Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urria »  Iritzia »  Denbora

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Libre

Denbora

Jon Larrañaga

Orain gutxi entzun dut oso entretenigarria eta dibertigarria den ETB1eko saio batean Albert Einsteinek nola azaldu zuen erlatibitatearen teoria. “Gustuko duzun gizon edo emakumearen ondoan jarri ordubetez eta minutu bat pasatu dela pentsatuko duzu; jarri aldiz berogailu baten gainean minutu batez eta ordubete igaro duzula pentsatuko duzu”. Badakit ez dudala ezer deskubritu (hori Einsteinek egin zuen), baina goiko afirmazioa egia biribila dela ezin ukatu.

Maitasuna, gorrotoa, dirua... omen dira mundua mugitzen dutenak. Nik, ordea, denok denboraren menpe bizi garela pentsatzen dut eta denborak mugitzen duela gure bizitza. Ez dugun denborak, alferrik galdu dugun denborak, etorriko den denborak edo garai hobe horren zain egoteak gure bizitza baldintzatzen du. Baldintzatu onerako eta txarrerako, askotan aitzakia galanta ere bihurtzen zaigulako ditxosozko denbora.

Denbora urrea dela diote, baina nire lagun batek zehaztasun bat egiten du: urrea balio duena ez da denbora, denbora librea baizik! Eta ez zaio arrazoirik falta!

Bai ezberdina dela denbora norberak administratzea edo besteen menpe egotea, ezta? Fabrika sarreretan edo lantoki sarreretan dauden fitxatzeko makinatxoek ahalmen ikaragarria dute ordubete arratsalde oso bihurtzeko. Eta gero soldatan nabarituko balitz, gaitzerdi! Baina hori ere...

Denbora galtzea. Ez dut filosofiko edo traszendental jarri nahi eta esan beharra dut denbora galtzea ere oso erlatiboa dela. Batzuentzat denbora galtzea dena besteentzat ez da; alderantziz esango nuke gainera, plazerra izan ohi da. Aste gogor baten ostean etxean sartu eta sofan etzanda telebistako ‘arinkeriak’ ikustea denbora galtzea izan liteke, baina niretzat batzuetan beharrezkoa da. Hondartzan hankaz gora erdi lo egotea ere denbora galtze eder eta bikaintzat dut. Lagunekin taberna bateko terrazan gau osoa mundua konpontzen pasatzea ere ‘behar’ horietan sartuko nuke.

Beste muturrean, aldiz (denbora galtzearen aldean), egun guztia negarrez eta kexatzen egotea, besteengatik gaizki esaka jardutea eta mundu osoarekin haserre egotea aipatuko nituzke. Askotan, gehiegitan, gure artean kirol olinpiar bihurtu ditugun kontuak, gainera.

Agurra. Hori guztia zertara datorren galdetuko duzue askok (hau irakurtzeko denbora eta beta hartu duzuenok, behintzat). Ba, gaur agur esatea tokatzen zaidalako. Badirudi nire denborak Uztarrian bere bukaera hauxe duela, je, je, je… Hitz eta ahots berriak datoz eta niri agur esatea tokatzen zait. Gainera, denboraren kontua oso ondo datorkit nire lagun askori barkamena eskatzeko eta, era berean, nire burua lasaitzeko. Lana eta denbora askotan, gehiegitan, ingurukoak alde batera uzteko eta ahazteko erabiltzen dugulako.

Gauzak errepikatu egiten dira, eta nola, gainera! Lehen artikuluaren aurrean izan nuen beldur bera sentitzen dut azkenengo hau idazten ari naizela. Hasieran, ez nekien zeri buruz idatzi eta orain amaieran, ez dakit kontatu nahi nuen guztia kontatu dudan eta kontatu dudana ondo kontatu dudan... Ez dakit tarte hau denbora galtzea izan den zuentzat. Niretzat ,terapeutikoa izateaz gain, esperientzia polita izan da, nahiz eta batzuetan denbora faltak (ez da aitzakia) puntu estresantea ere eman dion bi hileroko hitzordu honi.

Badut, hala ere, denbora ondo aprobetxatu ez izanaren sentsazioa. Gauza interesgarriak esan beharrean nire buruhauste aldrebesak irakurri behar izan dituzuenaren sentsazioa; herrian gertatu dena edo gertatzen ari dena, batik bat, azken aldian hartu duen norabidearekin eta esateko dagoen guztiarekin... Baina, bueno... Ferminek esango lukeen bezala, “horrelakoa da bizitza”.

Agur esan aurretik, ordea, nire bizilagunak aipatu nahi ditut. Niretzat plazerra izan da, nahiz eta ez ezagutu pertsonalki, Olatzekin orri hau konpartitzea eta, besteak beste, Koldo (hori bai, hori ezaguna dut) aurreko orrialdean hain erne, zorrotz eta kritiko irakurtzea. Ez dezagun denbora gehiagorik alferrik galdu eta ea azkar pasatzen den hilabetea berriro nire buzoian Uztarriako eta herriko berri izaten jarrai dezagun. Aio!

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak