Uztarria.com, Azpeitiko ataiye 2008ko abenduek 2,  ASTEARTIE

Hemen zaude: Azpeitiko ataiye »  Aldizkaria »  2007 »  Urria »  Iritzia »  Newarrak

 ALDIZKARIA

 ORRI HAU...

 

Enbido

Newarrak

Koldo Aldadur

Nepalgo bihotza da Katmandu eta han, Thamel auzoan bada Garuda izeneko hotel txiki eta goxo bat. Han ezagutu nuen Tsata, bertako langileetako bat. Ni bakarrik nengoen, eta hark berezkoa du lagunak egitea. Atzerritarrek eskuarki ezagutzen ez duten hiria erakutsiko zidala agindu zidan.

Hari esker ezagutu nuen irribarrea eta gosea besterik ez duten haientzat eraikitako eskola. Han ikusi nuen nola azaldu zieten gurasoei haur garbia ez zela derrigorrez haur gaixoa, eta guraso gehienek kasurik ez dietela egiten jakiteak harritu ninduen. Era berean, Tsatari esker jakin nuen mundu honetan newarrak ere badirela.

EMAKUMEAREN EGOERA. Azpikasta horretakoak zazpi milioi lagun inguru dira, eta Nepalen eta Indian daude sakabanatuta. Newarra jaiotzetik da azpikasta horretakoa. Neskatoek, beste edozein umek bezala, bizitzaren ikasgai nagusiak kalean ikasten dituzte, jolasean batzuetan eta borrokan beste askotan. Ibaira jaitsi eta behi sakratuei buztanetik tiraka gaur, eta elkarri zorriak kentzen bihar. Lehen hilekoa izaten duten arte. Bizitza erabat aldatzen zaie; beno, aldatzen diete. Sabelpeko lehen minarekin batera, beraiek baino askoz helduagoa den gizona aurkeztuko die aitak. Honekin batera, bikote berriek horretarako propio dituzten parkera hiru bidaia egingo dituzte, eta hirugarrenean, senarra izango dutenari hankak garbituko dizkio neskatoak. Segidan, eztaia, eta handik aurrera bizi osorako etxe barrura. Tsatak newarrak newar izateaz harro daudela esan zidanean hasi ziren eztabaidaren txinparta beroenak zeruratzen.

—Harro?

—Bai, harro. Haien bizitzak badu zentzurik. Amek eta amandreek egin zuten bizitza egiteko moduan dira: senarra ahal bezain ondo zaindu, mirestu, eta jainkoek nahi beste ume mundura ekarri hazteko.

Erabat haserretu baino lehen eman genuen amaitutzat berriketaldia, baina bi egun barru berriro han zen hortza-horixkak irribar zabalean galduta.

—Prestatu. Bazkaltzera joan behar dugu.

Tsatak lagun asko ditu, eta horietako bat neuwarra da. Haren etxera eraman ninduen. Iluna eta epela. Zorutik apenas altxatuta, mahai batean, arroza eta barazkiak, ogi eta azukre beltzak, belar errearen usaina, isilaldi luzeak jainkoen begirapean, eta zoko batean, goitik behera estalirik, Tsataren lagunaren emaztea.

—Ameriketako Estatu Batuetakoa da— bota zidan kolpetik, errespetuaren kristala mila zatitan apurtuz.

—Hogei urtetik gora zituela ezagutu zuen gaur senarra duena, eta badaki etxe honetatik ez dela irtengo hankak aurretik dituela ateratzen duten arte.

—Eta gaixorik jartzen bada? Edo damutzen bada?

—Berak erabaki du libre bizitza nola bizi; gu ez gara inor gure arrazoiak berearen gainetik jartzeko.

Urte asko dira Katmandun Garuda hotela utzi eta etxera itzuli nintzela baina, noizean behin, newar hura etortzen zait gogora. Eperra aurrean gaztainak saltzen ari ginela, etxeko zapatilekin lotsatuta eta bizipoza ardotan itotako emakumea hurbiltzean, urruti ez diren herrietako alardeez harro dauden herritar jatorrak aurkezten dizkidatenean, emakumeekiko erasoak adinik ez duela jakitean azaltzen dira ilunpeetako emakumea eta bere burua senarraren, ohituren eta sinismenen menpeko ikusi nahi izateko arrazoiak.

ASKATASUNAREN KOLOREA. Han eta hemen egoera ez da bera emakumeentzat. Katmandun beltza bada, hemen grisa da; edo nabarra, ez dakit. Baina askatasunak kolore bakarra du. Norberak aukera dezala zein margorekin koloreztatu nahi duen hain gozagarria izan beharko lukeen esperientzia.

Kuriosoa da. Emakume neuwarrek etxeko leihoetan zulotxo bat dute, eta diote zirrikitu hartatik ikus dezaketena bakarrik dagokiela ikustea. Errealitatearen zatitxoa. Agur.

uztarria.com: Uztarria Komunikazio Taldea
Perez Arregi 1 behea 20730 Azpeitia
Harremanetarako: formularioa, e-posta: uztarria[a bildua]uztarria.com telefonoa: 943150358
Babesleak: Azpeitiko Udala, Gipuzkoako Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza (Kultura)
Sareko Argia 2005 - Estatistikak

Uztarriak ez du bere gain hartzen webgunean adierazitako esanen eta iritzien erantzukizunik
Parte hartzeko arauak