearen lan sozialaren gainean hitz egingo,
Lagun batek, unibertsitateko lan baterako, hamar elkarrizketa egin zizkien Larreko hamar neskei. Zenbat irabazten duten, horrek harritu ninduen gehien. Hilabete txar batean, gutxienez hiru mila euro. Hilabete arrunt batean, bost-sei mila eurotik gora. Hilabete on batean, auskalo! Prostituta sartzeko gogoa ematen du!
Hala ere, den-denek kexa berbera aipatzen zuten. Bizitza arrunta, normala, ezin egin izatea. Ezkutuan ibili beharra, alegia. Herritik kanpo (zenbat eta urrutiago hobe) bizi beharra. Bezeroak ikusi eta ezin agurtu, ezikusiarena eginez. Herrian lagunik ezin izan. Norberaren urrutiko ofizioa asmatu, auzokideen susmo txarrik ez sortzeko. Eta abar, eta abar... Nire lagun horrek “estigma” deitzen zion. Hau da, ofizio horretakoak markatuta daudela, eta markatuta bizi direla.
Ederra da ezer ezkutatzeko ez izatea, norbera den bezala agertzea. Egiten duguna egin, geure neurriaren arabera ondo dagoela ikustea, eta ikustarazi ahal izatea.
Duintasunaren parekoa litzatekeelakoan nago. Eta ez diot Larrekoak ez direnik duinak, bere neurrian, baina ez da gauza ederra ezkutuan ibili beharra. Ezkutatzeko ezer ez daukanaren duintasun osoz ibiltzea bezalakorik ez dago.
Eta horrek asko balio du. Diruak baino gehiago.
|