Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 29,  OSTIRELA

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urria »  Fedearen baraualdia

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Fedearen baraualdia

Maider Zendoia

Azpeitian bizi diren musulmanak Ramadanean daude. Egunak barau eginda eta gauak janez igaroko dituzte urriaren 12ra arte

Taliba Azaoum te berdea hartzen ageri da etxeko egongelan, Azpeitian.  
Korana leitzeko ohitura du Ramadanean. Argazkian, Azaoum egongelan.  
Taliba Azaoumek Enparan kaleko mintzategian egiten du lan.  

Azpeitian bizi diren musulmanak Ramadana egiten ari dira irailaren 13az geroztik. Musulmanek ilargiaren araberako egutegia dute eta bederatzigarren hilabeteari deitzen diote Ramadan. Garai honetan egiten duten hogeita hamar eguneko baraualdia izendatzeko izen bera erabiltzen dute. Ramadana oso hilabete berezia da musulmanentzat, baraua egiteaz gain gogoeta garaia abiatzen dutelako. Eguzkia irtetean jan eta edateari utzi, eta eguzkia berriz ere sartzen den arte ez dute mokadurik probatzen.

Taliba Azaoum (Tanger, Maroko) 2004ko urriaren 29an iritsi zen Azpeitira. Hamazazpi urte zituen orduan eta, hasieran, herrira moldatzea kostatu egin zitzaiola aitortzen du. “Jendea, klima eta hizkuntza guztiz desberdinak ziren. Gainera, ez nuen herriko inor ezagutzen eta horrek asko eragin zidan”. Pixkanaka herrira moldatzen joan zela dio eta dagoeneko herriko bizimodura ohituta dagoela. Enparan kaleko mintzalekuan egiten du lan eta jaioterritik urrun ekin dio Ramadanari.

Irailaren 13an hasi eta urriaren 12an bukatuko da aurtengo Ramadana. “Ilargiaren araberako egutegia —musulmanena—, eguzkiaren araberako egutegia —gregoriotarra— baino 11 edo 12 egun motzagoa da. Beraz, urtetik urtera aldatu egiten da baraualdia abiatzeko data”, azaldu du Azaoumek. Hogeita hamar eguneko baraualdia egiteko, aurrez aldetik ez duela prestaketa berezirik egiten aipatu du. “Lehen egunetan kostatu egiten zait barau egitea, egarria eta gosea izaten ditudalako, baina bost bat egunera gorputza ohituta izaten dut”. Sakrifizioak alde batera utzita, Ramadan garaian “oso gustura” sentitzen da. “Zeharo hilabete berezia da guretzat. Ramadana iristeko irrikatan egoten naiz”. Azaoumek arrazoi bat baino gehiago ditu Ramadana egiteko. “Alde batetik, geure erlijioak hala agintzen duelako eta, bestetik, geure gorputzarentzat oso ona delako”.

Garai honetan musulmanek ezin dute ezer jan edo edan egunez. Orduak zehaztuta dituen taula batek agintzen die egun bakoitzean noiz hasi behar duten horretan (egunetik egunera aldatzen da ordua). “Demagun 20:17ean jan behar dudala gaur; ordu horretan harira —Marokoko sopa tradizionala—, Marokoko gozoak eta datilak jaten ditut. Ondoren, errezatu egiten dut eta ordubetera-edo afaldu”. Egunotan prestatzen dituzten jakiak balio kaloriko handikoak izaten dira, gauean jandako jakiek emandako energiarekin egiten baitiote aurre eguneko baraualdiari.

4salbuespenak. Ramadanean baraualdia hausteko aukera dute haurrek, gaixoek, bidaiariek eta hilerokoarekin dauden emakumeek. “Hilerokoa etortzen zaidanean, baraualdia hautsi ahal izango dut baina, Ramadana amaitzean, huts egindako egunak errekuperatu beharko ditut”. Hala egin beharko dute gaixoek eta bidaiariek ere.

Taliba Azaoumek Azpeitiko bizimoduko baldintzetara egokitu behar izan du Ramadana. “Lanetik gaueko hamarretan ateratzen naiz eta, ondorioz, taulako orduak ezin izaten ditut behar bezala bete. Dena dela, Jaungoikoak badaki zergatik den, eta ahal dudanean betetzen badut nire eginbeharra, hori nahikoa da”. Egunean zehar egin beharreko errezoekin ere antzeko zerbait gertatzen zaio. “Egunean bost aldiz errezatu behar izaten dugu. Sarritan lanean harrapatzen nau errezatzeko orduak; beraz, etxera iritsitakoan errezatzen ditut errezo denak batera”.

Goizeko lehen errezorako esnatzea da gehien kostatzen zaion egitekoa. “Goizean goizeko errezoa, errezo guztien arteko onena da. Ahal dudanean jaikitzen naiz, baina nire gurasoak eta Marokon bizi den ahizpa egunero esnatzen dira lehen errezorako”.

Musulmanek alqibla —eguzkia ateratzen den puntua— izeneko gunera begira errezatzen dute. “Musulman batek etxea erostean, alqibla non dagoen zehaztea izaten da lehendabizi egiten duen gauza”. Azaoumek logelan duen leihora begira errezatzen du. “Emakumezkook ia beti bakarka errezatzen dugu, gizonezkoek taldean, mezkitan; nire anaiek eta aitak, adibidez, eguneko azken errezoa Azkoitiko mezkitan errezatzen dute”.

Festa eguna. Ramadana bukatuko den egunean —urriaren 12an—, Ad al Fitr izeneko festa ospatuko dute. “Marokon bi edo hiru eguneko festa izaten da. Jende asko ateratzen da kalera eta familiartean jatordu gozoak eginda ospatzen dugu”. Taliba Azaoumek faltan botatzen du egun horretan Tangerren izatea. “Azpeitian bizi den beste familia marokoar batekin ospatzen dugu, baina ez da gauza bera”. Izan ere, Azaoumek desberdin bizi izan ditu jaioterrian eta Azpeitian egindako Ramadanak. “Han uneoro konturatzen zara Ramadana dela, baina hemen etxera iristen naizenean soilik ohartzen naiz. Normala da, hango ohitura baita, baina batzuetan faltan botatzen dut egun horietan Tangerren bizi genuen giroa”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak