Imanol Uria
Imanol Uria
Maider Zendoia
Imanol Uriak antzinako autoen bilduma dauka etxean. Munduko txoko desberdinetan erositako kotxe zaharrak etxean egokitzen ditu makina bat lan eginda.
Noiz hasi zinen Azpeitiko kaleak garbitzen?
1984an hasi nintzen udaletxean lanean, eta bi urtera ekin nion kaleak garbitzeari. Beraz, 21 urte daramatzat lan honetan.
Hasi zineneko eta gaur egungo egoera desberdinak al dira?
Orain hogei urte kalean zakar gehiago egoten zen. Garai batean, jendeak ostiral gauetan irteten zuen kalera eta, ondorioz, larunbat goizetan zakar asko pilatzen zen. Gero gau hori larunbatera pasatu zen. Hala ere, gaur egun igande goizetan ez da horrenbeste zikin egoten.
Festetan zikinkeriaren gorakada handia nabari al duzu?
Bai, baina horrek ere urteotan behera egin duela esango nuke.
Lan errutina asko aldatzen al duzue jai egunetan?
Lanegunetan hamar pertsona ibiltzen bagara lanean, festetan hogeitik gora aritzen gara.
Zuretzat zein da egutegiko egunik txarrena?
Karnabaletan lan asko egoten da, baina lan karga handiena saninazioetan izaten dugu.
Gauza bitxirik aurkitu al duzu?
Orain dela bi urte dirua eta agiriak zituen diru-zorroa aurkitu genuen. Poz handia eman genion jabeari. Dena dela, lehen aldean diru gutxi topatzen dugu orain lurrean.
Azpeitiarrak zikinak al gara?
Ez dakit bada zer esan! Denetariko jendea dago; orokorrean pixka bat hobetu da egoera, baina oraindik ere badago zer hobetu.
Kalearen ondoren, etxea txukuntzea tokatzen al zaizu?
Laguntzen dut, baina festetan pott eginda egoten naiz eta ez dut ezer asko egiten.
|