Zer dio?
Zazpigarren edizioa dagoeneko
Aitor Bengoetxea (Triku Festie ekimeneko antolatzaileetakoa)
Aurtengoa zazpigarren Triku Festie izango dugu. Orain urte batzuk herriko musika taldeetako kideok musikarekiko genuen zaletasuna jendearekin konpartitzeko beharra sentitu genuen. Beharrari Triku Festie antolatuta erantzutea erabaki genuen.
Azken urteotan bilakaera nabarmena izan du egitasmoak. Urtero guztia berplanteatu eta hobetzen saiatzen gara. Hasierako urteetan kontzertu guztiak tabernetan edo udaletxe azpian antolatzen genituen. Gainera, musika taldeak herrikoak edota inguruko herrietakoak izaten ziren. 2004an, ordea, plazan karpa jartzen hasi ginen eta, pixkanaka-pixkanaka, Euskal Herritik kanpoko taldeak ere ekartzen hasi ginen. Gauzak horrela, urteroko antolaketaren taldeak markatu du bilakaera eta, gure iritziz, oso positiboa izan da. Izan ere, urtero zerbait hobetzeko gogoak mugiarazten gaitu.
Triku Festiek helburu garbi bat du: musikarekiko dugun grina eta interesa herritar guztiengana iristaraztea. Horretarako, herriko nahiz kanpoko taldeak nahastu eta sentsazioak partekatzen saiatzen gara. Oro har, jendearen erantzuna oso ona izan dela uste dugu; urtetik urtera hobea.
Egitasmoa aurrera ateratzeko orduan, zailtasunak ere izan ditugu. Izan ere, pertsona asko harrituta geratuko lirateke egitasmo guztia burutzeko izandako aurrekontu estua ikusiko balute.
Bestalde, ordutegien kontuarekin ere muga nabarmenak izan ditugu; ezin dugu edozein ordutan programatu. Ildo horretan, Azpeitiko kultur azpiegitura faltak ere bete-betean jotzen digu.
Aurrera begira, hainbat hobekuntza bururatu zaizkigu. Dena dela, oraingoz, etorkizuna aurtengo festa ondo egitean datza.
|