Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko irailek 6,  ZAPATUE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urria »  Larre itxi dute

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Larre itxi dute

Enekoitz Esnaola

Ekainaren 29an itxi zuten Larre putetxea. 27 urtean egon da irekita. Txabela izan da urte horiek denak lanean pasatu dituen prostituta bakarra

Baserri honek hartu du Larre putetxea 27 urtean. Argazkian bertan, montajea eginda, prostituta bat.  

Txabela esaten diote eta argentinarra da. Ez du eman nahi izen-abizenik. “Badaezpada”, dio. Ez eta zenbat urte dituen ere. “Nire sekretuetako bat baita...”. Baditu urte batzuk; izan ere, orain dela 27 urte etorri zen Azpeitira. Larreko putetxean egon da harrezkero lanean prostituta. Joan den ekainaren 29ra arte. Orduan itxi zuten Larre, eraikinaren jabearen eta putetxeko nagusien desadostasunak tar-teko.

Txabelak baino ez ditu pasatu 27 urte horiek Larren prostituta bezala lanean. “Oso gaztea nintzela lagun batek eta biok Argentinatik irtetea erabaki genuen, probatzeko. Han ez zegoen etorkizunik. Bilbora joan ginen lehendabizi, eta lan honetan hasi ginen. Hondartza Zumaiako putetxeko nagusiak ezagutu nituen han [itxi zuten putetxe hura], eta Zarautzen bizi izan nintzen, alokairuan, etxe txiki batean. Handik, Azkoitira, Hontzara [putetxe hori ere itxi zuten]. Sebastian Benitez eta haren lagun bat etorri ziren halako batean Hontzara —ezin dut gizon haren izenik esan—, eta Sebastianek Azpeitian putetxea irekitzeko interesa azaldu zidan. Neuk eman nizkion aholku batzuk, hark ez zuelako arrastorik. Nonbait, diru pixka bat behar zuen Sebastianek, eta abokatuak esan zion mundu honetan sartuz gero aterako zuela sosik”.

Sanjuandegi auzoko taberna batean saiatu zen nolabaiteko putetxea zabaltzen Benitez zena: Izaron. Han zen Txabela. Baina Poliziak ez zien utzi han negozioa jartzen. “Oso bistan zegoen hura”, dio Txabelak. Larrera gero, 1980an, baserri batera, ‘ezkutura’. Aurten arte.

Argentinara dirua. Seme bat bazeukan ordurako Txabelak, urtebetekoa. Bikotekiderik ez. Familia Argentinan utzi arren —haurra, tartean; gaur egun Azpeitian bizi da—, ez zuen ahaztu, urte hauetan guztietan makina bat aldiz joan delako hara, eta ekonomikoki ere lagundu izan duelako. “Han gaur egun ere ez dago etorkizunik”. Etxekoek bazekiten zertan zebilen lanean.

Larren hasiera hartan prostituta bi argentinar egon zirela gogoratzen du, “eta Santanderko [Espainia] batzuk ere bai. Handik taxian etortzen ziren Azpeitira aste bukaeratan! Hala ere, aste batzuetan hemen gelditzen ziren”.

Jo eta ke egiten zuen lan Txabelak, “egunero”. Bukaera aldera utzi zion halako troteari, aste bukaerarako utzi zuelako lana. “Gogorra izan al den? Ez. Neure amistadeak nituen, nire laguntxoak, bezero batzuk baztertu ere egin ditzakezu, eta, ondo portatzen bazara, ez duzu arazorik izaten. Pentsa, 27 urtean prostituta aritzeko eta, gainera, toki berean... Estimatzen ninduten”.

“Gainera, ondo irabazten da”. Ez du behin ere lan kontraturik izan, euren lanpostua ez dagoelako legeztatua. Erretirorik ez du kobratuko. Irabazitakoa, gastatu ez ezik, gorde egin duela dio. “Larren uste dut tabernariak eta beste batek baino ez zeukatela kontratua. Prostituta batzuk egunean zehar etxeetan-eta garbitzaile aritzen ziren, horrela kontratua izateko behintzat. Ez, prostituton lan hau ez dute behin ere legeztatuko. Ez zaie komeni askori, mundu honetan diru asko mugitzen da-eta”.

Sosekin erlazionatuta du gogoan noiz hil zitzaien jabea, Sebastian Benitez. “Euroa sartu baino aste gutxi batzuk lehenago hil zen, 2001eko abenduan.

Harekin ez genuen arazorik izan kobratzean —egunaren bukaeran—, pezetarekin ondo konpontzen ginelako. Euroa sartu zenean, aldiz... Haiek komeriak hasieran, pezetatan kobratzen genuena eurotan ematean zentimoak-eta zeudelako zirelako”.

Jende asko ezagutu izan du Larren. Baina ez du nahi zera egin eta dirurik gabe ote zen norbait, edo zerako unean etxeko arazoak kontatzen ote zizkion gizonezkoren batek... “Oso diskretoa naiz, halakoa izan behar dugulako guk. Gure laneko arauetako bat da. Bestela, halako bezero haserretu egingo zaizu kanpoan halako istorio entzuten badu. Badaki zuk kontatu duzula. Ni atetik barrura Txabela naiz, atetik kanpora ez dut ezagutzen barrukorik”.

Onena, euskalduna. Denetik izan du bezero, eta badu faboritorik. “Bertakoa, euskalduna. Dirua uzten duelako. Trago bat ateratzen dizu, jatorra da... Hori ez dut esaten nik bakarrik, beste neskek ere badiote. Azkeneko boladan mutil gazte portugaldar batzuk-eta izan dira, baina hauek diru gutxi uzten dute”. 29-30 prostituta zebiltzan azkenaldian Larren, “haietako asko brasildar neska gazteak ziren, eta bezero gazteak ugaritu egin ziren hala”.

Euren bezeroak baino jende gehiago izaten ziren Larren bestela. Hara joaten ziren asko, “trago bat hartzera-eta zihoazen, besterik gabe”, Txabelak dioenez, “putetxera joateak ez duelako esan nahi prostituta batekin egotera zoazenik”.

Orain, Larre itxita dela, lanik gabe geratu da Txabela. “Zaharrenak geratu gara langabezian”. Hemen inguruan beste putetxe bat noiz irekiko ote daude? “Ikusi egin behar. Azpeitia-Azkoitia inguruan, behintzat, putetxe baten beharra badago. Eta ez dut esaten gugatik, bezeroengatik baizik”. Beste nonbaitera joateko asmorik ez dauka berak. “Izan ere, putetxe batzuetan bizitzeko jabeek egunean 60 euroko pentsioa kentzen dizute. Larren batere ez”.

Txabela Azpeitiko etxe batean bizi izan zen urteetan. Gaur egun Azkoitian. Eta gure artean dagoenetik, kalean (ere) batik bat bertako jendearekin eduki du harremana, “euskalduna jende ona” delako. Behin ere ez zaio gustatu izan argentinarrekin hartu-emana izatea, “handik irteten duena beti zerbaiten bila dabilelako”.

Orain dela urte batzuk Azpeitian denda txiki bat irekitzeko asmoa izan zuen. Ez zuen lortu. “Igual saiatuko naiz berriz ere”.

Epaitegietan

Larre eraikinaren jabearen eta putetxeko nagusien arteko desadostasunengatik, afera duela sei urtetik epaitegietan dago. Horregatik dago itxita Larre orain. “Nik esango nuke behin-behinean dagoela itxita”, dio putetxearen jabeetako batek, Eugenio Benitezek. Sebastianen semea da hura, duela 27 urte han putetxea ireki zuenarena, eta 2001 bukaeratik Jose Ignacio anaia eta biak dira nagusiak. “Aita hil zenean ez genuen Larre ixterik nahi, familia zuten neska asko zeudelako”. Aita zenak han 21 urtean “gau eta egun lanean” jardun zuela dio Eugenio Benitezek. “Eta orduan eta gero Larreko neskek beti izan dituzte legezko paperak”.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak