Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abuztuek 30,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urria »  Ibaiaren egoera onera

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Ibaiaren egoera onera

Ane Aranburu

Badiolegin araztegia jarri zutenetik, Urola ibaiko urek onera egin dute eta poliki-poliki ekosistema hobetuz doa

 

Duela hamasei urte jarri zuten Azkoitiko, Azpeitiko eta Zestoako urak jasotzeko Badiolegin araztegia, Lasaon. Ordutik, Urola ibaiaren uren kalitateak onera egin du eta, poliki bada ere, “ekosistema berreskuratzen” ari dela diote araztegiko arduradunek. Ibaietara egindako isurketen gaineko kontrola izan daiteke hobekuntza horren eragileetako bat. Jose Antonio Martinez da Gipuzkoako Urak enpresan Isurketa kontroleko bulegoko arduraduna eta ibaien ur kalitatea hobetzeko egiten du lan. Ur hornidura eta saneamenduaz arduratzen dira batez ere, uren azterketak eskumen ezberdinetan banatuta baitaude. Hala, Eusko Jaurlaritzak aztertzen ditu ibaiak eta errekak, eta Gipuzkoako Foru Aldundiarena da, esaterako, ibaietako fauna eta flora edota uren kalitatea aztertzearen eskumena. Azterketaz azterketa, Urola ibaiaren urak “kalitate onekoak” direla uste du Martinezek.

Badiolegiko araztegia jartzeaz batera ekin zioten saneamendu egitasmoei. Enpresekin harremanetan jarri eta horiek ibaira egiten dituzten isurketak kontrolatzen hasi ziren. Kolektoreak jarri zituzten herrian, eta tailerretako eta etxeetako ur zikinak horietara bideratu, araztegian garbitzeko gero. Gaur egun ere, mekanismo horrekin jarraitzen dute.

Baldintzak. Enpresetako isurketak arautzen dituen legediak derrigortu egiten ditu lantokiak euren urak errekara isurtzeko baimenak lortzera. Tailer bakoitzak saneamendurako baimena izateko, beste elementu batzuen artean, beharrezkoa du kontrolerako kutxeta edukitzea. Kutxeta horietan laginak ateratzen dituzte eta, ondoren, laborategian aztertzen dituzte. Laginak gainditzen dituen enpresari abisua ematen diote lehendabizi, eta arazoa konpontzen ez badu isuna jartzen diote.

Enpresetako ur beltzekin arazorik ez dagoela adierazi du Martinezek. “Hala ere, ur beltzez gain, ur industriala ere edukitzen dute eta ur horiekin sortzen dira arazoak”. Izan ere, ur horiek tratamendu bereziak behar izaten dituzte errekara isuri aurretik.

Kutsadura gehien sortzen duten tailerrak, gain azaleko tratamenduak egiten dituztenak izan ohi direla dio. “Produktu toxiko asko dute, ur kantitate handiak erabiltzen dituzte eta langile gutxi izaten dira normalean. Enpresa handiek, berriz, langile gehiago dituzte eta horretara arduratuko den norbait ere bai batzuetan”.

Herriko urak. Dena dela, enpresak ez dira kutsadura sortzaile bakarrak. Martinezen arabera, kutsadura gehien herriko urek sortzen dute. Azpeitian hiru milioi litro ur erabiltzen dira egunero etxeetan. “Ur zikinen hamar litroetatik zortzi gutxi gora behera, etxeetako urak izaten dira, eta hori asko da herri batean. Izan ere, errekatik hori guztia kentzea egundoko hobekuntza da errekarentzat”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak