ueuskara
: Imanol Goikoetxea
Imanol Goikoetxea: "Toponimoa geure ondarea da, zaindu beharrekoa"
Maider Zendoia
Azpeitiko toponimia biltzen duen herriko mapa argitaratu du Azpeitiko Udalak. Ikermap toponimia ikerketa enpresa arduratu da egiteaz. Herritarrek zuzenketak egiteko aukera izan zuten irailaren erdian, eta ondoren aterako dute maparen behin betiko argitalpena; lau mila alekoa. Ikermapeko zuzendaria da Imanol Goikoetxea (Donostia).
|
|
Imanol Goikoetxea Ikermap enpresako zuzendaria Azpeitiko maparekin, joan den irailean, erakusketa zabaldu zutenean.
|
|
Nola egin duzue herriko toponimiari buruzko ikerketa lana?
Bi puntu izan genituen kontuan. Batetik, eskuartean genituen izenen kokapenak egiaztatu genituen —baserrienak errazak dira, baina elementu geografikoak-eta ez hainbeste—. Bestetik, udal agiritegi historikoa arakatu genuen. Katastroak, arrendamienduak, enkanteak, erroldak eta baserri zerrendak aztertu genituen, eta ondoren, kronologikoki sailkatu genituen.
Zenbat urteko lana izan da?
Urtebetekoa. 2006ko udaberrian hasi ginen. Bospasei laguneko taldea aritu gara lanean: Eñaut Franzesenak datuak bildu ditu, beste batek toponimia zerrendak konpondu ditu, beste batek mapa egin du, ni zuzentzen aritu naiz...
Zer jenderekin egon zarete?
Sagardo pixka bat atera eta hiru baserritako baserritarrak elkartzen badituzu, datu ugari ateratzen da.
Baina beste iturri onik izango zenuten...
Aipagarria da udal agiritegiaren garrantzia. Dokumentuak antzinakoak, garrantzitsuak eta askotarikoak dira. Pentsa, 20.000 erreferentziatik gora daude agiritegian. Erreferentziok denak desberdinak ez dira, batzuk izen beraren aldaerak baitira.
Nola idatzi edo nola esan, zuek zer proposatzen duzue?
Nola idatzi behar den. Ahoskera kontu bat da, eta idazteko era beste bat. Adibidez, guk proposatzen dugu ‘Usanditza’ ‘Usanditzaga’ idaztea. Horrelako egitasmoetan, lortutako informazioaren interpretazioa beti filologo baten eskutik dator. Kasu honetan, azpeitiar batekin kontatu genuen: Eñaut Franzesenarekin. Bertako euskalkia menperatzea garrantzitsua da oso, interpretazioa eta galdeketa egiteko. Bestela, batuarekiko joera hartu eta etengabe zuzenketan sartzen zara.
Idatzizkoa proposatzen duzuela diozu. Baina zer idazkera mota erabili duzue?
Euskara batua. Baina euskalkiari berriro garrantzia eman behar zaio. Azpeitian oraindik oso bizirik dago bertako hizkera, baina Donostian, esaterako, apenas nabarmentzen den. Nire ustez, hurrengo pausoa bertako hizkera jasotzea izango da; hau da, toponimia ahoskatzen den bezala jaso eta irakastea. Horrela, bi forma irakatsiko lirateke: ahozkoa eta idatzizkoa.
Zenbat gunetan banatu duzue Azpeitia?
Zortzitan. Gune bakoitzak mapa eta ortofotoa du. Agian, bertan bizi den batentzat argiagoa da ortofotoa.
Erakusketan eduki duzue ikerketa lana. Ona izan al da azpeitiarren ekarpenera zabaltzea?
Bai, guztiz. Lehendabiziko egunetan egundoko erromeria izan zen. Batzuek kokatu dizkigute ihes egindako hiruzpalau kontu, gehienak kale ingurukoak: Munoaundi, Sorgintzulo (Etxe Alai
dagoen lekua), Astotegia eta Zelai Luze...
Zer gehiago esan du jendeak?
Adibidez, batek esan zigun bere baserriaren izena ez zela ‘Agirre’, ‘Agerre’ baizik. Gipuzkoan oso ohiko fenomenoa da; hor gertatzen dena asimilazio bokalikoa da. Azken bokalak aurrekoa kutsatzen du eta, ondorioz, ‘i’ hori ‘e’ bilakatzen da. Dena dela, fijatuz gero, abizena Agirre mantendu da, ez da aldatu. Hori gutxi gora-behera XIX. mende bukaeran emandako aldaketa izan da. ‘Agirre’-ak, bitxia bada ere, euskara galdu den lekuetan mantendu dira. Arabako iparraldean, adibidez, oraindik ‘Agirretxea’, ‘Agirre’ ahoskatzen dute.
Azpeitiari lotutako ezaugarri berezirik aurkitu al duzue ikerketa egitean?
Nabaritzen da baserri asko dagoela. Jendeak baserriaren izena erabiltzen du ingurua izendatzeko. Hortaz, mikrotoponimiaren aberastasuna baserriak pixka bat fagozitatu egiten du. Orduan, baserri dentsitate txikia dagoen inguruetara joan behar da, eta han bai agertzen dela terrenoen toponimia barra-barra. Urzelaieta eta Odriako baserrietan ikusten da ingurune horiek euren izenak dituztela. Hor baserririk ez dago eta nolabait izendatu egin behar da. ‘Iturmuno’, esaterako, iturria sortzen den lekuari esaten zaio.
Beste ezer berezirik?
Izarraitz magalean beste fenomeno bat eman da. Gaur egun jende gutxi bizi da han eta, ondorioz, toponimo gehienak galdu egin dira; beste batzuk, berriz, mantendu eta zabaldu egin dira. Eperkoaran, esaterako, lehen gune txikiagoa zen, eta gaur egun zabaldu egin da toponimoaren eremua. Beste gauza guztiak bezala, toponimoak ere zabaldu egiten dira. Arazorik larriena da bizimodua aldatu egin dela (mendiko lanak-eta erabat desagertu dira) eta baserriko jendea ez da mendian bizi. Hortaz, toponimoak funtzioa galdu egin du. Belaunaldiz belaunaldi pasatutako informazio hori guztia orain, hamarkada gutxi batzuetan, puskatu egin da. Gaur egun, 40 urteko baserritar batek oso izen gutxi menperatzen ditu. Haren aitak, seguruenik, izen erdiak gogoratuko zituen, eta aitonak, berriz, ia guztiak. Lekuko biziak izateko orduan, belaunaldi zaharretara jotzen dugu; hala egin dugu Azpeitian ere.
Toponimia urbanoaz zer?
Kale inguruan beste fenomeno bat ere ematen da. Parte zaharrean ziur nago etxe bakoitzak bere izena duela, eraikin bakoitzak; hau da, eskaratza (karrera) bakoitzak. Gaurko kale izendegia XIX. mendekoa da, baina ordura arte non bizi zinen zehazteko ‘erremintarinean’, ‘patxikotorrenean’, ‘estanko zaharrean’... esaten zen. Joan den egunean, azpeitiar emakume bat etorri zen erakusketara eta esan zidan Errebal kaleko etxe batean bizi zela; etxe berria egitean, etxe zaharraren eskrituretan ikusi zuen etxeak izen bat zeukala. Helbide postala agertzean, lehen aipatutako fenomeno hori desagertu egiten da.
Lokalizatu gabeko toponimorik bai?
Bai. 600-800 agertzen dira agirietan halakoak. Badakigu gutxi gora-behera non dauden. Beraz, hurrengo pausoa litzateke inkesta sakona egitea mendi inguruan informatzaile onak topatuta.
Beraz, garrantzitsua dela toponimia berreskuratzea...
Geure ondarea baita, zaindu beharrekoa. Geuk ez badugu zaintzen, ez da inor etorriko zaintzera.
Beste herrietara zabaltzeko lan mota al da?
Euskal Herri osoan premiazko lana da, hemendik bost urtera
informatzaile gutxiago izango
ditugulako.
|