Yera Ortiz de Urbina
Maider Zendoia
Yera Ortiz de Urbina: "Mundua ikusteko gogoak eta kuriositateak bultzatu ninduten diplomaziara"
|
|
Yera Ortiz de Urbina diplomazialaria da 2001 urteaz geroztik. Bere lanbideak munduko txoko askora eraman du. Argazkian, Jerusalemen ageri da. Jordanian zegoela sarritan joan zen hara ordezkaritzei laguntzera.
|
|
|
|
Yera Ortiz de Urbinak lehen misioa diplomazialari gisa Jordanian egin zuen (2004-2006). Han zegoela, Meritu Zibilaren Gurutzearekin saritu zuten.
|
|
|
|
Iraken zegoela (2006-2007), argazkian ageri diren zakurrak adoptatu zituen. Aisialdian ere soinean eraman behar izaten zuen balen kontrako txalekoa.
|
|
|
|
Pilar Astigarraga, sor Pilar.
|
|
Yera Ortiz de Urbina (Tarragona, 1976) diplomazialariak Azpeitian pasatu zuen haurtzaroa. Jordanian eta Iraken lanean aritu ondoren, New Yorken harrapatu dugu.
Noiz iritsi zinen Azpeitira?
1976an. Hiru urte nituen orduan.
Zein izan zen lehen inpresioa?
Oso txikia nintzen Azpeitira iritsi nintzenean; beraz, artean ez nuen mundu gehiegi ezagutzeko aukerarik izan. Ez dut lehen inpresio berezirik gogoratzen. Dena dela, garai hartako ia oroitzapen guztiak onak dira.
Zenbat urtean bizi izan zinen Azpeitian?
Hamar urtean, 1976tik 1986ra arte.
Zer oroitzapen dituzu Azpeitian bizitako urteez?
Lehen esan bezala, Azpeitiari lotutako oroitzapen guztiak oso onak dira. Zeharo haurtzaro zoriontsua pasatu nuen, kaleko bizitza asko egiten genuen. Oso modu berezian gogoratzen ditut Milagrosa eskolan igarotako urteak; sor Pilarrekin bizitzako uneak, bereziki. Oroitzapen asko ditut urte haiez: saskibaloi taldean igarotako uneak, ni bizi nintzen auzoa (Agirre auzunea), parrokirako igandeetako paseoak, lagunen baserrietarako irteerak, kaleko jolasak, bizikletako irteerak eta herriko ingurunera egindako ibilaldiak... Bizimodu guztia naturarekin harremanetan egiten genuen, mendi inguruan.
Zer iritzi duzu azpeitiarrez?
Oro har, Azpeitiko jendea adeitsua, maitekorra eta eskuzabala dela iruditzen zait.
Garai hartatik zer botatzen duzu faltan?
Ia denok haurtzarotik faltan botatzen duguna: ardurarik ez izatea, gardentasuna, guztiarekiko ilusioa eta lagunartea. Zehazki, egun guztian zehar aire librean jolasten aritzea gozamena zela oroitzen dut. Herrian bizitzea eta mendia gertu izatea ere asko gustatzen zitzaidan. Eskolan ere oso ondo pasatu nuen. Han antolatzen zituzten ekitaldietan parte hartzea atsegin nuen: Soreasura joaten ginen abestera gabonetan, ibilaldiak antolatzen genituen Loiolara…
Gaur egun, Azpeitiarekin harremanik ba al duzu?
Gustatuko litzaidake baina, lagun batzuek kontatutako albisteez gain, ez dut harreman handirik herriarekin.
Hemendik nora joan zinen bizitzera?
Zarautzera. 1986an.
Zergatik erabaki zenuen Zientzia Politikoak ikastea?
Historia eta Zuzenbidea nituen gustuko. Egia esan, letretako ikasgai guztiak atsegin nituen eta asko kostatu zitzaidan ikasi beharreko karrera aukeratzea. Denboraldi batean Kazetaritza ikastea ere pentsatu nuen, baina azkenean Zientzia Politikoak ikastea erabaki nuen, jorratzen dituen arlo guztiengatik.
Karrera bukatu ondoren, nola murgildu zinen mundu profesionalean?
Karrera bukatzean, Brujasen (Belgika) Europako Kolegioan ikasteko beka eman zidan Espainiako Kanpo Harremanetarako Ministerioak. Lanean ere aritu nintzen denboraldi batean, baina diplomazia karrerako oposizioetara aurkeztea erabaki nuen azkenik.
Zein erakunde eta enpresentzat egin duzun lan?
Praktikak egin nituen epe labur batean, eta gero, Europako Batzordean aritu nintzen lanean bi urtean. 2001ean, Espainiako Kanpo Harremanetarako Ministerioan hasi nuen karrera diplomatikoa. Harrezkero, Madrilen, Ammanen (Jordania) eta Bagdaden egon naiz. Orain, Espainiak Nazio Batuen Erakundearen aurrean duen misioan lan egingo dut.
Betitik izan al duzu argi diplomaziara dedikatu nahi zenuela?
Diplomaziara dedikatzeak suposatzen duen bizimodua Batxilergo Bateratu Balioaniztuna ikastenn ari nintzela hasi zitzaidan interesatzen. Mundua ikusteko gogoak eta kuriositateak, hizkuntzak ikasteko nahiak eta nazioarteko harremanekiko interesak bultzatu ninduten erabakia hartzera.
Aukera horretatik zerk erakartzen zintuen gehien?
Batik bat, mundua ikusteko gogoak eta kuriositateak. Nahiz eta kostu pertsonal handiko lanbidea izan, era guztietako funtzioak bete eta jende interesgarri asko ezagutzen da. Oso zaila da lanbide honetan aspertzea.
Zer da diplomazialari baten egitekoa?
Postuaren arabera aldatu egiten da egitekoa: kontsul funtzioak (atzerrian dauden espainiarrei laguntza eskaintzea, esaterako), ordezkaritzakoak edota garapenerako kooperazioko lanak egin ditzakezu.
Noiz eta nola iritsi zinen Espainiako Kanpo Harremanetarako Ministerioan lan egitera?
Bi urtean Bruselan lan egin ondoren, Madrilera joan nintzen ministeritzan sartzeko oposizioak prestatzera. Handik bi urtera gainditu nituen probak, 2001ean, eta horrela sartu nintzen.
Irakeko inbasioaren atarikoak nola gogoratzen dituzu?
Mugimendu handiko garaia izan zen alderdi desberdinetatik begiratuta. Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Batzordeko kideak ginen eta. Ondorioz, gure egitekoa garrantzitsua zen. Irailaren 11ko atentatuen eragina nabarmena zen giroan eta, oro har, terrorismoarekiko beldurra areagotu egin zen. Hori guztia gertutik bizitzeak asko erakutsi zidan.
Lehen misioa Jordania izan zen. Zer zen zure egitekoa?
Afer kontsularrez arduratzen nintzen, batik bat. Dena dela, enbaxadetan ohikoa izaten den bezala, azkenean denetik egiten bukatu nuen. Beraz, gai politikoak, protokolokoak eta kontsularrak (bisak, espainiarrak babestu, aberriratzeak eta abar) jorratu nituen.
Zer esanahi du 2006ko irailaren 1ak zure bizitzan?
Egun horretan iritsi nintzen Bagdadera eta askorako eman duen urtebetea abiatu zen orduan. 2005eko azaroan egonda nengoen Iraken ordezkapen bat egiten; beraz, ez zen han egoten nintzen lehen aldia. Hala ere, zalantza eta bertigo berarekin egin nion aurre esperientzia berriari.
Zergatik aurkeztu zinen boluntario hain misio arriskutsurako?
Lehen esan bezala, aurretik ere izanda nengoen Iraken. Gainera, hasieratik jarraitu dut Irakeko gatazka, bai Madrilen nengoela eta baita Ammanera joan nintzenean ere. Beraz, interes profesionala, kuriositatea, erronka berri bati aurre egiteko gogoa eta neure egoera pertsonala batu ziren.
Nola deskribatuko zenituzke Iraken pasatutako hamahiru hilabeteak?
Askorako eman duen denboraldia izan da. Esperientzia samingarriak bizi izan ditut: tentsioa, urduritasuna eta giza harremanen inguruko tirabirak. Gizakiak barruan daraman txarrena –izua, indarkeria eta ezegonkortasuna— eta onena –sakrifikatzeko ahalmena, leialtasuna eta ausardia— ezagutu ditut. Egia esan, esperientzia horrek heldutasuna eman dit.
Zuk esana da: “Ez dut uste Iraken bezain baliagarria sentitzera iritsiko naizenik inoiz”. Hango egonaldia mugarria izan al da zure ibilbidean?
Zalantzarik gabe. Munduaz neukan perspektiba zeharo aldatu zait. Benetako garrantzia duenaren inguruan pentsarazi dit. Izan ere, egundoko zorte ona dugu bakean dagoen gune batean jaio, hainbeste aukera eskura izan eta bizitzeko hain baldintza onak izateagatik. Hori guztia baloratu eta babestearen garrantziaz ohartu naiz.
Orain New Yorken bizitzen hasi zara. Zure hurrengo misioa Nazio Batuen Erakundea izango da. Zerk erakartzen zaitu hastear dagoen aro berritik?
Alde batetik, Nazio Batuetako unibertsoa ezagutzeko gogoa daukat: nola hartzen dituzten alde askotariko erabakiak… Bestalde, jakina, New York bera eta Ameriketako Estatu Batuak ezagutu nahi ditut.
Gainditu gabeko irakasgairik ba al duzu etorkizunera begira?
Bat baino gehiago ditut baina, lanbideari dagokionez, ez dut helburu zehatzik. Dena dela, oraindik leku asko ezagutzea gustatuko litzaidake. Bagdad erronka izan zen bere garaian, eta New York ere hala izango da, beste modu batera. Hortaz, lasaitasunarekin hartu dut.
Ikasle berezia
Pilar Astigarraga —sor Pilar— Yera Ortiz de Urbinaren irakaslea izan zen Milagrosa ikastetxean. “Hura txikitatik nabarmendu zen”
Yera Ortiz de Urbina hiru urterekin etorri zen Azpeitira bizitzera. Milagrosa Ikastetxean ikasi zuen hamahiru urtera arte. Hantxe ezagutu zuen Pilar Astigarraga –sor Pilar— (Errezil) andereńoa eta oso harreman bereziari ekin zioten. Azpeitian izandako haurtzaroaz galdetzean, Ortiz de Urbinak sor Pilar aipatzen du. Honek, berriz, izandako ikasleen artean leku berezia eskaintzen dio hari.
“Benetan neska azkarra eta abila zen”, dio Milagrosako andereńo ohiak. “Oraindik gogoan dut gure artean izandako neskato hura; inguruan gertatzen zen guztiaz jabetzen zen”.
Garai hartan, irakasteko mo-dua gaurkoaren desberdina zela dio mojak. “Hiru eta lau urteko haurrek gela berean ikasten zuten, baina ikasgai desberdinak erakusten genizkien”. Ortiz de Urbinak orduan hiru urte zituen eta bere adineko haurrek baino azkarrago ikasi zuen irakurtzen. “Bazkaltzen ari ginela hark ozpin botila hartu eta ‘bi-na-gre’ [ozpin] ahoskatu zuen. Geure artean eztabaidatu genuen ea irakurtzen bazekien edota produktua identifikatu zuelako ahoskatu zuen izena. Azkenean, irakurtzen zekiela konturatu ginen. Nik uste gela berean zeuden lau urteko haurrei ematen genien klasea tentuz jarraitzen aritzen zela”.
Pasadizo hura gogoratzean barre txikiak irteten dio mojari. “Nik banekien neska hura oso berezia zela. Ez nau batere harritzen haren ibilbideak”.
|