|
|
|
Postontzia
Sobresaliente/ Alien vs depredator
Kepa Urbieta eta Igor Aranbarri
Sobresaliente
Igor, maitea! Zer moduz pasatu dituk oporrak? Lanean aldean ederki, nik behintzat. Hori bai, biharamun latza uzten zidatek. Gogorra egiten zaidak oso lanerako itzulera. Hegalak moztuko balizkidate moduan sentitzen nauk. Harrapatuta. Azkenean, ohitu egiten haiz. Edo onartu beste aukerarik ez duk. Dagoena zagok eta kito, eta ez edukitzea baino hobea denik ezin ukatu. Lanak tarteka bisita egiten digunoi galdetu, bestela. Aurtengoa inoiz baino astunagoa izan duk, ordea. Literalki zioat, Igor.
Abuztuan herrian geratzekotan ninduan. Zerbaitean entretenitu behar eta kirola egingo nuela sinestarazi nioan neure buruari. Harro-harro lagunei bost kilo galduko nituela esatera iritsi ninduan. Serio-demonio sinestuta, gainera! Urte guztian, astean behin lagunarteko futbol partida bat jokatzearekin neure kiloei eutsi banien, hilabete guztian kirola eginda batzuk galduko nituela ondorioztatu nian. Logikoa duk, ezta? Ia-ia asmatu nian. Bost kiloren gora-beheran, hamar irabazi! Alegia, nire pisu idealean egoteko bost galdu behar nitian, baina galdu ez, baizik eta irabazi egin nituela! Hortaz, orain hamarrera nagoela. Baten moralari kolpe handia ematea duk hori. Besterik ez nian merezi.
Azkenengo bi asteetan kanpoan ibili nauk, patxada ederrean: jan, edan eta lo. Orain lanak. Doble, gainera. Lanean, eta hamar kilo gehiagorekin. Batzuek udara hasterako egiten ditek operacion bikini; nik, ordea, bukatutakoan egin behar.
Irailarekin batera hasi gaituk berriro futbol partidekin. Horrek kiloak galtzen lagunduko didatelakoan nagok. Hauxe lehenengo egunean eduki genuen elkarrizketa: “Kepa, ihertu ein haiz, pute hori!”, batek esana. Nik, jakina, nire egoera larriaren berri eman nioan, eta erantzuna: “Potoldu? Nun sartu dituk ba kiluek?”. Albotik besteak: “Hau jo ta jo ibili dek, txupa-txupa inda zeok!”. Horiek bai lagunak!
Alien vs. depredator
Aupa gizon! Ai, ai, ai...! Saihets azpi horietan alien bat irten zaik, beraz...; bizi propioa daukan izaki deserosoa. Sofara itsasten hauena, eskaileretan dinbili-danbala, alde batera eta bestera mugitzen dena, eta etxeko hozkailura behin eta berriz bultzatzen hauena, esertzean agertzen den dobladilloa alajaina! Jo eta jo baldin bahabil, gaitzerdi! Baina beti azpian, ala?
Alienak ia ezertarako gogo gabe uzten hau. Orain
ispilura begiratzen duanean, betiko tripa sartzea ez duk nahikoa izaten, hor jarraitzen dik tripa koxkorrak.
Orduan iraileko promesen fasea hasten duk, politikoak legez, hartu beharreko neurriak zabaltzen ditiagu lau haizetara. Kiroldegian zerbaitean izena eman, tarteetako mokaduei agur esan, eta denbora gutxian aliena deuseztatuko dugula sinesten diagu.
Bai, ondo ezagutzen diat hire jarduna. Abuztuan, gosaltzen dudan tabernako lagunari honelaxe esan nioan: agur nire goizetako kafesne eta pintxoei, hemendik aurrera infusioa! Gainera, bizikleta estatikoa erosi nian, eta irailean spining-ean eta igerian hasi nauk. Spining hau mundiala duk! Behatzak beratzerainoko izerdi jarioa ateratzen duk eta izerdi putzuak kontzientzia garbi uzten zidak. Beraz, goizetako kafesnera bueltatu nauk, eta, gainera, kura-sana-rekin, a zer plazerra goizetakoa!
Etxeko bizikleta arropak zintzilikatzeko tresna bihurtu duk, eta hozkailura lasai luzatzen diat eskua. Bai!, bazakiat azkenean gizentzen bukatuko dudala. Baina ederra duk gero gustura bizitzea, ezta? Eta aliena, ba, lagun egin dezakek, mimo batzuk egin, izen bat jarri... Izan ere, bi eguneko kontua baldin bada gure bizi
hau, ez ditiagu ba goseak pasatuko!
Gainera, beti zeukaat amona orain ere flakatu naizela esateko... Ez haut konbentzitu, ezta? Neure burua ere ez... Alienarekin gerran jarraitu beharko.
|